Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua herritarren eskura

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/30 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Udalak Eskuaire elkartearekin berritu duen hitzarmenari esker, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartuko da, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa eta eskainitako zerbitzua hobetzeko eta informazio eskubide berdintasuna bermatzeko.
  • Ekintza publiko jakinetan, udaletxean izapideak egiterakoan edo sailekin harremanetan jartzerakoan zein antolatzen diren jardueretan zeinu hizkuntzako interpretea eskatu ahal izango dute herritarrek. Udal webgunean ere hainbat aldaketa egingo dira irisgarriak izan daitezen.

 

Tolosako udalerrian badaude hainbat herritar funtzio-aniztasuna dutenak entzumenari dagokionez, horietako batzuk, gainera, adin txikikoak. Olatz Peon alkateak adierazi duenez, “Udalaren lehentasunetako bat da herritarren ongizatea bermatu eta hobetzeko urratsak ematea. Horregatik, tolosar guztien informaziorako eskubidea bermatzeko, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartuko dugu. Modu honetara, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetu eta herritar horiek komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotu nahi ditugu”. 

Urteak daramatza Gainditzen elkarteak esparru honetan lanean, udalaren babes eta laguntzarekin. Helburua da entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonen eskubideen alde egitea eta herritarrak sentsibilizatzea. Bestalde, alkatearen hitzetan, “2019an sinatu genuen lankidetza hitzarmena Eskuaire elkartearekin, udalak antolatutako ekintzetan interprete zerbitzuak eskaini zitzaten. Orain, pausu berri bat eman nahi dugu eta horretarako, 2020 urte honetan lankidetza hitzarmena berritu dugu elkartearekin, ZHI zerbitzua indartzeko”.

194 tolosarrek dute funtzio-aniztasuna entzumenari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an egindako desgaitasun balorazioen datuen arabera. Zerbitzu berriaren helburua da Tolosako herritarren aukera eta eskubide berdintasuna bermatzea, eta udala eta herria guztientzat irisgarriagoa egitea. “Lortu nahi duguna da udal zerbitzuetarako sarbidea irisgarriagoa egitea, informazio eskubide berdintasuna bermatzea, udalaren arreta eta zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen beharretara eta gaitasunetara egokitzea, eta herritarren eta udalaren arteko komunikazioa hobetzeko tresna berriak martxan jartzea” azpimarratu du alkateak.

Lau ardatz

Zerbitzuak lau ardatz nagusi izango ditu. Alde batetik, ekintza publiko jakinetan zeinu hizkuntza interpretea eskainiko du udalak, besteak beste ekintza berezietan edota jaietako aurkezpenetan. ajaietako festetan.

Bestalde, Udaletxean izapideak egiteko edota sailekin harremanetan jartzeko ere zeinu interprete zerbitzua eskatu ahal izango da. Bestalde, antolatzen diren jarduera eta ekintzetan (ikastaroak, jabetza eskolako jarduerak, ipuin kontaketak…) zeinu hizkuntza interpretea ere eskatu dezakete herritarrek. Elektronikoki edo UDATEN egin beharko dira eskaerak, zerbitzua behar den eguna baino 5 egun lehenago.

Udalaren informazio guneak irisgarriak egitea da zerbitzuaren beste ardatz bat. Horretarako, webguneko hainbat atal egokituko dira zeinu hizkuntzara.

Azkenik, zeinu hizkuntzaren oinarrizko tailerrak eskainiko zaizkie herritarren arretan diharduten pertsonei (dendariak, tabernariak, udaleko langileak, irakasleak, etab.). Bi formazio saio egitea aurreikusten da.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA