Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamenduan hainbat hobekuntza egin ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/06/01 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Arautegi berriarekin, gehieneko prezio publikoa 15 eurora mugatu da, eta aurrerantzean arreta urteko 365 egunetan emango da. Gehieneko orduen intentsitatea ere areagotu egin da, 15 ordutik 28 ordura.

  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskatzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailera jo behar da, aurrez UDATE-n hitzordua eskatuta. Erreferentziazko gizarte langileak eskatzailearen kasua aztertu eta baloratuko du, eta horren arabera definituko da zerbitzuaren modalitatea, maiztasuna eta intentsitatea.

 

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatearen etengabeko hobekuntzan, etxez-etxeko laguntza zerbitzuari lotutako erregelamendua berritu da, hainbat hobekuntza txertatuta. Hala, gehieneko prezio publikoa 15 eurora mugatzea, arreta 365 egunetan eskaintzea, gehieneko orduen intentsitatea areagotzea (lehen asteko 15 ordu, orain 28) eta beste kolektibo batzuei arreta zerbitzua zabaltzea dira zerbitzuak izango dituen hobekuntzak. Era berean, langileen lan baldintzak hobetzeko irizpideak ere zehaztu dira erregelamenduan, langileen egoera hobetzeko eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Zerbitzua eteteko egoerak ere aurreikusi dira erregelamendu berrian. Bi egoera bereizi dira: batetik, zerbitzua aldi batez etetea; eta bestetik, zerbitzua iraungitzea. Aldi berean, zerbitzua aldi batez eteteko arautegiaren barruan, bi egoera bereizi dira:

 

  1. Gehienez hilabete bateko iraupena izan duen intzidentzia bat ematen denean: erabiltzailea erietxean ingresatzea, medikuarengana edo tratamendua hartzera joatea, ezinbesteko tramiteak, kontsultak edo gestioak egitea edo oporraldiengatik. Kasu hauetan, zerbitzuaren erabiltzaileak zerbitzuaren kostuaren %50 ordaindu beharko du.

  2. Gehienez hiru hilabeteko etenaldi bat ematen denean: erabiltzailea erietxean ingresatzea, medikuarengana edo tratamendua hartzera joatea, ezinbesteko tramiteak, kontsultak edo erabiltzailea senideen etxeetan txandaka bizi izatearen ondorioz beste etxebizitza batera joan behar izatea. Etenaldiak irauten duen bitartean zerbitzurik ez da ordainduko.

 

Zerbitzuaren iraungitzea, berriz, honako arrazoiengatik emango da: erabiltzaileak zerbitzuari uko egitea, zerbitzua emateko aurreikusitako epea amaitzea, erabiltzailearen heriotza, erabiltzailea beste udalerri batera lekualdatzea, erabiltzailea beste baliabide edo programa batean sartzea, zerbitzua emateko arrazoia desagertzea, zerbitzua emateko datuak ezkutatzea edo faltsutzea…

 

Urte osoko zerbitzua izango da

Etxeko laguntza zerbitzua, zerbitzu publiko soziala da, beren kasa baliatzeko arazoak dituztenei bideratuta, etxeko bizi kalitatea hobetzeko eta ahal den bitartean norberaren etxean bizitzen laguntzeko helburua duena. Horretarako etxeko laguntza edo laguntza pertsonala eskaintzen zaie, etxean moldatzeko, komunitatean txertatzeko eta bakartze egoera ekiditeko.

Zerbitzua urte guztian eskainiko da aurrerantzean, astean gehienez 28 ordu. Zerbitzua bereziki egunez emango da, 07:00etatik 22:00etara bitartean, ordutegi malgutasunarekin, baina salbuespen egoeretan gaueko zerbitzua ezartzeko aukera ere egongo da. Zerbitzua Tolosan erroldatutako herritarrek jaso ahalko dute, honako jardueretarako: eguneroko bizitza jarduera instrumentalak egiteko (elikadurari, jantziei eta erabiltzailea bizi den etxeko instalazioen mantentze garbiketari dagokiona), eta zaintza pertsonalari lotutako beharrezko eguneroko jarduerak egiteko (ohetik altxatzea eta oheratzea, norberaren garbitasuna, jatea edo oinarrizko beste funtzio batzuk).

Gizarte laguntza ere emango da, non laguntza hau jasotzen dutenek aukera izango duten erreferentziazko profesional kualifikatu batekin beren kasa hobeto moldatzeko eta gizarteratzeko laguntza harreman batean parte hartzeko.

 

Eskariak Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean

Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskatzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailera jo behar da, aurrez UDATE-n hitzordua eskatuta (943 65 44 66 o 010). Erreferentziazko gizarte langileak eskatzailearen kasua aztertu eta baloratuko du, eta horren arabera definituko da zerbitzuaren modalitatea, maiztasuna eta intentsitatea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA