Herritarrek lau aukeren artean hautatutako espazioak jasoko du aurten ‘Kerik Gabeko Gunea’ izendapena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/06 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Proposatutako lau guneren artetik boto gehien jasotzen dituen lekuan ez erretzeko gomendio kanpaina egingo da.
  • Maiatzaren 17ra arte eman ahal izango da bozka, online edo herriko hainbat puntutan utzi diren postontzi fisikoetan.

 

Maiatzaren 31n ospatuko da tabakorik gabeko mundu mailako eguna eta horren harira, herriko plazaren bat kerik gabeko gune izendatu izan du Tolosako Udalak azken urteotan. 

2022an Lizardi plaza eta 2023an Alondegia plaza izendatu ziren kerik gabeko gune. Izendapen hori, baina, ez dago erretzearen debekuari lotuta, eta, horrenbestez, kerik gabeko guneetan, ez erretzeko gomendioa da luzatzen dena. 

Tolosako Kerik Gabeko Gune berriaren izendapena, herritarren esku

‘Kerik Gabeko Gunea’ ekimena ‘Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe’ proiektuaren barruan kokatzen den egitasmoa da eta orain 10 urte sortu zuten, hain zuzen, nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten erakundeek, elkarlanean: Tolosako Udalak, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak, Tolosaldeako ESIk, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideek.

Ez-erretzaileak eta bereziki adingabeak direnak babestea da helburu nagusia, baita, aldi berean, edozein motatako tabakoaren eta nikotinaren kontsumoa desnormalizatzea, minbiziaren aurkako prebentzioa egitea, ingurumena zigarrokinetatik babestea edota eremu publiko atsegin, osasungarri eta seguruak sortzea. Horretarako, espazio hauetan ez erretzea gomendatzen da.

Egistamo horri jarraipena emanez, aurten herritarren esku utzi du Tolosako Udalak kerik gabeko gune berriaren aukeraketa. Horretarako lau aukera proposatu dituzte proiektua landu duten eragileek: Zerkausia, Armeria plaza, Usabal kiroldegiaren sarrera eta Arrillaga plaza. 

Herritarrek maiatzaren 17a arte izango dute gune horietatik kerik gabeko gune izendatu nahi duten espazioa bozkatzeko, online, edota lau lekutan jarri diren postontzi fisikoetan: UDATEn, Kiroldegian, Kultur Etxean eta Osakidetzako osasun zentroan. 12 urtetik gorako tolosar orok eman ahal izango du bozka eta horrez gain, datorren urteetarako espazio proposamenak ere egin ahal izango dituzte. 

Lau aukeren artean boto gehien jasotzen duen lekua izango da aurtengo Kerik Gabeko Gunea eta izendapena maiatzaren 31n, tabakorik gabeko mundu mailako egunean, alegia, egingo da. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA