-
Adineko pertsonei eskainitako zerbitzuak hobetu eta osagarritzeko helburuarekin indartu du Udalak Eguneko Arreta Zerbitzua.
-
Saio ezberdinak eskainiko dira talde modalitatearen eta pertsonen beharrizanen arabera prebentzioa, autonomia eta harreman sozialak lantzeko helburuarekin.
-
Urtarrilean abiatuko da zerbitzua Uzturre Asistentzia Gunean. Herritarrek telematikoki edota aurrez aurre UDATEn, Herritarren Arreta Bulegoan, eman ahal izango dute izena.
-
Olatz Peon alkatea: “Pandemiak are eta ageriagoan jarri du zaintza erdigunean kokatzeko beharra eta zentzu horretan, egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak, gizarte politikak eta zerbitzuak lantzen eta garatzen ari gara; zerbitzu integral berriaren bitartez, mendekotasun egoeraren atarian dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea lortuko dugu, eta bide batez, zaintza-lanak erraztu”
Gizarte ongizatearen sustapenera eta zerbitzuen hobekuntzara bideratu ditu baliabide eta indarrak azken urte luzeetan Tolosako Udalak, Tolosako errealitate eta beharretara dimentsionatutako zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin.
Eguneko Arreta zerbitzuaren oinarria 2009an abiatu zen, urte horretan jarri baitzen martxan mendekotasun egoerak prebenitzeko ikastaroa zeritzona. Pandemia aurretik, 2019-2020 urte bitartean, zerbitzu osoagoa eskaintzearen garrantziaz jabetuta, bi esperientzia piloto gauzatu ziren Uzturre Zentroan. Biek izandako harrera eta balorazio positiboa kontuan izanda, programaren egitura egonkortzea eta Eguneko Arreta Zerbitzu integrala eskaintzea erabaki du Udalak.
Gainera, kontuan izan behar da zerbitzu honetaz gain, erabiltzaileek aukera izango dutela Uzturre Asistentzia Gunean eskaintzen diren beste hainbat zerbitzu osagarri eskuratzeko: jangela soziala, Iturriza adinekoen elkartea, ile-apaindegi eta podologoa eta beste adineko pertsona ugarirekin hartu-emana izateko aukera.
Zaintza erdigunean
Gizartearen zahartzea eta adineko pertsonen zaintza, Covid19aren aurretik ere etorkizunera begirako erronkarik nagusienetarikoa zen eta da. “Pandemiak are eta ageriagoan jarri du zaintza erdigunean kokatzeko beharra eta zentzu horretan, egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak, gizarte politikak eta zerbitzuak lantzen eta garatzen ari gara” azaldu du Olatz Peon alkateak. “Tolosarrei kalitatezkoa arreta eta zerbitzuak eskaintzeko Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzeaz harago, zaintzaren inguruko proiektu ezberdinak ere ditugu mahai gainean eta gero eta gizarte zaharkituago baten aurrean gaudenez, ahalegin berezia egin behar dugu zerbitzu hauen eskaintzan, profil ezberdinetako pertsonen behar guztiei erantzuteko” gaineratu du alkateak.
“Zerbitzu integral berriaren bitartez, mendekotasun egoeraren atarian dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea lortuko dugu, adineko pertsonek beren autonomia mailari eutsi eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzeko eta gizarteratzeko aukera handiagoa izan dezaten, eta bide batez, zaintza-lanak arintzeko aukera berri bat izango dute beren senitarteko zaintzaileek” esan du.
Zerbitzu integral berriaren berrikuntza nagusiak
Zerbitzua mendekotasun arriskuan edo mendekotasun-egoera arinean dauden 70 urte edo gehiagoko pertsonei zuzenduta dago. Helburua da, autonomia mailari eustea, mendekotasun egoerak atzeratzea edo ekiditea eta bakarrik sentitzen diren pertsonei lagunartea eskaintzea.
Erabiltzaileei jarraipen osoa egingo zaie, gizarte-eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzea jasoko dute, eta aisia, hezkuntza eta kultura jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, guztia, profesional talde baten gidaritzapean. Bere kabuz zerbitzuaren kokagunera iristeko aukerarik ez duten erabiltzaleentzat garraio zerbitzua aktibatzeko aukera ere izango da.
Herritarren beharrizan eta egoera anitzei modu egokiagoan erantzuteko 3 talde-egitura aurreikusi dira:
-
Eguneroko saioak, goizez. 10-14 pertsonako taldea. Saio bakoitza 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileak egin beharrekoa ekarpena 0,25€/saioko.
-
Astean bi saio, arratsaldez. 10-14 pertsonako taldea. Zerbitzua astean bi egunez eskainiko da. Saio bakoitza 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileak egin beharrekoa ekarpena 0,75€/saioko.
-
Astean saio bat, erdigunetik aldenduta dauden auzoeetako biztanleentzat. 8-14 pertsonako taldea. Saioa 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileak egin beharrekoa ekarpena 1€/saioko.
Izen- ematea eta eskaeren balorazioa
Zerbitzua urtarrilean abiatuko da eta horregatik, dagoeneko izen ematea zabaldu du Udalak. Herritarrek, eskaera orria beteta, telematikoki, sarrera erregistro bidez, edota aurrez aurre UDATEn, Herritarren Arreta Bulegoan (Plaza Zaharra), eman dezakete izena. Zalantzarik izanez gero, herritarrek 946 654 466 telefono zenbakira deitu dezakate.
Eskaerak Gizarte Zerbitzuen eta Osasunaren Sailean jasoko dira eta bertan baloratuko da eskatzaile bakoitzak zerbitzuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen. Bertan erabakiko da, halaber, taldeak sortu edo eten behar diren ere.