Tolosako Udalbatza 'Euskaraldia' ekimenari atxiki da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/10/31 | Euskara eta Hezkuntza
  • Azken Osoko Bilkuran egin zuten atxikimendua Udalbatza osoaren argazki bat ateraz Euskaraldia leloarekin.

  • Bilkuran, Udaleko Giza Baliabideak Egonkortzeko programa, zezen plaza eta Gizarte Zerbitzuetako diru laguntzarako kreditu gehigarria, Tolosa eta Charleville Mézièresen arteko senidetzea, Tolosa Futbol Klubaren bulegoak eta Berazubiko frontoia zaharberritzeko hitzarmenaren berritzea eta Euskaltzaindiaren sorreraren 100. urteurreneko adierazpena izan ziren hizpide.

Udalak Ohizko Osoko Bilkura egin zuen atzo, asteartea, urriak 30. Jorratutako gaien artean nabarmentzekoa Udalbatzak bere osotasunean Euskaraldiari erakutsitako atxikimendua. Herritarrak gonbidatu zituzten euskararen erabilera sustatzen duen ekimenean parte hartu eta ahobizi edo belarriprest izatera azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Bestalde, Udaleko Giza Baliabideak Egonkortzeko programaren 1. faseari hasierako onarpena eman zitzaion. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu zuenez, lanpostuak egonkortzea du helburu nagusi, bitartekotasun edota interino tasa murriztuz, gaur egun %39aren bueltakoa: “Udalaren antolamendua egokitzeko aukerarekin, herriaren, zein herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei efizientziaz erantzuteko aukera eskainiko du. Administrazio publikoek -horien artean, udalek-, aldaketa garrantzitsuak jasan dituzte azkeneko urte hauetan. Tolosako udalaren kasuan, herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak gero eta zabalagoak dira. Udaleko estrukturen antolakuntza eta arrazionalizazioa ezinbesteko helburuak bihurtu dira. Prozesu honen barruan, Tolosako Udalak egun duen Giza Baliabideen plantila eta bere ezaugarriei buruzko hausnarketa bat egin ondoren, baliabide horiek antolatu eta egonkortasuna emateko pausoak eman behar dituela ondorioztatu da, beti ere indarreko legeriak ematen dituen tresnak erabiliaz, eta hark ezarritako mugak kontuan hartuz”. Alkateak azpimarratu zuen Udalaren aktibo “garrantzitsu” direla langileak: “enplegu Planak ahalbidetuko du, batetik, Udala garai berrietara egokitu, eta bestetik, kalitatezko enplegu publikoa eskaini eta egonkortzea”. Plangintza ordekari politikoen, langileen eta sindikatuen artean diseinatua izan da partaidetza prozesu baten bitartez. 3 OPE ezberdin izango dira, hiru urtetan: 2018, 2019 eta 2020. Orain adostuko dute lanpostu bakoitzaren deialdia noiz ateratzen den, “Udalaren jarduna zainduz eta oreka bilatuz”. Honetaz gain, Udal Gobernuak konpromezua hartu du, alkateak esan eran, udal langileen funtzioak, sailak eta organigrama aztertu eta 2019an postuen balorazioa egitearena.

2018/13 kreditu gehigarriari ere hasierako onarpena eman zitzaion. Guztira 772.358 eurotakoa izango da: Zezen plazako eraberritze obretarako 765.000 euro, zehazki lanen 3 faseari ekiteko, tendiduaren berritzea, eta Gizarte Zerbitzuen alorreko diru laguntzetarako 7.358 euro gehiago, Goyeneche Fundazioari zuzendua.

Tolosa eta Charleville Mézièresen (Frantzia) arteko senidetze hitzarmenari hasierako onarpena eman zitzaion ere. Txotxongiloak ziren orain arte elkar batzen zituena bi herriak. Charleville-Mézières hirian ospatzen da bi urtetik behin Munduko Txotxongilo Antzerki Jaialdia, Tolosa parte izan ohi delarik. Baina badira hilabeteak bi herriak beste lanketa batean murgilduta daudena: senidetze hitzarmen ofiziala landu dute. Azaroaren 16an sinatuko da Tolosan eta urtarrilean Frantzian. Udalak helburu du herri frantsesarekin industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzea. Proiektuan parte hartzen ari dira, Tolosako Udalarekin batera, Tolosaldea Garatzen Eskualdeko Garapen Agentzia, Tolomendi Landa Garapen Elkartea eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua.

Tolosa Futbol Klubaren bulegoak eta Berazubiko frontoia zaharberritzeko tramiteak burutu zituen Udalbatzak: Miguel Muñoa Fundazio Ongile Partikularraren Patronatua, Tolosa F.K. eta Tolosako Udalaren artean 2011an sinatutako lankidetza hitzarmenaren aldaketa onartu zen. Hitzarmen hori Tolosako Berazubi Estadioa 5 fasetan birgaitzeko sinatu zen. Orain, hitzarmenaren %80 beteta, oreka ekonomikoa bilatzeko eta epeak luzatzeko aldaketak txertatu dira, aipatutako bulegoak eraberritu eta frontoia birgaitu ahal izateko.

Euskararekin hasi eta amaitu. Tolosako udalak Adierazpen Instituzionala onartu zuen Euskaltzaindiaren sorreraren 100. urteurrenean. “Euskararen bidea prestatu eta gidaritzan, zein gure hizkuntza zaindu eta ikertzen egindako lana” aitortu zioten erakundeari.

Gai zerrendatik kanpo, 'Monarkiarik ez dugu nahi' mozioa ere onartu zen gehiengoz.

Dokumentazioa hemen irakurgai: https://bit.ly/2Js0YS0

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA