Senide baten zaintzan aritzen direnen eta zainketa zerbitzuetako langileen topaketak, datorren astean, Zaintza Ekosistemaren Diagnostikoa osatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/27 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Senideen zainketzaileei bideratutako saioa abenduaren 2an, astelehena, izango da; etxeko eta zainketa zerbitzuetako langileena, berriz, abenduaren 4an.
  • Egunetako bakoitzean bina saio egingo dira: euskaraz, 10:00-11:30 bitartean, Kultur Etxean; gazteleraz, 18:00-19:30 bitartean, Euskaltegian.

 

Tolosako Udalak hilabeteak daramatza herriko zaintza ekosistemaren diagnostikoa lantzen. Zainketa eredu asko daude gurean, horregatik eskaintza guztia bere osotasunean aztertu, errealitate ezberdinak ezagutu, eta hobekuntzak planteatzeko oinarri bat sortzea da azterlan honen helburua.

Orain arte, elkarrizketa eta lan saio batzuk egin dira eragile sozial ugarirekin: irabazi askorik gabeko elkarteekin, zaintza sektoreko enpresekin, ikastetxeekin, adineko egoitzekin, osasun arloko erakundeekin, jubilatuen elkarteekin, auzo elkarteekin… 

Herritarrei begirako bi deialdi ireki egingo dira orain. Bata, abenduaren 2koa, astelehena, senide baten zaintzaile lanetan aritzen direnentzat; bestea, abenduaren 4an, asteazkenean, etxeko eta zainketa zerbitzuetako langileei zuzendutakoa.

Adingabeak, adinekoak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak, dibertsitate funtzionala dutenak… zaintzen ibiltzen direnei zuzendutako saioak dira biak. Entzute ariketa bat izango da, beren errealitateak ezagutzeko, behar, sentipen edota kezkak partekatzeko, baita iradokizunak egiteko ere.

Egunetako bakoitzean bina saio egingo dira, hizkuntzaren arabera: euskaraz, 10:00-11:30 bitartean, Kultur Etxean; gazteleraz, 18:00-19:30 bitartean, Aitzol Udal Euskaltegian. Gehien komeni zaien ordutegia aukeratu ahal izango dute parte hartu nahi dutenek.

Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Bi eratara egin daiteke: 747 495 569 telefono zenbakira deitu edo mezu bat idatzita; edo marina.azkonizaga@daiteke.com helbide elektronikora idatzita. Bide batez, zeinu interpretazio eta zaintza zerbitzuak eskainiko dira bi saioek irauten duten bitartean. Horretarako, azaroaren 29a baino lehen egin beharko da eskaera aipatutako bi bide horietako bat erabilita.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA