-
Guztira 20 bat elkartek hartuko dute parte datorren ostiralean, abenduak 1, 19:00etatik 21:00etara Zerkausian egingo den topaketa.
-
Olatz Peon Ormazabal: “TolOsatzen prozesuan herriko eragile ezberdinen ahotik jaso genuen komenigarri ikusten zela elkarte desberdinek elkarren berri izateko eta lankidetza proiektu berriak abian jartzeko ekimenak bultzatzea. Elkarteen arteko ezagupenerako eta bolondres berriak elkarte hauetara erakartzeko topaketa izango da".
Datorren abenduaren 1ean, estreinakoz, izaera soziala duten elkarteen arteko topaketa gauzatuko da. Arratsaldez izango da, 19:00etatik 21:00ak bitarte, Zerkausian. Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailetik eta Gazteria Sailek sustatutako ekimena da eta guztira, herrian presentzia duten 20 bat elkartek hartuko dute parte.
Olatz Peon Ormazabal alkateak eta ekimenaren parte diren elkarteetako ordezkariek xehetu dituzte topaketa berri honen nondik norakoak.
Egitarauaren baitan, elkarte bakoitzak bere proiektua aurkeztuko du eta hitzaldi bat ere izango da elkarteen ikerketa eta berrikuntza sustatzen duen Eibe elkarteko Unai Lizasoren eskutik.
Alkateak adierazi du iturburua 2015ean duela topaketa honek: “Mugi Tolosa proiektuaren baitan, plazaratu zen elkarteen arteko ezagutza eta harremanak sortu eta bultzatzeko beharra. Hori horrela, Tolosatzen prozesuan sortutako “2017-2027 Tolosako Plangintza partekatua”-n txertatu zen, Gizarte Zerbitzuen Saileko eta Gaztedia Saileko lan-ildo gisara planteatuz”.
Olatz Peon Ormazabalek azaleratu duenez, Tolosatzen prozesuan herriko eragile ezberdinen ahotik jaso zuten "komenigarri ikusten zela elkarte desberdinek elkarren berri izateko eta lankidetza proiektu berriak abian jartzeko ekimenak bultzatzea".
Eguna ere, ez da kasualitatea. Abenduaren 5ean Nazioarteko boluntariotzaren eguna da, eta egun hori bisibilizatzea da aipatutako bi udal sailen lan ildoetako bat: “Jakin badakigu, izaera sozialeko elkarteen indar nagusia boluntariotza dela, eta herriari egiten dioten ekarpena baloratzea oso garrantzitsua da -nabarmendu du alkateak-. Elkar ezagutzeak eta asmoak partekatzeak indartuko du herriko elkartegintza eta aberatsagoa izango da herriari edo herritarrei egiten dioten ekarpena”.
Helburu zehatzak ezarri dituzte Udalean ekimenari begira alkateak adierazitako eran: “herrian ditugun bolondresen elkarteak ikusaraztea; egiten duten ahalegin eta ekarpena aintzatestea; elkar ezagutzeko edo ideiak elkarbanatzeko aukera eskaintzea; eta herritarrei solidaritate eta partehartze izpiritua sustatzea, elkarte hauekin kolaboratzeko gonbita eginez”.
Alkatearen hitzetan “elkarte ugari dira Tolosan aktiboki jarduten dutenak urte osoan. Profil, adin eta kolore guztietako pertsonez osatuak. Hala ere, elkarte ugarik bolondres falta sumatzen dute. Topaketa honekin ere, jendea elkarte hauetara erakarri eta parte-hartzea sustatu nahi dugu”.
Egitaraua
19:00. Aurkezpen-hasiera ofiziala. Alkatea eta teknikariak.
19:15. Hitzaldia. Unai lizaso. Eibe.
19:45. Luntxa.
20:00. Elkarteen aurkezpena (14 elkarte).
21:00. Itxiera.