-
Gida berriaren helburua da herritarrei modu ulerterrazean eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea eta gizarte zerbitzuak herritarrengana gerturatzea.
-
6 hizkuntza ezberdinetan kaleratu da, 7 ataletan antolatuta herritarrek informazioa modu errazean jaso dezaten eta eskuragarri dago digitalki webgunean eta paperean udal eraikin ezberdinetan.
-
Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “gizarte babesa bermatzea lehentasunezkoa gaia da guretzat eta ildo horretatik, udaletik herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzu guztien berri ematea eta horiek herritarrengana gerturatzea ezinbestekoa da”.
Pertsonak eta beren ongizatea erdigunean jartzen dituen herri administrazioa bultzatzea helburu hartuta, eta bereziki, Gizarte Zerbitzuak herritarrei gerturatu eta zerbitzuak gizarteratzeko xedez kaleratu berri du Udalak Gizarte Zerbitzuen gida irakurterraza.
Alkateak, Olatz Peon Ormazabalek adierazi duenez, “gizarte babesa bermatzea lehentasunezko gaia da guretzat eta ildo horretatik, herritarrei udaletik eskaintzen dizkiegun zerbitzu guztien berri ematea eta horiek herritarrengana hurbiltzea ezinbestekoa da”. Izan ere, “udalak dira osasun arlorako herritarren lehen sarbidea”. “Herritar bat Gizarte Zerbitzuetara joaten denean, lehen diagnostikoa egin eta eskura dituen zerbitzuen berri ematen zaio; eskumenen arabera, zerbitzu batzuk udalak berak ematen ditu edota beste erakunde batzuek, Foru Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak, esaterako”. “Edonola ere, lehen diagnostiko hori beti egiten da udalean eta horregatik da hain garrantzitsua herritarrengandik gertu egotea eta eskaintzen diren zerbitzuak ezagutaraztea”nabarmendu du alkateak.
Tolosako Udalak, alorrean dituen eskumenen baitan, Gizarte Zerbitzuen Mapan jasota dauden ia zerbitzu guztiak eskaintzen ditu eta horiek sendotze eta hobetzea aldera lanean dihardu. 2019ko apirilean udalak Gizarte Zerbitzuen Gida argiratu eta banatu zuen etxe guztietara, herritarrek eskura izan zitzaten eskaintzen diren zerbitzu eta laguntza guztiak.
Gizarte Zerbitzuak herritarrei gerturatzeko beharra Tolosatzen prozesuaren baitan somatu zen, herritarrek eskaintzen ziren zerbitzu, laguntza eta prestazioen inguruan zalantzak azaldu baitzituzten, eta atzemandako behar horri erantzuteko argitaratu zen Gizarte Zerbitzuen Gida. Lehen gida horretan eskaintzen ziren zerbitzu guztien informazioa jaso zen eta etxe guztietara banatzeaz gain eskuragarri dago udal webgunean.
Orain, udalak pauso bat gehiago eman nahi izan du eta Gizarte Zerbitzuak herritarrei gerturatzeko ahalegin horretan, gida ulerterraza kaleratu du behar anitzak dituzten herritarren eskura informazioa jartzeko helburuarekin. Helburua da baliabide guztien aurkezpen laburra egitea. Gida berria gizarte eragileei banatu zaie eta herritarrek udal eraikin ezberdinetan eta webgunean dute eskura.
6 hizkuntzetan eta 7 ataletan banatuta
Gizarte Zerbitzuen Gida 6 hizkuntzatan eta 7 ataletan dago antolatua herritarrek modu errazean eskaintzen diren zerbitzu guztien berri izateko.
-
Informazio, balioespen, diagnostiko eta orientabide zerbitzua.
Pertsona bakoitzaren egoeraren edo beharren arabera, jaso ditzaketen baliabide edo laguntzei buruzko informazioa ematen zaie.
-
Adineko pertsonei eta desgaitasun edo mendekotasun-egoerei lotutako zerbitzuak.
Horien artean ditugu Etxez-Etxeko laguntza zerbitzua, ibilgailua aparkatzeko txartela, tele-laguntza, adineko pertsonentzako eguneko zerbitzua, eguneko zentroa, apartamentu tutelatuak…
-
Familia eta elkarbizitza haurrentzako eta nerabeentzako.
Zerbitzu honen helburu nagusia Tolosan dauden babesgabezia egoerak antzematea eta horiek ekiditea. Eta horretarako Tolosan garatzen diren heziketa eta prebentzio lanetan laguntzen du sailak eta hainbat zerbitzu eskaini: familia elkargunea, familiekin esku-hartzea…
-
Gizarteratzea.
Zerbitzu eta laguntza ezberdinen bitarteaz aldaketak bultzatzen eta pertsona, familien eta taldeen ongizatea bermatzen saiatzen da saila, adibidez, gizarte larrialdietarako laguntzen, gizarte ongizateko funtseko pentsioen edota jangela sozialaren bitartez.
-
Indarkeria matxista eta sexu erasoak.
Indarkeria matxista jasaten duten pertsonei ere arreta ematen zaie, profesionalen laguntza eskaini eta beharrezkoak diren zerbitzu eta laguntzak kudeatu.
-
Osasunerako eta adikzioen prebentziorako zerbitzua.
Herritarrei bizitza osasungarria izan dezaten ohiturak bultzatzeko programak eskaintzen zaizkie: prebentzio unibertsaleko programak edota prebentzio selektiboko programak, esaterako.
-
Gizarte-zerbitzuen eremuan parte hartzea eta lankidetza.
Boluntariotza jarduerak, Tolosako elkarteen eta bestelako erakundeen jarduerak bultzatzen da eta herritarrek horietan parte hartu dezaten sustatu.
Gizarte zerbitzuetako teknikari arduradunak azpimarratu du “Tolosan bizi diren pertsona guztiei zerbitzua emateko gaude, gure helburua da pertsonen, familien eta taldeen ongizatea sustatzea eta gure eginkizun nagusia da pertsonen beharrak antzematea eta horiei erantzutea”. 8 profesionalek osatzen dute departamentuko lan taldea eta pertsona edo familia batek laguntza behar duenean, lehenengo hitzordutik erreferentziazko pertsona izendatzen zaio eta esku hartze prozesu osoan laguntza eskaintzen zaio.
Hortaz, herri zalantzak badituzte edota laguntza behar badute Gizarte Zerbitzuetara jo dezaketela berretsi dute. Aldez aurretik hitzordua eskatuta 943 697 500 telefono zenbakira deituta edota posta elektroniko bidez (gizartezerbitzuak@tolosa.eus). Jendaurreko arreta astelehen, astearte eta ostiraletan egiten da 10:00etatik 13:00etara.