-
Gautena, Gipuzkoako Autismo Elkartearen ‘Urdinduz’ izeneko festa giroko ibilaldi solidarioa aurten Tolosan izango da, apirilaren 6an.
-
Aurrez, aniztasun funtzionala dutenentzako egokitutako zinema-saio bat, mahai inguru bat eta autismoa mintzagai izango duen bertso-saio musikatu bat izango dira.
Gautenak, Autismoaren nahasmena duten pertsonen familien Elkarteak, sentsibilizaziorako hainbat jarduera antolatu ditu, Tolosan, udalaren laguntzarekin, apirilaren 2ko Autismoaren Kontzientziazioaren Munduko Egunaren harira.
Besteak beste, apirilaren 6an Gautenan tradizio bihurtu den Urdinduz ibilaldi solidarioa ospatuko da, aurten Tolosan. Helburua gizartean Autismoaren Espektroko Nahastea (AEN) ikusgai egitea eta nahaste horren inguruan kontzientzia piztea da. Ibilaldia 11:30ean hasiko da Trianguloa plazan eta toki berean amaituko da, festa giroan. Hauxe da egitarau osoa.
Martxoak 30, igandea: Eserleku urdina
Leidor aretoa. 17:00.
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egokitutako zinema-saioak dira hauek. Askotan, autismoa duten pertsonek zailtasunak izaten dituzte zinema-saio arruntetara joateko. Horregatik, oraingoan egokitzapen txikiak egingo dira, hala nola, saioan argi ahula piztuta mantentzea, mugitzeko askatasuna egotea, bolumena murriztea edo iragarkirik ez izatea. Policán filma eskainiko da, gazteleraz.
Apirilak 3, osteguna: mahai-ingurua
Udaletxeko pleno aretoa. 19:00.
Familia, profesional eta autismoa duten pertsonek beren esperientziak eta bizipenak partekatuko dituzte. Aukera ona izango da ikusarazten ari garen errealitatea lehen pertsonan ezagutzeko.
Apirilak 4, ostirala. Bertso-saio musikatua
Fronton (jatetxea). 19:00.
Autismoa eta dibersitatea mintzagai izango dituen bertso-jaialdia izango da. Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola, Julio Soto eta Onintza Enbeita izango dira bertsolariak. Musikariak, berriz, Aner Peritz ‘Euzkitze’ eta Libe Goenaga. Gai-jartzaile modura Maite Aizpurua arituko da. Sarrera doakoa izango da.
Apirilak 6, igandea: URDINDUZ ibilaldia
Trianguloa plazan hasita. 11:30etik aurrera
Ibilaldia 11:30ean hasiko da Trianguloa plazan. Bertan, aurretik, URDIN BAT, URDIN ANITZ lelodun kamiseta urdinak egongo dira salgai. Lelo honekin autismoaren espektroaren barruan dagoen aldakortasun handia adierazi nahi da.
Marea urdinak Tolosako kaleak zeharkatuko ditu, 1,5 km inguruko bidea osatu arte. Ibilaldia Jun Da Jo txarangak girotuko du eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izango dute bidelagun. Ibilaldia Trianguloa plazan amaituko da, festa giroan. Jatekoa eta edatekoa izango dira familian eta lagunartean gozatzeko. Gaztetxoek aurpegiak margotu ahalko dituzte, eta puzgarriak izango dira Alondegi plazan. Euririk balego, puzgarriak Herrikide Ikastetxean jarriko dira. Photocall bat ere izango da.
Naturaren Doinuak proiektuak, kulturaren bidez gizartean eragin bat sortzea helburu duenak, Gautenari eskainitako ‘Agian Infinitoa’ abestia aurkeztuko du, musika eta dantza uztartzen dituen tailer ireki batekin. Horrez gain, Urdinduz egitasmoaren barruan, Aitor Benitez -Benny- artistak inklusioaren mural bat margotu du Alondegi plazako horma batean. Irudiak unibertso anitz bat erakusten du, non elementu ezberdinak elkarrekin bizi diren.
Programazio hau guztia Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren laguntzari esker osatu du Gautenak. Herriko saltoki eta enpresek ere eman dute laguntza. Eskerrik beroenak eman dizkie guztiei Gautenak babesagatik.