Etxebizitza alorreko arkitekto baten eta komunikazio teknikari baten lanpostuak sortuko ditu udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/27 | Giza baliabideak
  • Udaleko lanpostuen balorazioa berrikusteko araudia ere onartu da; bost urtez behin lanpostuak berrikusteko aukera izango da.

 

Tolosako Udaleko 2025eko lanpostuen zerrenda onartu du udalbatzak abenduko osoko bilkuran, udal gobernuaren aldeko botoekin. Besteak beste, bi lanpostu berriren sorrera jasotzen du onartutako zerrendak: etxebizitza alorreko arkitekto batena, eta komunikazio teknikari batena.

Arkitektoarena goi mailako lanpostua izango da, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak Sailari lotua, eta Etxebizitza teknikariaren lanpostuaren osagarri gisa. Etxebizitza publikoen sustapenaren arloko lan teknikoak egingo ditu: besteak beste, etxebizitza eta eraikin hutsen kaptaziorako eta orubeak eskuratzeko azterketak egitea; Alde Zaharreko Plan Integralari lotuta, etxebizitza alorreko erronkei aurre egiteko proiektuak lantzea, eremuaren degradazioa iraultzeko planak garatuz; infraetxeen edo bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxeen kudeaketa egitea; etxebizitza berrien edota birgaitzeen obra-proiektuak idaztea…

Komunikazio teknikariari dagokionean, berriz, gaur egun kanpo zerbitzu baten bidez egiten diren lan batzuk, udalak zuzenean egiteko sortuko da, egiturazko beharra baita komunikazioarena. Udalentzat ez da kostu gehigarri bat izango: lanpostu honi dagokion kostua estaltzeko, kanpo zerbitzuen kontratuaren kostua bere osotasunean helburu horretara bideratzeaz gain, publizitate instituzionalerako dagoen poltsa erdira murriztu da. 

Besteak beste, kanpo komunikazioko lanak egiteaz gain, gainerako sailekin elkarlanean udaleko webgunearen edukiak eguneratzeko funtzioa izango du. 

Lanpostuen balorazioa berrikusteko araudia, onartuta

Giza baliabideen esparruko beste erabaki bat ere hartu du udalbatzak osoko bilkuran: lanpostuen balorazioa berrikusteko araudia hasieraz onartzearena. 

Udalbatzak 2022ko abenduan onartu zituen, behin betiko izaeraz, lanpostuen katalogoa, balorazioa, sailen organigrama eta lanpostuen zerrenda. Berrikuspen araudiari dagokionean, ordea, atzeratzea adostu zen, araudia lantzen eta negoziatzen zen bitartean. 2024. urtean zehar landu dute erregelamendua udal gobernuak eta ordezkaritza sindikalak. 

Adostutako araudia aurrez lanpostuen baloraziorako erabili zen Rodriguez Viñals enpresaren eskuliburuan oinarritzen da, eta horretan oinarrituta egingo dira berrikuspenak. Araudiak jasotzen du udaleko lanpostu guztiak bost urtez behin berrikusteko aukera izango dela, eta udal gobernuak plangintza bat egingo du urtero eta berrikusiko diren lanpostuekin. Lanpostuen berrikuspenak eta berrien balorazio prozedurak bi eratara egin ahal izango dira: 

  • Batetik, ofiziozkoak. Ohiko prozeduran udalak berak sustatutakoak izango dira, aipatutako plangintzaren barruan egingo direnak. Ezohiko prozeduran, aldiz, lanpostu baten funtzioak modu kualitatiboan aldatzen direnean egin ahal izango da (berrantolaketa bat egitean, edo betebehar berriak sortu direnean, esaterako).

  • Bestetik, langileek eskatuta egin ahal izango da. Udalak epe bat zabalduko du interesatuentzat, eta dagokion eskaera aurkeztu ahal izango dute epealdi horretan.

Onarpena jasota, ezinbesteko jendaurreko epearen ondoren, urtarrilean abiatuko dira lehen lanpostuen berrikuspenekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA