- Azterketa luze-zabala izanik, beharrezkoa izango da lehentasunak ezartzea eta hainbat urtetarako inbertsioak egitea; behin betiko ekintza-plana adostu egingo da gainerako udal taldeekin eta herritarrekin. Korporazio osoaren proiektu bat izango da.
- Udal gobernuak bi egitasmoren proiektuen gauzatzea 2019ko aurrekontuan txertatzeko proposamena luzatu du: Emakumeen Etxea, behin kokapena definitzen denean, eta Udate Herritarren Arreta Zerbitzuaren berregituraketa.
Tolosatzen parte-hartze prozesuan eman dute azpiegitura soziokulturalen azterketaren berri eta, horren ondoren, gaurko prentsaurrekoan, Olatz Peon Ormazabal alkateak herritarrei aurkeztu dizkie, bai azterketa “anbizio handiko eta zabal” honen ildo nagusiak, bai gobernu taldeak hurrengo urteari begira duen proposamena ere azpiegitura soziokulturalei dagokienez.
“Xehetasunetan sartu baino lehen, azpimarratu nahi dut azterketa hau egin dugula beharrezkotzat jotzen dugulako halako ikuspen global bat izatea arlo honetako beharrei eta ditugun baliabideei buruz, horrela, modu eraginkorrean eta efizientean erantzun ahal izateko Tolosak duen jarduera soziokultural handiari. Hala, jarduketak eta inbertsioak egingo dira planifikazio eta ikuspen bateratu baten pean, eta oinarri izanda antzemandako lehentasunak eta beharrak”. Horrelaxe mintzatu da alkatea.
Azterketa 18 gune eta 33 zerbitzuri buruzkoa da. Jasotzen ditu udal ekipamendu bakoitzak gaur egun duen egoera, dituen zerbitzuak eta etorkizunean izan ditzakeen aukerak. Era berean, aztertzen ditu gaur egungo zerbitzuak, dauden beharrak eta 10 urteko epean sor daitezkeenak. Horrekin guztiarekin proposamen bat egin du Hiritik At enpresak, azterketaren ardura duenak, espazio horiek optimizatzeko, horien erabilera hobetzeko eta, horrela, tolosarrei zerbitzu hobea eta beste alternatiba batzuk eskaintzeko. Hona proposamenetako batzuk: liburutegia Gorosabelera eraman; Kultur Etxea arindu eta horko zerbitzu batzuk Abastosera eraman; karpa desmuntagarri bat jarri Ferialekuaren kanpoaldean, erabilera askotako leku bat izan dadin, nagusi kirol jarduera dela (Tolobolei, gimnasia erritmikoa…). Kasua edozein delarik ere, hobetzeko eta egokitzeko obrak egin beharko dira; hortaz, proiektuak urte askotarako inbertsioak beharko ditu.
Konpromisoa eta adostasuna
“Proiektu honek aldaketa handia ekarriko du eta ondorengo urteetan diru asko jarri beharra ere bai; hortaz, oraingo eta ondorengo korporazioaren konpromisoa eskatzen du. Horregatik, hasiera-hasieratik, tolosarren eta gainerako udal taldeen inplikazioaren bila ibili gara, eta urtero guztiekin adostuko dugu gauzatu beharreko ekintza-plana” esan du Olatz Peon Ormazabalek.
Azterketa honen edukia aztertu dute Tolosatzen prozesuko saio monografiko batean. Alkateak hau gehitu du: “Tolosarren proposamenak jaso ditugu eta, beste alderdi politikoekin adostu dugu, behin herritarren ekarpenak jaso ondoren, alderdi guztien arteko irakurketa egingo dugula eta proposamen bateratu bat prestatuko dugula, adostasunez, aurrera ateratzeko”. Hori guztia bukatutakoan, azken dokumentua idatziko da eta, ondoren, ekintza-plana adostuko dute urtero.
“Azterketaren hedaduragaitik beharrezkoa da lehentasunak ezartzea, eta gure proposamena da hurrengo urteari begira bi azpiegituren proiektuak egiten hastea: alde batetik, Emakumeen Etxea, behin emakume taldeekin eta Tolosaldeko gainerako ordezkariekin kokapena adostean, nire ustez, proiektu hau ezin delako eta ez delako gehiago atzeratu behar; eta bestetik, Udate Herritarren Arreta Zerbitzuaren berregituraketa. Udalaren egituraketaren eta eskaintzen diren zerbitzuen berrantolaketan gaude murgilduta. Herritarrak Udaten ia zerbitzu guztiak tramitatzea dugu helburu. Ondorioz, Herritarren Arreta Zerbitzua zabaldu eta indartuko da herritarrak hartatzeko mahai gehiago jarriz eta tramiteak era erraz eta automatikoan burutzeko azpiegitura teknologikoak ezarriz”. Horrelaxe argudiatu du alkateak.
“Nolanahi ere, berriro diot gure helburua eta borondatea direla ahalik eta adostasunik zabalena lortzea; beraz, behin betiko ekintza-plana gainerako taldeekin adostuko da, kontuan izanda herritarrek Tolosatzen prozesuan (atzo, azaroaren 22an amaitu zen) egindako eskakizunak. Herritarrei, udal korporazioaren adostasun zabalenarekin, hurrengo urtearen hasieran aurkeztuko zaie plan hori” esan du, bukatzeko, Olatz Peon Ormazabal alkateak.
18 udal ekipamendu aztertuta, 33 zerbitzuri begira
Azterketak, funtsean, bi osagai nagusi ditu: Tolosak gaur egun dituen ekipamendu soziokulturalen katalogoa eta eskaini beharreko zerbitzuak. Helburua da bi osagai horiek ahalik eta modurik efizienteenean batzea, udal espazioen erabilera hobetzeko eta, horrela, tolosarrei zerbitzu hobea eta beste alternatiba batzuk eskaintzeko.
Udal ekipamenduen azterketak 18 gune hartzen ditu, eta azaltzen ditu bakoitzak gaur egun duen egoera, dituen zerbitzuak eta etorkizunean izan ditzakeen aukerak. Hauexek dira: Kultur Etxea, Gorosabel Zaharra, zezen-plaza, Ferialekua, Aranburu jauregia, Errota, Emakumeon plazako lokalak (garai bateko Korazonistetan), Abastos, Sevendenea izeneko eraikina, Arkauteko txaleta, Zuloaga Txiki, Nafarroa etorbideko lokala, Unipapel, Errretengibeleko lokala, Korreo kaleko lokala, Emeterio Arresekoa, Leidor aretoko solairuartea eta Elkano kaleko 15-16ko lokala.
Era berean, aztertzen ditu gaur egungo zerbitzuak, dauden beharrak eta 10 urteko epean sor daitezkeenak. Alegia, gaur egun zer zerbitzu ematen diren, horien gaurkotzea edo zabalpena, eta etorkizunari begira aurreikusitakoak. Hauexek dira: Musika Eskola, Kzgunea, familia elkargunea, liburutegia, erakusketa-gela, erraldoi eta buruhandien biltegia, toloboleia, gimnasia erritmokoa, erabilera askotako gunea, skate/parkour-eko gunea, udal lan-taldearen biltegia, kale-garbiketakoena, ibilgailuen gordailua, tokiko komunikabideen lokalak, elkarteena, sortze-industriarako espazioa, udal bulegoak, erabilera askotako aretoa, tailerrak, bilera-gelak, artxiboa, Tolomendi, Tolargi eta Tolosagaren egoitzak, Erretengibeleko bulegoa, parte hartzeko gunea, Aitzol udal euskaltegia, Emakumeen Etxea, gazte topagunea, herritarrak atenditzeko zerbitzua, musika-entseguetako lokalak, eta ingurumen-zentroa.