Eguberri egunean otordua eskainiko dute Bide Goxo jatetxean baliabiderik ez dutenentzat

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/12/19 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna

2014an ekin zioten Bide Goxo jatetxeko kudeatzaileek Eguberri egunean, abenduak 25, otordu bat egiteko aukera ez duen jendea bazkaltzera gonbidatzeari. 2013ko azaroan hartu zuten jatetxearen kudeaketa Iñaki Goikoetxeak eta Silvia Larrañagak, eta urte bat beranduago, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin elkarlanean, 40 pertsona inguru batu ziren Bide Goxon, Iñaki eta Silviak, beren familiarekin batera, prestatutako otordua aitzakia hartuz, unea elkartasunean pasatzera. Lehen urteko esperientzia “oso ontzat” jo dute biek, eta urtez urte jarraitzeko motibazioa hark sortu ziela adierazi dute.

“Otorduak emanaz eta jakiekin egiten dugu lan egunero, eta konturatu ginen bazela jendea hori dastatzeko aukera ez zuena. Gainera, data hauek oso bereziak dira, eta bazkari bat egiteko aukera ez duen pertsonak deitu eta elkarrekin gurean egiteko ideia otu zitzaigun. Abenduaren 25ean itxita egoten da jatetxea, eta batzen garenak lasaitasunez aperitibo txiki bat egiten dugu eta ondoren bazkaldu”, adierazi dute Usabal kiroldegian kokatuta dagoen jatetxeko kudeatzaileek.

Urtero 40 bat lagun batzen dira: “Udalak gonbidapena zabaltzen du egoera honetan dauden pertsonen artean, eta gutxi gorabehera aurretiaz jakiten dugu zenbat izanen garen. Egunean bertan edonor etorriz gero, ez da arazorik izaten; 40k jaten dugun tokian, gutxi batzuk gehiagok ere egin dezakegu eta” gaineratu du Silviak. Iñakiren hitzetan otordu “xumea” izan ohi da, baina “elkarrekin egon, jatetxearen berotasunean, hizketaldian...hori asko baloratzen dute”.

Tolosako Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko, zuzeneko arreta zerbitzuan -astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara, ostegunak izan ezik-, 943 69 74 60 telefonora deituz edo gizartezerbitzuak@tolosa.eus-era email bat idatzita.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA