Tolosan bakardade egoeran dauden adinekoentzat “Zilarrezko haria” telefono bidezko laguntza zerbitzua indartuko da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/07 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Bakarrik dauden pertsona nagusiei telefonoz laguntzeko doako zerbitzua da “zilarrezko haria”.

  • 900 713 771 telefonora deituta eskaintzen da laguntza. Deiak anonimoak eta konfidentzialak dira.

  • Halaber, 2020an Adinkide programa ere abiarazi zen, aurrez aurreko laguntza zerbitzua, adiskidetasun harremanen bidez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzeko helburuarekin.

 

Tolosan bakardade egoeran dauden adinekoentzat “zilarrezko haria” indartuko da, telefonoz laguntzeko doako zerbitzua. Helburu du haien borondatearen aurka bakarrik dauden adinekoak benetan bakarrik ez geratzea eta edozertarako ahots lagun batekin hitz egiteko aukera ematea.

Nagusilan adinekoen gizarte-boluntariotza elkarteak indartuko du proiektua Tolosan, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren babesarekin, osasun krisian zerbitzuaren eskariak nabarmen gora egin baitu bakardareari aurre egiteko.

Bakardade egoeran dauden adineko guztiek erabil dezakete 900 713 771 telefono zenbakia, astelehenetik ostiralera 10:30etatik 13:00etara eta 15:30etatik 17:00etara, ostiraletan goizez bakarrik. Lehen aldian, izena eta telefono zenbakia adierazi behar dira eta ondoren boluntario batek deituko dizu. Posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena hilodeplata@nagusilan.org helbidera idatzita.

 

Aurrez aurreko laguntza zerbitzua ere bai, Adinkideren eskutik

Nagusilan-en eskaintzen duen telefono bidezko laguntzaz gain, badago Tolosan adinekoen bakardadeari aurre egiteko aurrez aurreko laguntza programa: Adinkide. 2020an jarri zen zerbitzua martxan adiskidetasun harremanen bidez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzeko helburuarekin.

Hiru modutara hartu daiteke parte Adinkiden:

  1. Aurrez aurreko laguntza: astean gutxienez 2 orduz elkartzen dira adineko pertsona eta Adinkideko boluntarioa paseatzeko, hitz egiteko, etab.

  2. Telefono bidezko laguntza: telefono, bideo-dei edo posta bidezko harremanak sortzen dituzte boluntarioek eta adinekoek.

  3. Bizilagun handiak: bizilagun eta auzotarren arteko harremanak sustatzen dira, adineko pertsonak beren inguruan bizi diren bizilagun boluntarioekin harremanetan jarriz.

Parte hartzaile guztiak “ekintza-talde” bateko kide izango dira eta Adinkidek antolatutako auzo-topaketetan edo irteera kulturaletan parte hartu ahal izango dute guztiek. Informazioa eskuratzeko 676 197 354 telefonora deitu, tolosa@adinkide.org helbidera idatzi edo Emeterio Arrese eraikinean kokatuta dagoen Adinkide bulegora bertaratu daiteke.

Fitxategiak: 
PDF icon eskuorria | tríptico

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA