Gorren komunitateak XVII. Sentsibilizazio Astea egingo du aurten, egungo egoerara egokituta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/20 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Egungo egoera berezira egokitutako ekintzak antolatu ditu Gainditzen elkarteak, gorrak diren pertsonei gune bat eskaini, gizartea gorren komunitatera gerturatu, komunikazio hesiak apurtu eta zeinu hizkuntza bultzatzea lortzeko.
  • Hitzaldia egongo da urriaren 24an eta Zeinu Hizkuntzako Filmeen XI. Nazioarteko Jaialdia egingo da azaroaren 14an.
  • Olatz Peon: “Bada bidea egiteko, baina izugarri garrantzitsua da Gainditzenek egiten duen lana urratsez urrats aurrera pausoak eman ditzagun. Beraz, eskerrik asko, zuen lanagatik eta aurten ere, ekitaldiak antolatzeko egin duzuen ahaleginagatik.”

Beste urte batez, mugak eta oztopoak gainditzea eta sentsibilizazioa sustatzea ditu helburu Gainditzen-ek, Goierri eta Tolosaldeko pertsona gorren elkarteak. Gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko lan egiten du, eta bide horretan egingo dute sentsibilizazio astea Tolosan. Olatz Peon Tolosako alkatearen hitzetan, “pertsonen integrazioan urratsak egiten jarraitu behar dugu, eta are gehiago egungo testuinguruan, musukoen erabilerak komunikazio oztopoak eta komunitate honek dituen beharrak areagotu baititu, eta horiek bistaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea ezinbestekoa da.”

Aurtengo ekintzak koronabirusagatik bizi dugun egoerara moldatu behar izan dira, eta eskaintza mugatuagoa da horregatik. Urriaren 24an “Covid-19 eta osasuna” hitzaldia egongo da eta azaroaren 14an izango da Zeinu Hizkuntzako Filmeen XI. Nazioarteko Jaialdia.

Gorren komunitatea osatzen duten pertsonei errekonozimendurako espazio bat eskaintzea eta aukera berriak sustatzea da helburuetako bat. Horrez gain, entzuten duten pertsonak gorren komunitatera gerturatzea ere lortu nahi da, gorrek egunerokoan dituzten komunikazio arazoei irtenbidea eman eta zeinu hizkuntza bultzatzeko.


Helburu horiei jarraiki, komunikazio irisgarritasunaren garrantziaz jabetuta eta udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetze aldera, Tolosako Udalak hitzarmena berritu du Eskuaire elkartearekin eta Gainditzenekin lankidetzan aurrera pausuak ematen ari dira udalaren zerbitzu eta komunikazioak entzumenaren funtzio aniztasuna duten pertsonengana gerturatzeko. Alkateak adierazi duenez, “Gainditzen eta Eskuaire elkarteekin elkarlanean, udalean zeinu hizkuntza zerbitzua jarri dugu herritarren eskura eta webguneko edukia ere komunitate honen beharretara egokitzen hasiak gara.” Eskuragarri daude dagoeneko Udalaren webgunean zeinu hizkuntzan Gizarte Zerbitzuen berri ematen duten bideoak.


 

XVII. edizioko egitaraua
Urriaren 24an, 18:00etan izango da “Covid-19 eta osasuna” hitzaldia, Tolosako kultur etxean. Edukiera mugatua izango da, 60 pertsona soilik sartu ahal izango dira. Aurrez izena eman behar da gainditzent-g@hotmail.com helbidera mezu bat bidalita.

Zeinu Hizkuntzako Filmeen XI. Nazioarteko Jaialdia azaroaren 14an izango da, Tolosako Leidor antzokian, 11:00etatik 14:30etara. Arratsaldean, 18:00etan, hitzaldia eskainiko du Santiago Frigola Bartzelonako zeinu hizkuntza katalaneko ikertzaileak Tolosako kultur etxean. Edukiera 60 pertsonara mugatuko da eta gainditzent-g@hotmail.com helbidera mezu bat bidali behar da izena emateko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA