Martxan da berriro Hotzaren Programa, Tolosan dauden etxerik gabeko pertsonak baldintza klimatologiko gogorretatik babesteko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/12/02 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Programa honen bitartez, muturreko baldintza klimatologikoak iragarritako gauetan ostatua emango zaie Tolosan dauden etxerik gabeko pertsonei.
  • Laguntzaren helburua da pertsona horiei, bereziki neguko hotz eta eguraldiaren aurrean, ostatua emanez babesa eskaintzea eta oinarrizko elikagai beharrak asetzeko aukera ematea.

 

Martxan da, beste urte batez, Hotzaren Programa, herrian dauden etxerik gabeko pertsonak baldintza klimatologiko gogorretatik babesteko helburuz ostatua eman eta gaua igarotzeko Tolosako Udalak abiarazitako programa, alegia.

Laguntza hau Oria Hotelean emango du Udalak, eta gehienez gau bateko egonaldia izango da, izan ere, Tolosan dauden pasadizozko pertsonei zuzendutako laguntza da. Dena den, egoera klimatologiko bera mantentzen bada, gau gehiagotan ere eman ahal izango da zerbitzua.  Helburua da bereziki neguko hotzen aurrean, gaua babespean pasatzeko aukera eskaintzea, baita oinarrizko elikagai beharrak asetzeko otorduak eskaintzea ere. Horri lotuta, aurten, berrikuntza gisa, gosariaz gain, gauean afaltzeko bokata bero bat ere eskainiko zaie.

Esan bezala, Hotzaren Programa etxerik gabeko pertsonei zuzenduta dago, baldintza klimatologiko gogorrak iragartzen diren unean Tolosan daudenen horientzat, gaua pasatzeko etxerik edo tokirik ez badute. Ohiko bizilekua Tolosan dutenek ezin izango dute ostaturik hartu programa honen bidez, horiekin bestelako esku-hartze prozesuak hobesten baitira. Zehazki, premiazko prozedura bidezko programa ezartzen da, udalerrian errotuta ez dauden pertsonei premiazko babesa emateko. Edozein kasutan, herritarrek horrelako kasuren bat ikusi edo atzemanez gero, udaltzaingora dei dezakete horren berri emateko.

Baldintza hauek bete behar dira ostatua emateko: gaueko tenperatura 5ºC edo baxuagoa izango dela aurreikusita egotea edota Euskalmetek abisu horia argitaratzea eta ABEGIk eskaintzen dituen plaza guztiak beteta egotea.

Zerbitzua Tolosako Udaltzaingoak kudeatuko du, beraz, baldintzak betetzen dituzten eta zerbitzua erabili nahi duten pertsonek Udaltzaingora hurbildu beharko dute, ostaturako sarrera 22:00ak baino lehen egin behar baita.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA