Adineko pertsonen prebentzioa, autonomia eta harreman sozialak lantzeko Eguneko Arreta Zerbitzu berria martxan ostiraletik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/03/30 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Gizarte zerbitzuak hobetzeko eta behar berriei erantzuteko apustuan sendotu eta indartu du Udalak adineko pertsonei zuzendutako Eguneko Arreta Zerbitzua. Aurrerantzean, beharrizan ezberdinei egokitutako saioak eskainiko dira.

  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsuak egiten ari gara, pertsonen beharratara egokitutako zerbitzu berriak abiaraziz, Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria kasu.”

 

Tolosako Udalak gizarte ongizatearen sustapenera eta zerbitzuen hobekuntzara bideratu ditu baliabide eta indarrak azken urteetan, Tolosako errealitate eta beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin. Ildo horretan, apirilaren 1ean jarriko da martxan Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria, Udalak indartu eta egonkortu duena adineko pertsonei eskainitako zerbitzuak hobetzeko eta osagarritzeko asmoz.

Olatz Peon, Tolosako alkateak adierazi duenez, “adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsuak egiten ari gara, pertsonen beharratara egokitutako zerbitzu berriak abiaraziz, Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria kasu. Gero eta gizarte zaharkituago baten aurrean gaude eta horregatik, zerbitzuak behar berrietara egokitu eta indartu egin behar ditugu, pertsonen zaintza erdigunean jarrita.”

2019-2020an bi esperientzia pilotu gauzatu ziren, eta izandako harrera eta balorazio positiboa kontuan izanik, programaren egitura egonkortzea eta Eguneko Arreta Zerbitzu integrala eskaintzea erabaki du Udalak. “Zerbitzu estrategikoa da eta hasieratik egin dugu zerbitzua egonkortze eta sendotzearen aldeko apustua, bakardade egoeran dauden pertsonei egitura bat eskaintze aldera”, azaldu du Peonek. Gainera, zerbitzuaren bidez mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen egoera hobetzeaz gain, zaintzaileen eta senideen ongizatea ere hobetzea bilatzen da.

Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen egoera hobetzea helburu

Eguneko Arreta Zerbitzua mendekotasun arriskuan edo mendekotasun-egoera arinean dauden 70 urte edo gehiagoko pertsonei zuzenduta dago eta helburu du autonomia mailari eustea, mendekotasun egoerak atzeratzea edo ekiditea eta bakarrik sentitzen diren pertsonen harremanak lantzea eta indartzea lagunarteko ingurune batean.

Uzturre Asistentzia Gunean jarriko da martxan zerbitzua ostiral honetan, apirilak 1, hamar pertsonako talde batekin. Zerbitzuaren baitan talde izaeran landuko dira egunerokotasuneko ohiturak eta harremanak, partaideek bizi dituzten mendekotasun egoeretan eragiteko eta talde baten parte izatean indarra eta babesa sentitu dezaten.

Zerbitzuaren kokapena dela-eta, eguneko arreta zerbitzu honetaz gain, erabiltzaileek aukera izango dute beste hainbat zerbitzu osagarri jasotzeko: jangela soziala, Iturriza adinekoen elkartea, ile-apaindegi eta podologoa eta beste adineko pertsona ugarirekin hartu-emana izateko aukera.

Erabiltzaileei jarraipen osoa egingo zaie, gizarte-eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzea jasoko dute, eta aisia, hezkuntza eta kultura jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, guztia, profesional talde baten gidaritzapean. Bere kabuz zerbitzuaren kokagunera iristeko aukerarik ez duten erabiltzaleentzat garraio zerbitzua aktibatzeko aukera ere izango da.

Beharrizan ezberdinei egokitutako hiru saio aukeran

Zerbitzuaren berrikuntza nagusietako bat da herritarren beharrizan eta egoera anitzei modu egokiagoan erantzuteko hainbat talde eratu direla. Oraingoz, honakoak jarriko dira martxan:

  • Eguneroko saioak, goizez. 10-14 pertsonako taldea. Saio bakoitza 3 ordukoa izango da.

  • Astean bi saio, arratsaldez. 10-14 pertsonako taldea. Zerbitzua astean bi egunez eskainiko da.

  • Astean saio bat, erdigunetik aldenduta dauden auzoeetako biztanleentzat. 8-14 pertsonako taldea. Saioa 3 ordukoa izango da.

Izen ematea

Herritarrek, eskaera orria beteta, telematikoki, sarrera erregistro bidez, edota aurrez aurre UDATEn, Herritarren Arreta Bulegoan (Plaza Zaharra), eman dezakete izena. Zalantzarik izanez gero, herritarrek 946 654 466 telefono zenbakira deitu dezakate.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA