- Modalitate, maila eta ordutegien araberako aukera zabala izango da ikasturte honetan ere: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak, mintzataldeak…
- Matrikula Aitzol Udal Euskaltegian egin beharko da, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean.
Ikasturte berriari hasiera ematearekin batera zabaldu da Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian izena emateko epea. Irailaren 21a bitartean egin ahal izango da matrikula.
‘Euskara, bidaia harrigarria’ lelopean, goizean aurkeztu dute ikasturte berrirako eskaintza, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eta Ainara Arakama euskaltegiko zuzendariak. Biek ala biek azpimarratu dute euskarak “merezi duela eta ateak zabaltzen dituela”.
Hain zuzen, tolosar edota inguruko herrietako biztanle orori irekitako gunea da Aitzol Udal Euskaltegia, maila eta modalitate ezberdinetako ikastaroak eskaintzen baititu, norbere beharretara egokitu ahal izateko: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak, eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak, hizketarako gaitasuna lantzeko aukera ematen duten mintzataldeak...
Ordutegiari erreparatuta, astean 10, 8, 6 eta 5 orduko moduluak eskaintzen ditu, goizean goizetik iluntzera arte, aurrez aurre. Euskaltegira bertaratu ezin direnentzat autoikaskuntza egiteko aukera ere eskaintzen du.
Taldeak martxan jartzeko, ordea, ezinbestekoa da gutxienez zortzi ikasle izatea. “Horregatik, garrantzitsua da interesa duen oro matrikula garaian etortzea, baliabideak orain baititugu eskura”, adierazi du euskaltegiko zuzendariak.
Diruz lagundutako ikastaroak
Berrikuntza nagusi bat ere izango du aurtengo ikasturteak: estreinekoz, 16-18 urte bitarteko gazteentzat diruz lagundutakoak izango dira C1 maila lortzeko ikastaroak. HABEk martxan jarritako laguntza honen bitartez, ikasle horiek 20€ besterik ez dituzte ordaindu beharko ikastaroagatik. “Aurrekaririk gabeko dirulaguntza da, beraz, interesa duten gazteei informazio bila hurbiltzeko deia egiten diogu”, gehitu du Arakamak.
Ez dira laguntza bakarrak izango. Euskararen erabilera eta normalizazioa areagotzeko helburuarekin, Tolosako Udalak B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen die bertan erroldatutako herritarrei; %50ekoa C1ekoei, eta %25ekoa C2koei. Horrez gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza.
Matrikulazio epea: irailaren 21a bitarte
Euskara ikasi nahi duen 16 urtetik gorako edonork du ikastaroetan izena emateko aukera, “edozein dela ere bere maila”: euskaraz ezer ez dakitenak, kanpotik etorritakoak, alfabetatu gabeak, jubilatu berriak, merkataritza zein ostalaritzako langileak, kolektibo ezberdinetako kideak (Osakidetza, epaitegia, udal langileak…) edota agiri ofiziala eskuratu nahi dutenak.
“Aitzol Udal Euskaltegian gogotsu gaude euskarara gerturatu nahi duten guztiei zerbitzua emateko, hori baita gure lana, herritarrek euskararekin duten harremana hobetzen bidelagun izatea”, adierazi du euskaltegiko zuzendariak.
Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da. Matrikula euskaltegian bertan egin beharko da, aurrez aurre. 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean izango da horretarako aukera. Informazio gehiagorako, berriz, 943 65 10 06 telefonora deitu edo aitzolue@tolosa.eus helbidera ere idatzi ahal izango da.
200 ikasle baino gehiago
Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Aitzol Udal Euskaltegiak, eta denbora horretan euskararen ezagutza zabaltzeko egindako ekarpena balioan jarri nahi izan du Andu Martinez de Rituertok: “Denbora horretan, eskaintza indartzeko, eguneratzeko, eta hobetzeko egin duzuen lanak balio handia du. Eta oraindik bide asko dugu egiteko, euskarak baduelako zer irabazia, esparru askotan: erabilera ohituretan, presentzian, etorkinen euskalduntzean, helduen alfabetatzean, maila jasoaren zabalkundean…”.
Ainara Arakamak ere Udal Euskaltegian euskararen alde egindako ibilbide eta esfortzuari egin dio erreferentzia, eta bide horretan urrats gehiago emateko asmoa badutela ere azpimarratu du: “Ikasturteko 200 ikasle ingururi ematen diogu zerbitzua, bai Gorosabel eraikinean, baita Amarotz auzoan ere. Ohiko taldeez gain, herriko beste erakunde batzuetan eta ikastetxeetan ere ematen ditugu klaseak, gazte atzerritarrak euskarara hurbiltzen edota etxez etxeko zaintza-zerbitzuan zaintzaileak euskaran trebatzen. Aurten beste esparru batzuetara zabaltzen jarraitu nahiko genuke, besteak beste, ostalaritzan eta merkataritzan. Hau guztia, noski, Udalak duen Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan”.
Euskaltegian izena emateko gonbidapena luzatuz amaitu du alkateak: “Euskararen bidaia harrigarrian, bidaide izaten jarraituko dugu, bidelagun gehiago pilatzen jarrai dezagun. Ea aurtengoan ere asko diren bidaia hau egitera animatzen direnak”.