- Emeterio Arreseko parkearen zorua eraberrituko da eta Samaniego Ikastetxeko Haur Hezkuntzako eraikineko eta Aldaba auzoko parkeak egokituko dira.
- Iurramendin aisialdirako gunea sortuko da eta Arramelen, berriz, kirol gunea.
- Norvegiarren lorategietan eta Zumardiaundian kokatuko dira kalistenia guneak.
Udalerriko eremu publikoan sakabanatuta dauden jolastoki eta aisialdirako eremuak eraberritzeko eta berriak sortzeko lizitazioaren lanketan izan da Tolosako Udala azken hilabeteotan. Bada, prozesuaren amaierara iritsita, kontratazio mahaiak gaur goizean egin du esleipena, eta lan horiek gauzatzeko kontratuak sinatuko dira dagokien enpresekin, lanak berehala has daitezen.
Zazpi eremu
Guztira zazpi puntutan egingo dira lanak: bi lekutan kalistenia gune berriak sortuko dira, Zumardiaundian eta Norvegiarren lorategietan. Gainerako lanak bost haur parketan egingo dira, Aldaban, Iurramendin, Emeterio Arresen, Arramelen eta Samaniego Ikastetxe publikoan.
Parkeetako batzuk guztiz eraberrituko dira, egoera txarrean dauden elementuak ordezkatuz. Beste kasu batzuetan, aldiz, elementu berriak jarriko dira. Hauek dira jolastokiz jolastoki egingo diren lanak:
-
Emeterio Arrese:
Haur parkearen egungo zorua, moketazkoa dena, behin eta berriz zulatzen da eta arazo ugari sortu izan ditu. Material honen mantenu kostua oso altua da, material berezia baita, eta konponketak baldintza zehatzetan egin behar izaten dira, garai lehorretan. Behin baino gehiagotan tapatu da, behin behinean, baina denboran ez du irauten, eta urte osoan zehar arazoak izan dira. Denbora da egoera kaskarrean dela, eta parkeak duen beharraz eta egoeraz jakitun izanda, denboran iraunkorragoa den soluzio bat hobetsi da orain: zoru guztia aldatuko da, material sintetikoa erabiliz. Jokoak bere horretan mantenduko dira.
-
Samaniego Ikastetxea:
Samaniego Ikastetxeak egindako eskariari erantzunez Haur Hezkuntzako eraikinaren ekialdeko zelaigunean haur parkea egingo da, 6 urte arteko haurrentzat. Jolasgune inklusiboa izango da eta material naturalei garrantzia emango zaie.
-
Aldaba:
Gaur egun kenduta dago bertako parkea ez zuelako segurtasuna bermatzen. Erabat berria jarriko da. Espazio erabilgarriak 60 m2 inguruko forma irregularra du. Ezarriko den jolastoki berria, 8 urte arteko haurrei zuzenduta egongo da eta diseinu inklusiboa izango du. Ezarriko diren elementuen artean daude, zabua, txirrista eta panel ludiko bat, besteak beste.
-
Arramele:
Haur parkea osatuko duen kirol gune berria sortuko da Montetxe kalearen alboan, parte hartze bidezko aurrekontuetan herritarrek bozkatutako proiektuaren harira. Aisialdirako bi gune berri sortuko dira: kirol anitzeko espazio bat eta mahai teniseko eta teqball-eko mahaiekin osatuko den beste eremu bat.
-
Iurramendi:
Aisialdirako gune bat sortuko da egun haur parkea dagoen plazaren beste aldean: mahai teniseko, teqball-eko eta kanpoko jokoetako mahaiak (partxisa, xakea) jarri eta zoruan jolasak margotuko dira. Horrez gain, parkearen zoladura berrituko da.
-
Zumardiaundia:
Gurpilgunearen alboan kokatuko da kaslistenia eremu berria, belar gainean. Aire librean indar ariketa fisikoak egiteko hiru ekipo izango ditu: paralelak, barra eta eskailera.
-
Norvegiarren lorategiak:
Iurre auzoaren eta aparkalekuaren arteko gunean sortuko da bigarren kalistenia eremu berria. Zumardiaundikoak bezala, hiru ekipo izango ditu, paralelak, barra eta eskailera.