Asuncion klinikan gertatutakoarekin kezka azaldu eta azalpenak eta neurriak eskatu ditu udal gobernuak herritarren segurtasuna bermatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/16 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Egoeraren jarraipen estua egiten ari da udal gobernua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta klinikarekin harremanetan, bilakaeraren arabera ezohiko neurririk hartu beharko balitz hartzeko.

 

Asuncion Klinikan atzemandako kasu positiboen harira, udal gobernuak, beste behin, herritarrei lasaitasun mezua helarazi eta egoeraren berri eman nahi izan die.

 

Asteazken arratsaldean Osasun Sailak adierazitakoaren arabera, Asuncion Klinikak astelehenean berreskuratuko du ohiko jarduera, kasu positibo berri bat atzeman ondoren.

 

Azken egunotan egoeraren jarraipen estua egiten ari da udal gobernua eta gauza bera egiten jarraituko du datozen egunetan ere egoera erabat egonkortzen den arte. Alkateak azaldu duenez, “Osasun Sailarekin eta klinikarekin harremanetan gaude egoeraren bilakaeraren berri izateko eta egoeraren arabera ezohiko neurririk hartu beharko bagenu horiek hartzeko; Osasun Sailari gertatutakoaren harira gure kezka azaldu diogu eta azalpenak eskatu, zer gertatu ahal izan den eta zein neurri hartuko diren jakiteko, herritarrak seguru senti daitezen”.

 

“Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi digunez, Asuncion Klinikan material faltarik ez dago eta ospitale guztiek protokolo berberak jarraitzen dituzte, publiko zein pribatu, eta prebentzio talde batek ikuskaritza eta kontrol lanak egiten ditu, jarraipen zorrotzak eginez guztiei; zer gertatu den eta kutsatzeak nondik eta nola gertatu ote diren aztertzen ari dira” adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.

 

“Edozein kasutan, - jarraitu du- oinarrian dagoen arazoa ez da kudeaketa ereduarena, hau da publikoa edo pribatua den, izandako kutsatze kopuruek kezkatzen gaituzte gehien; egungo egoeraren konplegutaxuna dela-eta ohikoa baita eta izango baita, zoritxarrez, kasu positibo eta foku berriak atzematea eta horiek titulartasun eta kudeaketa publikoko erakundeetan eta ospitale publikoetan ere gertatu dira eta gertatuko dira”. “Kutsatzearen lehen olatuan Asuncion Klinikak ondo eutsi zion egoerari, bigarrengo honetan, aldiz, kasu positiboak atzeman dira; badirudi egoera egonkortzen ari dela eta astelehenean bertan berrabiatuko dituzte zerbitzu guztiak, espero dugu aurrerantzean horrelakorik berriz ere ez gertatzea, hori nahi baitugu tolosarrok eta horregatik eskatu ditugu azalpenak eta neurriak” azpimarratu du alkateak.

 

Ospitale publikoaren aldeko konpromisoa berretsiz

 

Beste behin, alkateak ospitale publikoaren aldeko jarrera eta konpromisoa berretsi nahi izan ditu. “Legealdi honetarako (2020-2024) Eusko Jaurlaritzako gobernu akordioan jasota dago gure eskualdean ospitale publikoa eraikitzea, beraz, konpromisoa irmoa eta erreala da, eta erakundeen arteko elkarlanari eutsiz aurrera emango dugu proiektua; urratsak egiten ari gara eta tolosarrei adierazi nahi diegu konpromiso irmo hori bete eta gauzatuko dugula, elkarlanean, etorkizun ahalik eta hurbilenean gure eskualdeak ospitale publikoa izan dezan” aitortu du Olatz Peon Ormazabalek.

 

Amaitzeko, alkateak azaldu du dagoeneko udala ari dela ospitalerako kokapenak aztertzen eta bilera bat egingo duela laster gai honen harira Osasun Sailarekin Eusko Jaurlaritzak ospitale publiko hori egin dezan bide orria zehazteko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA