- Peñaskal kooperatiba arduratuko da proiektua aurrera eramateaz eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak finantzatuko dute zerbitzu berria.
- 17 plaza sortu dira oinarrizko beharrak asetzeko bizilekurik gabe dauden pertsonei bideratuta. Eskualdeko izaera du zerbitzuak eta abenduaren 31 bitartean eskainiko da.
Covid19ak eragin zuzena izan du arlo ekonomikoan, baina baita sozialean ere. Gizarte beharrak nabarmen areagotu dira eta hori dela eta, hasiera hasieratik, herritarren gizarte babesa eta ongizatea bermatzea lehenetsi du Tolosako Udalak. Ildo horretatik, denbora honetan, udal gizarte zerbitzuak indartu dira, gizarte beharretara bideratutako aurrekontuak handitu eta hainbat neurri hartu dira zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko asmoz.
Gauzak horrela, itxialdian, Peñaskal Kooperatiba aritu da Abegi zentroan gau eta egunez zerbitzua ematen. Larrialdi egoerak aurrera egin ahala, bazterkeria larrian dauden pertsonen esku-hartzerako zerbitzuak eta gizarteratzeko egitasmoak lantzeko beharra areagotu egin da eta behar horri erantzuteko sortu da Ekin-Enea proiektu pilotoa.
Eusko Jaurlaritzaren “lehen urratsa” diru laguntza egitasmoaren harira, Abegin hasitako esku-hartze prozesuekin jarraitzeko eta sortutako behar berriei erantzuteko landu da, hain zuzen ere, Ekin-Enea proiektua Peñaskal Kooperatibaren, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean, azken hilabeteotan.
17 plaza bizilekurik gabeko pertsonentzat
San Frantzisko pasealekuan kokatutako dagoen Villa Sagrado Corazón eraikinean tutoretzapeko etxebizitzak sortu dira, Paulgo San Bizenteren Karitateko Alabek eraikina erabiltzeko aukera eskaini izanari esker. Etxebizitzaren kudeaketaz, irabazi asmorik gabeko Peñaskal Kooperatiba arduratuko da.
Guztira, 17 plaza daude, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat. Txandakako plazak izango dira, laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko eta beraz, orotara, 30 pertsona inguru artatzea aurreikusten da.
“Atzemandako bazterkeria egoerei erantzuna eman nahi diegu egitasmo berri honen bitartez, etxerik gabeko pertsonak artatzetik haratago, bizitza proiektua berreskuratzeko aukera eskaini nahi diegu, esku-hartze integralaren bitartez, pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko helburuarekin” azaldu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.
Zerbitzua egun eta gau eskainiko da eta oinarrizko behar guztiak asebeteko dira: lo egoteko lekua, janaria, arropa, oinetakoak eta higienea.
Tutoretzapeko etxebizitza honetan elkarbanatzeko eremuak ere izango dituzte integrazio prozesuan laguntzeko: sukaldea, aldagelak, komunak eta dutxak eta egongela. Interneterako sarbidea ere izango dute eta Peñaskalek dituen beste instalazio eta ekipamenduak erabili ahal izango dituzte.
Jarraipena, zaintza eta kontrola
Peñaskal Kooperatibako ordezkari batek eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako beste batek osatutako koordinazio mahaia eratuko da proiektuaren jarraipena egiteko.
Erabiltzaileen balorazio eta diagnosia Peñaskalek egingo du, erabiltzailearekin batera, norberaren helburuak eta helmugak zehazteko. Hori guztia kontuan izanik esku-hartze proposamena garatuko du Peñaskalek eta erabiltzaile bakoitzaren jarraipen pertsonala eta integrala egingo da.
Laguntza jasoko dute lan eta formakuntzari dagokionez eta dituzten aukeren berri emango zaie, lege izapideen inguruko aholkularitza ere jasoko dute eta arreta psikosoziala ere eskainiko zaie. Aisialdi eta kirolari lotutako jarduerak ere garatuko dira.
Erabiltzaile bakoitzak ere hainbat konpromiso eta ardura hartu beharko ditu proiektuak sartzeko. Hau da, guztiek proiektuan parte hartzeko borondatea izan behar dute eta modu aktiboan parte hartu beharko dute, eta noski, bertako elkarbizitzarako arauak errespetatu beharko dituzte.
Udalak 48.800 euro bideratu ditu proiektura eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako udalaren artean finantzatuko da. “Eskualdeko izaera duen proiektua da, eskualde mailan egon litezkeen beharrei erantzuteko, hortaz eskualdeko herriek ere egitasmo honetan parte hartzeko aukera dute; horretarako Tolosako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu beharko lukete, eskualdeko udalerriek erabiltzen dituzten plaza horiei dagokien kostua bere gain hartuz” adierazi du alkateak.