Tolosako Udalak Alondegiko lurzoruaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiari laga dio adineko pertsonei egoitza-harrerako plaza gehiago sortzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/05/15 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tolosako Udalak pasa den maiatzaren 15ean ohiko Osoko Bilkura egin zuen eta 7 puntuko gai zerrenda jorratu zuten bertan.
  • Hizpide izan zuen Udalbatzak gizarte zerbitzuen, osasunaren eta nazioarteko lankidetzaren alorreko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza aldaketaren hasierako onarpena, udal langileen ordainsarien igoera, eta Alondegian dagoen lurzoru zati baten erabilera Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea, adineko pertsonei egoitza-harrerako zerbitzu zabalagoa eskaintzeko.

Tolosako Udalak pasa den maiatzaren 15ean maiatzeko ohiko Osoko Bilkura ospatu zuen eta 7 puntuko gai zerrenda jorratu zuten bertan. Hizpide izan zuen Udalbatzak gizarte zerbitzuen, osasunaren eta nazioarteko lankidetzaren alorreko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza aldaketaren hasierako onarpena, udal langileen zein erabateko dedikazioarekin edo dedikazio partzialarekin aritzen diren Korporazioko kideen ordainsarien igoera, eta Tolosako Hiri Ordenazioko Plan Orokorreko 12.1 Azpiesparruan —Alondegia— dagoen lurzoru zati baten erabilera eta luperketa Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea, adineko pertsonei egoitza-harrerako zerbitzu zabalagoa eskaintzeko.

Azken honen kasuan, Tolosako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi du Alondegiko eremuaren zati bat, Uzturre Asistentzia Gunearen bitartez, bertan mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei ematen zaien zerbitzua zabaltzeko, egoitza-harrerako plaza gehiago sortuz. Handitze lanak egingo dira Uzturre egoitzan, eta 120 plaza eskainiko dira bertan, behin lanak bukatuta: 116 banakako logela eta bi lagunentzako 2 logela. Eraikina zabalduko da egun bertan eskaintzen dituzten zerbitzuak berrantolatu eta arreta eta kudeaketa egokia egiteko. Zati berrian egun 5. solairuan kokatuta dauden psikogeriatriako plazak egongo dira, eta egoitza-harrerako plaza guztiak, berriak barne, elkarrekin. Gehiengo zabalarekin onartu zen proposamena.

Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du “adinekoen egoitza-harrerako beharrak asetzeko baliabideen sorrera herritarren interesekoa da eta arreta-eskubidea Tolosan bertan jasotzea bermatzen da horrela”.

Hizpide izan zen ere gizarte zerbitzuen, osasunaren eta nazioarteko lankidetzaren alorreko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Ahobatez onartu zuen Udalbatzak tramitea. Alkateak azaldu zuenez, hainbat hutsune antzeman dituzte azken bi deialdietan eta balorazio irizpideak berrikusi eta justifikazio prozedura eguneratu da. Alde batetik, diru-laguntzak emateko ordenantza bakarra da oraingoa, aurreko bien aldean, eta ordenantza horren baitako laguntza konkretuak zehaztu dira. Bestetik, laguntza lerroa ordenantzearekin batera, justifikazio prozedura sinplifikatu eta erraztu egin da. Jasotzen ditu honako lan-ildoak:

  • Tolosan eraldaketa sozialerako heziketa eta sentsibilizazio proiektuak eta ekintzak gauzatzeko diru-laguntzak elkarteei.
  • Gizarte zerbitzuen eta osasunaren alorreko jarduerak egiteko diru-laguntzak elkarteei.
  • Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloko elkarteen mantenurako diru-laguntzak.
  • Hegoaldeko herrialde txiroetan garapen proiektuak egiteko diru-laguntzak elkarteei.
  • Nazioarteko lankidetzan boluntarioki dihardutenentzat diru-laguntzak.
  • Larrialdi egoeretan ekintza humanitario eta puntualetarako proiektuak egiteko diru-laguntzak.

Udal langileen zein erabateko dedikazioarekin edo dedikazio partzialarekin aritzen diren Korporazioko kideen ordainsarien igoera onartu zen ere. Estatuan legeak ezarritakoari jarraiki, Tolosako sektore publikoan diharduten langileen ordainsariak %2,25 igoko dira 2019an, urtarrilaren 1etik kontatzen hasita. Barne hartzen ditu Tolosako Udala, Iurramendi Egoitza, eta Tolargi eta Tolosa Lantzen udal sozietateak. 2019ko uztailaren 1etik aurrera beste %0,25-eko igoera aplikatu ahal izango da, 2018ko Estatuko Barne Produktu Gordina %2,5eko portzentaian badago.

Ahobatez onartu ziren ere Tolosa Lantzen SA Sozietateko 2018ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak.

Maiatzeko Osoko Bilkuraren bideoa:

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA