- Aholku-Sarearen helburua da pertsona migratzaileak beren egoera erregularizatu eta lan-merkatuan sartu ahal izateko, kalteberetasun-egoeran dauden etorkinei zein etorkinen gizarteratze prozesuetan lan egiten duten administrazio publikoetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalei atzerritartasunaren alorreko aholkularitza juridikoa ematea.
- Zerbitzua asteazkenero eskainiko da 10:00-14:00 bitartean, Familia Elkargunean, hau da, Musika Eskolako eraikineko beheko solairuan.
Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan, Aholku-Sarea zerbitzua jarri du martxan, pertsona migratzaileei, lan merkaturatzeko bidean, aholkularitza juridikoa eskaintzeko. Horrela, Biltzenek (Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoen zerbitzu publikoa) eskaintzen duen telefono bidezko arreta juridikoa osatuko du zerbitzu honek.
Izan ere, migratzaileek zailtasunak izan ohi dituzte beren egoera erregularizatu eta lana bilatzeko eta horri helduta, Aholku-Sarearen helburu nagusia da prozesu hori lege-aholkularitza baten bidez bideratzea. Hori horrela, Aholku-Sarearen bitartez aurrez-aurreko aholkularitza juridikoa eskainiko zaie kalteberatasun egoeran dauden etorkinei zein etorkinen gizarteratze prozesuetan lan egiten duten administrazio publikoetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalei.
Tolosako bulegoa, Atzerritartasunari buruzko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarera gehitu da eta aurrerantzean, sare honek 28 informazio-gune izango ditu euskal geografian: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban.
Tolosako Aholku-Sarearen bulegoa Familia Elkargunean kokatu da, Musika Eskolako eraikineko beheko solairuan, alegia. Gaurtik hasita, zerbitzua asteazkenero eskainiko da, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak bitartean. Bertaratzeko, beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea 943 245 626 edo 943 245 627 telefonoetara deituz.
Familia Gunea, familia eta adin txikikoei zerbitzu integrala eskaintzeko espazioa
Tolosako Familia Guneak 2019an zabaldu zituen ateak, eta zerbitzu honetan familiei zuzendutako hainbat zerbitzu eskaintzen dira.
Alde batetik, Familia Elkargune zerbitzua jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justiziako Sailak eskaintzen duen zerbitzua, alegia. Familia Elkarguneak krisi egoeran dauden familientzako elkartze eremu neutroak, egokiak eta segurtasun- eta ongizate-bermedunak dira eta haren erabilera ebazpen judizial batek xedatuz behar du. Zerbitzu honi esker, adingabeek aitarekin, amarekin, tutorearekin edo beste senitarteko batzuekin harremana izateko daukaten eskubidea bermatzen da. Segurtasun-berme guztiak eskaintzen ditu familia-nukleoa adostasunik gabe hausten den egoeratan eta gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Diziplina anitzeko ekipo psikosozialak eta adituak ditu, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak. Elkargunearen zerbitzua baliatu ahal izateko epaitegian egin behar da eskaera.
Familia Elkarguneari, halaber, Familia Bitartekaritza Zerbitzua gehitu zitzaion 2020an, hain zuzen, familiei arreta emateko eta esku-hartze estra-judiziala eskaintzeko. Familia bitartekaritzak familia esparruko edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritza lanak eskaintzen dizkie beharra duten herritarrei. Zerbitzu hau, hain zuzen, astelehenetan eskaintzen da, aurrez hitzordua eskatuta, 943 576 208 telefonoan.
Bestalde, 2019 urtetik aurrera Familia Gunea erabiltzen da Tolosako Udalaren Gizarte Zerbitzuen eta Osasunaren Sailak eskaintzen duen Eskuhartze Zerbitzuko zenbait saio egiteko, beti ere esku-hartzeko saio horien eraginkortasuna bermatzeko espazio horien beharra edo egokitasuna baloratzen den egoeretan.