Lizardi plaza kerik gabeko gune izendatuko dute bihar, Tabakorik Gabeko Nazioarteko egunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/05/30 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tabakorik gabeko mundu mailako eguna da bihar, eta osasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten jarraituz, Tolosako ikastetxeek hainbat ekintza gauzatuko dituzte bertan.
  • Adikzioen Prebentziorako II Tokiko Planean jasotako datuen arabera, tabakoa da Tolosan gehien kontsumitzen den sustantzietako bat, bai helduen eta bai gazteen kasuan. Hala, planaren baitan jasotako lan ildoen barruan kokatzen dira landuko diren ekintzak.

 

Tabakorik gabeko mundu mailako egunaren harira, Tolosa kerik gabeko herria izateko lanean jarraitzen du Udalak. “Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe” proiektua nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten hainbat erakunderen elkarlanetik sortu zen orain zortzi urte: Tolosako Udala, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Tolosaldeako ESI, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideen elkarlanetik, zehazki.

 

Hala, Lizardi plaza tabakorik gabeko gune izendatuko da bihar, eta, beraz, eremu hori kerik gabeko gune izatea sustatuko da hemendik aurrera. Horrekin batera, Tolosako Udalaren eskutik, bihar Eskolapioak eta Laskorain ikastetxeetako DBHko ikasleek bi ekintza gauzatuko dituzte bertan: Ingurugiro eskolarekin elkarlanean egingo da “Zigarrokinik gabe” ekintza, eta ondoren klown emanaldia ikusteko aukera izango dute Intujai taldearen eskutik.

Era berean, goizean zehar, 10:30etik 13:30era bitartean, Osakidetzak eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak mahai informatiboak jarriko dituzte Lizardi plazan, tabakoak eta keak eragiten dituen ondorioen inguruan informazioa banatzeko.

Kerik Gabeko Herria

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bultzatutako Kerik Gabeko Herriak egitasmoarekin bat egin du Tolosako Udalak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, “orain hainbat urte onartutako legeriak eraginda, barrualdeetan tabakoaren kontsumoa ia erabat desagertu da, baina ohitura normalizatutzat jotzen da oraindik ere kanpoan erretzea”. Hori dela eta, Kerik Gabeko Herriak egitasmoarekin kerik gabeko espazio gehiago sortzea da helburua, “eremu horietan ez erretzea ohikoena izan dadin, batetik, biztanlegoaren osasuna eta ingurumenaren kalitatea hobetzeko, eta bestetik, espazio horiek atseginagoak eta erakargarriagoak izan daitezen”.

Hala, Kerik Gabeko Euskadiko Sare bat sortzea da proiektuaren helburua. Horren baitan, egitasmoan parte hartuko duten herrietako erakundeek espazioak proposatu eta mugatu dituzte, bertan ez erretzea gomendatuz. Aipatu bezala, Tolosaren kasuan Lizardi plaza izango da. Hori hala dela adierazten panelak ere jarriko dira bertan.

Kerik Gabeko Herria egitasmoak honako helburuak betetzea du xede: erretzaileak ez diren pertsonak babestea, tabakoaren eta nikotinaren kontsumoa desnormalizatzea, zigarro puntak ez izatea aire zabaleko inguruneetako objektu kutsatzaile ohikoenak, kerik gabeko gune izendatu diren espazioak osasunarekin eta ongizatearekin bateragarri izatea, espazio publiko atseginak eta osasungarriak sortuz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA