- Abegi Etxeko zerbitzua Sakramentinoetara lekualdatuko da, etxea eraberritzeko lanek dirauten bitartean, zerbitzua une oro bermatuta egon dadin. Lan horiek ostegunean, irailak 22, hasiko dira.
- Lokala erabat eraberrituko da gaueko eta eguneko zerbitzua eskaintzeko eta eremua irisgarriagoa eta egokiagoa egiteko; 4 logela, sukalde berria, bainugelak, jangela, egongela eta arreta gunea sortuko dira, besteak beste. Isolamendu termoakustikoa ezarriko da eta hezetasun arazoak ekiditeko lanak egingo dira.
Gizarte Zerbitzuen alorrean, zerbitzu garrantzitsua da bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutakoa. Zerbitzuak sendotu eta hobetzeko helburuarekin, Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoa da ABEGI etxean gaueko eta eguneko zerbitzu integrala abiaraztea. Gauzak horrela, ABEGI etxean bazterkeria egoeran dauden pertsonei gaueko eta eguneko arretarako zerbitzua eskaintzeko urratsak egiten jarraitzen du udalak.
Asteartetik aurrera arreta zerbitzua Sakramentinoetan
Abegi etxea eraberritzeko lanekin ostegunean, irailak 22, hasiko da Udala eta horretarako, lehenik eta behin, espazioa hustu eta zerbitzua lekualdatu behar izan da.
Gauzak horrela, asteartetik aurrera, irailak 20, eta obrak dirauten bitartean, Sakramentinoetan eskainiko da bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko arreta zerbitzua. Modu honetara, zerbitzua une oro bermatuta egongo da.
Obren ondotik, gaueko eta eguneko zerbitzu profesional eta integrala Abegi Etxean
ABEGI, etxerik gabeko arreta zerbitzuak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Tolosan eta zerbitzua boluntario talde baten eskutik eskaintzen da, hasierako urteetan Foru Aldundiak eta azken urteotan Tolosako Udalak diruz lagunduta. 2015. urtean Gizarte Zerbitzuen Mapa eguneratzean, zerbitzua udal eskumenekoa izatera pasa zen. Geroztik, zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko pausoak ematen aritu da Udala.
2018an hasi zen Gizarte Zerbitzuen saila zerbitzu publikoa eta eskaini beharreko prestazioak zehazten, Abegitik abiatuta. Paraleloki, eraikinak oinarrizko baldintzak bete ditzan obra proiektua egin da eta eraikinaren doako lagapenerako negoziaketak egin dira gotzaitegiarekin. Uztaileko Osoko Bilkuran onartu zen behin betikoz zerbitzuaren osaera eta jada hitzarmena sinatu da Tolosako Udalaren eta goitzaitegiaren artean lokalaren erabilerarako.
Zerbitzu berria martxan jarri ahal izateko, espazioa eraberritu eta egokitzeko obrei ekingo die ostegun honetan Udalak. Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresa arduratuko da obrak aurrera eramateaz, 318.117 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta Abegi Etxea eraberritzeko lanek 4 hilabeteko iraupena izango dute.
Orain artean, zerbitzua, Enperadore kaleko 7. zenbakian kokatuta egon da; zerbitzua modu egokian integratuta dago eremuan eta baita ere herrian, horregatik, udalak, beste hainbat aukera aztertu ondoren, zerbitzua eremu berean mantentzearen aldeko apustua egin du.
Lokala barrutik erabat eraitsiko da, eremua guztiz eraberritzeko eta espazioa irisgarriagoa eta egokiagoa bilakatzeko. Isolamendu termoakustikoa duen sabaia jarriko da eta hezetasun arazoak ekiditeko lanak egingo dira.
Arreta gunea sortuko da, bazterkeria egoeran dauden eta egoitza erabili nahi dutenentzat. Lokalaren erdigunean kokatuko dira espazio komunak, jangela/egongela, gorputz higienerako gunea eta arropa garbiketarako gunea. Gune honek 63m2 inguru izango ditu eta bertan eskainiko da eguneko arreta zerbitzua ere.
Guztira, 4 logela sortuko dira, ohe bikoitzeko 3 eta ohe bakarreko 1,irisgarria dena. Guztira, 7 erabiltzaileentzako lekuarekin. Gelak lokalaren bi albotan kokatutako dira eta aireztapen eta argiztapen naturala izango dute. Komunak eraberrituko dira eta arropa garbitzeko eremua sortuko da eta arreta gunearen parean kokatuko dira, sukaldea eta garbitegia.
Egingo den obra proiektua, bateragarria da etorkizunean lokala handitzeko egin ahal izango diren handitze lanekin. Orain, beraz, lehen fasea gauzatuko da, etorkizunean, beharrak areagotu balira, horiei erantzuteko aukera ere zabalik utziz.
Zerbitzuari dagokionez, orain arte ABEGI elkarteak egindako ibilbidea hartu da oinarritzat. Dena den, paradigma aldaketa bat emango da, profesionalizatu egingo delako zerbitzua, zerbitzu integrala eskaintzeko helburuarekin. Egunez eta gauez eskainiko da zerbitzua eta zerbitzuaren kudeaketa profesionalen ardurapean egingo da: eskuhartze saioak, ebaluazioak eta tailerrak egingo dira, besteak beste. Hala ere, boluntarioen jardunari berebiziko garrantzia ematen zaio, eta horregatik, beren jarraipena ere bermatu nahi izan da; hori dela eta, zerbitzu berrian ere arreta-taldearen zutabe garrantzitsu izango direla aurreikusten da. Gauzak horrela, zerbitzua osatuko duten hiru zutabeen esparruak zehaztu dira zerbitzu berria sortzerakoan: profesionalena, erabiltzaileena eta boluntarioena.
Zerbitzu publiko berriarekin lortu nahi izan da ABEGI Etxea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak araututako zerbitzuen izaerara egokitzea; hau da, herritarren eskubidezko zerbitzu profesionala sortzea. Helburua da, zerbitzu osatuagoa eskaintzea eta gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta ematea, gizarte kohesiorako eremuak sortuz eta gizarte arreta ematearekin batera, gizarteratzeko prozesuak ahalbideratzeko.
Eguneko arreta zerbitzuak zaintza, otorduak eta eguna igarotzeko espazioak eskainiko ditu, baita norberaren garbitasun pertsonala mantentzekoak ere, hala nola, bainugela eta arropa garbitzeko zerbitzua. Gaueko arreta zerbitzuak, berriz, gaua bizigarritasun baldintza egokietan igarotzeko ohe zerbitzua eskainiko ditu, otordua, norberaren gaitasun pertsonala mantentzeko baliabideekin uztartuta. Ezinbestean, bietan ere, informazio, balorazio eta orientazio zerbitzua, lagun egiteko zerbitzua eta gizarteko alorreko zaintza zerbitzua eskainiko dira.
Neguan ohe gehigarriak jarriko dira hotzaren programarako. Era berean, egonaldi bereziak ere aurreikusten dira eguneko zein gaueko zerbitzuan, beti ere, norberaren egoeran eta beharretan oinarrituta, eta adostutako esku-hartzeko planarekin bat etorriz.