Alzheimerrari buruzko hitzaldi eta formakuntza saio berriak

Tolosako Udala
2019/09/16 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Lehen hitzaldia, asteazkenean, irailaren 18an izango da arratsaldeko 19:30ean Tolosako Kultur Etxean; eta horretaz gain, 2 formakuntza saio eskainiko dira bata irailaren 25ean, Emozioen Kudeaketari buruzkoa, eta bestea, urriaren 2an, Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen autonomiaren sustapenaren ingurukoa Tolosako Inmakulada Ikastolan

  • Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, nabarmendu du gizartearen zahartzea etorkizuneko erronkarik nagusienetarikoa dela eta hortaz, erronka horri elkarlanean erantzutea ezinbestekoa dela Alzheimerra duten gaixoen eta beren familien beharrei modu integralean erantzuteko

 

Buru Bihotzez elkarteak, Inmakulada Lanbide Ikastolaren eta Tolosaldea Lanbide Heziketaren laguntzaz eta Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko ESIren babesarekin, datozen egunetarako antolatutako ekimenak aurkeztu ditu gaur.

Aurkezpenean izan dira, Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea, Ana Monge Buru Bihotzez elkartearen eta Inmakulada Lanbide Ikastolaren izenean, Hurkoako gerentea Andikona Uriarte eta Mariluz Jauregui, Tolosaldeko ESIko Kudeaketa Klinikoko burua.

Alkateak lehenik eta behin gogorarazi du irailaren 21a Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta egun geroz eta herritar gehiagok pairatzen dutela aipatu gaixotasuna. “Geroz eta gizarte zaharkituago baten aurrean gaude, egun biztanleriaren %35ak 55 urte edo gehiago ditu, baina 2031 urterako kopuru hori %46,5era igotzea da aurreikuspena”. “Gipuzkoan bakarrik, jada 12.000 pertsonei eta 36.000 senide eta zaintzaileei eragiten die Alzheimerrak eta 2050 urterako kopuru hori hirukoiztu daitekeela diote ikerketek, horregatik, zahartzaroa gure lan lerro nagusienetariko bat da, etorkizuneko erronkarik handienetarikoa baita” azpimarratu du alkateak.

“Gizarte osoari eragiten dion gai eta gaitza izanik, gaixotasuna gizarteratzea, sentsibilizazioa sustatzea eta prebentzioan azpimarra jartzea garrantzitsua bezain beharrezkoa da, eta gaixoek eta beren senideek dituzten beharrei erantzutea funtsezkoa, eta horregatik, gaurkoan balioan jarri nahiko nuke, eta eskertu, Buru Bihotzez elkarteak boluntario moduan egiten duen lana”. “Aurrean dugun erronka honi elkarlanean erantzun behar diogu, erakunde ezberdinen eta eragileen inplikazioa ezinbestekoa da eta mahai honen bueltan gaur hemen bilduta egoteak badu garrantzia, elkarlanaren islada delako” esan du.

Buru Bihotzez elkartea duela urte bete sortu zen Alzheimer gaixotasuna duten pertsonen eta beren zaintzaz arduratzen direnen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin izan ere, alzheimerrak gaixoari ez ezik familia osoari eragiten dion gaitza baita. Era berean, gaitzaren inguruko ezagutza zabaltzea eta gaixoei arreta hobea eskaintzea ere ditu oinarri elkarteak.

Aurretik, ekaina eta uztailean harrera oso ona izan zuten zaintzari buruzko bi tailer antolatu zituen elkarteak (60 partaidetik gora saio bakoitzeko) eta orain, berriz ere, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola eta Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuaren laguntzarekin hitzaldi eta formakuntza saio berriak antolatu dituzte.

 

Irailaren 18an, 25ean eta urriaren 2an:

Hitzaldi eta formazio saio hauek, bereziki, Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen autonomia nola sustatu ikasi nahi duten zaintzaile eta senideei dago zuzenduta.

Lehen ekimena, etzi izango da, irailaren 18an arratsaldeko 19:30ean Tolosako Kultur Etxean. “Nolabaiteko dementzia duten pertsonei eta haien senideei laguntza emateko gizarte, osasun eta zuzenbide zerbitzuak” da hitzaldiaren izenburua. Hitzaldi ireakia da eta interesa duen pertsona orok parte har dezake.

Lehen formazio ikastaroa irailaren 25ean izango da 16:00etatik 19:00etara Inmakulada Lanbide Ikastolan. Tailer honetan emozioen kudeaketa landuko da: haserrea, errua, tristura... eta horiek kudeatzeko estrategiak azalduko dira. Igone Etxeberriak (EHU), Jose Manuel Martinezek (Buru Bihotzez) eta Maria Erdozainek (Buru Bihotzez) eskainiko dute formazioa.

Bigarren formazio ikastaroa urriaren 2an eskainiko da, leku eta ordu berean. Kasu honetan, Alzheimerra edota beste dementziarik duten pertsonen autonomia nola sustatu eta zein laguntza teknika erabili azalduko da. Formatzaileak: Igone Etxeberria (EHU), Ixa Imaz, Izaskun Lopetegi, Maddi Zubillaga, Enera Larrain (Inmakulada Lanbide Ikastola), Jose Manuel Martinez eta Maria Erdozain (Buru Bihotzez) eta Mari Jose Moreno (Errotu) izango dira.

Amaitzeko, herritarrak antolatutako hitzaldi eta tailerretan parte hartzera gonbidatu dituzte eta jakinarazi dute ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa dela aurretik izena ematea. Izen-emateak Inmakulada Lanbide Ikastolan edota 943 67 36 29 telefonora deituta egin beharko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA