Mendekotasuna duten 16 adinekoen zaintzaileek hartzen dute parte Okencasa laguntza programan Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/10 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • OKencasa aplikazioa mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei dago zuzenduta, euren bizi kalitatea hobetzeko, eta azaroan aurkeztu zen Tolosan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

  • Tolosan OKencasa zerbitzura atxikitu diren zaintzaileen %73a emakumeak dira, eta %27a gizonezkoak, eta mendekotasuna duten pertsonengan ugariena den patologia mugikortasun arazoei lotuta dago.


 

OKencasa aplikazio informatikoa mendekotasuna duen adineko senitartekoren bat zaintzen duten pertsonei zuzendutako laguntza programa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimena azaroan aurkeztu zen Tolosan, zaintza lanak egiten dituzten herritarrei eguneroko jarduna errazteko baliabideak eskaintzeko.

Azaroan aurkeztu zitzaien programa hau Tolosako familiei eta abenduaren 1ean hasi ziren OKencasa erabiltzeko formakuntza saioak. Familiei laguntza zuzena otsailaren 1ean hasi zen eta lehen programa hau ekainaren 30ean amaituko da. Momentu honetan ez dago familia gehiago sartzeko aukerarik, izen ematea itxita dagoelako, baina etorkizunean deialdi gehiago egitea aurreikusten da.

Izena ematen duten zaintzaileei ebaluazio test bat egiten zaie lau hilabetero, euren egoera biopsikosoziala aztertzeko. Emaitzen arabera eta hautemandako hobekuntza-beharretan oinarrituta, prestakuntza pertsonalizatua ematen zaie eta laguntza saioak eskaintzen zaizkie. Bestalde, trebetasunak garatzeko jarduera-plan bat ere egiten da.


 

Mendekotasun egoeran dauden Tolosako adinekoen profila

Tolosan mendekotasuna duten 16 adinekoren zaintzaileek hartzen dute parte OKencasa programan. Familia bakoitzean dauden zaintzaile kopuruari erreparatuz, Tolosan pertsona bakarra arduratzen da mendekotasuna duen adinekoa zaintzeaz familia gehienetan. Horrela gertatzen da programan parte hartzen duten 12 familiatan zehazki. 3 familiatan soilik daude bi zaintzaile eta familia bakarrean daude 4 zaintzaile.

Mendekotasun egoeran dauden adinekoetan patologia ohikoenak dira mugikortasun arazoak (%31). Alzheimerra %6ek pairatzen dute, baita dementzia, diabetesa, iktusa, parkinsona eskizofrenia edo psikosi maniako-depresiboa ere, eta badaude beste patologia mota batzuk dituztenak (%19).

Mendekotasun graduei erreparatuz, %44ak du lehen gradua, %50ak bigarren gradua eta %6ak hirugarren gradua.


 

Zaintzaileen profila

Tolosan OKencasa zerbitzura atxiki diren zaintzaileen %73a emakumeak dira, eta %27a gizonezkoak.

Zaintzaile emakumeen kasuan, %69a adinekoen alabak dira eta %25a bikotekideak. Adinari dagokionez, gehienek 56-65 urte dituzte (%44ak). 46-55adin tartean daude %25a eta 75 urtetik gorakoak dira %19a.

Zaintzaile gizonezkoen kasuan ere antzera gertatzen da, %50a dira semeak eta %33a bikotekideak. Adinari erreparatuz, gehiengoak 56-65 urte dituen arren (%32), beste adin tarte batzuek ere badute pisua: %17a 30 urtetik beherakoa da, beste %17ak 30-45 urte bitartean ditu, beste %17 batek 66-75 urte ditu eta, azkenik, beste %17ak 75 urtetik gorakoa da.

Harremanetarako erabiltzen duten hizkuntzari dagokionez, emakumeen artean %50ak euskara erabiltzen du, eta gizonezkoen artean, berriz, %100ak gaztelania.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA