Ongietorri beroa, uda eskualdean igaroko duten haur sahararrei eta harrera familiei

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/20 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna

Aurten ere Saharako haurrak izango ditugu eskualdean, uda pasatzen, Tolosako Udalak, eskualdeko beste hainbat udalen eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin antolatzen duen Oporrak Bakean programari esker. 22 urte dira egitasmoa martxan jarri zenetik.

Gisa honetako egonaldiek osasun azterketak egiteko, ikasteko, harreman berriak egiteko eta aisialdi giroan gozatzeko aukera ematen diete haurrei, baita basamortuan udako hilabeteetan egiten duen berotik ihes egiteko ere. Egonaldian zehar ekintza eta jarduera ugari garatzen dituzte eskualde osoan zehar.

Aurten zortzi dira uda Tolosaldean igaroko duten haur sahararrak. Gaur arratsaldean Tolosako zein Tolosaldeko udaletako ordezkariek ongietorria egin diete Tolosako udaletxean. Harrera ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Tolosako, Ikaztegietako, Adunako, Alkizako, Berastegiko, Anoetako, Zizurkilgo edota Amasa-Villabonako udaletako ordezkariek.

Tolosako alkateak egin die harrera, denen izenean. Andu Martinez de Rituerto Arregik nabarmendu duenez, “elkartasun honek, tantaka bada ere, bultzada garrantzitsu bat eman dio herri sahararrari”. Familien ahalegina ere balioan jarri eta eskertu du: “Oso ondo islatzen du gure herriarentzat nahi ditugun balioak: solidaritatea, elkarlana eta elkarri laguntza ematea”.

Aldarri bat ere egin du alkateak: “behingoagatik herri sahararra errespetatua izatea urte urte luzetako arazo honi irtenbidea ematea nahi nuke, sahararrak aske bizi daitezen”.

8 bizikleta dohaintzan

Harreraren ostean Zumardiandian igaro dute arratsaldea. Bertan Gurpilgunea espazioa ezagutzeko aukera izan dute haurrek. Zumardia elkarteak, gainera, zortzi bizikleta eman dizkio dohaintzan Tolosaldea Sahararekin elkarteari, alegia, bizikleta bat haur bakoitzeko, uda sasoian erabil ditzaten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren laguntzarekin, bizikletentzako ekipamendua ere jaso dute haurrek: kaskoak, kandaduak, puzgailuak…

Behin uda amaituta, bizikletak elkarteak berak jasoko ditu datozen urteetan Saharatik Tolosara datozen haurrek eskura eta erabilgarri izan ditzaten.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, berriz, eskerrak eman dizkie udalei, baita Zumardia elkarteari ere, jasotako laguntzagatik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA