Erdiguneko tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko proiektuan aurrerapausoak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/09/23 | Hirigintza
  • Denbora honetan udal gobernu-taldea ADIF erakundearekin lankidetzan aritu da proiektuan aurrera egiteko.

  • Iraileko osoko bilkurara eramango dira obrak gauzatzeko konpromiso-kredituak, urrian Udalbatzak Tolosako Udalaren eta ADIFen arteko hitzarmena onar dezan.

 

Pixkanaka aurrera doa Tolosako erdiguneko geltokiko irisgarritasuna hobetzeko proiektua. Azken denbora honetan, udal gobernuak ez du etsi, eta ADIFeko arduradunekin batzartu da behin baino gehiagotan, proiektuan aurrerapausoak emateko.

Orain arte egindako lana fruituak ematen hasi da. ADIF proiektua prestatzen ari da dagoeneko, eta datozen hilabeteetan obrekin hasi aurreko urratsak onartu beharko ditu udalbatzak: batetik, konpromiso-kredituak eta bestetik, Tolosako Udalak eta ADIFek sinatu beharreko hitzarmena.

Izan ere, Udalaren eta ADIFen arteko hitzarmena sinatzeko, udalak aurrez azaldu eta bermatu behar du baduela kreditu nahikoa obrei aurre egiteko, horiek 2022-2023an gauzatuko badira ere. Horregatik, iraileko osoko bilkurara urte anitzeko kreditu-konpromisoak eramango dira. Horiek onartu ondoren eman ahal izango dio Udalbatzak oniritzia hitzarmenari, eta horren guztiaren ondotik sinatu ahal izango da obrak gauzatzeko hitzarmena.

 

Igogailuak eta pasabide berria, irisgarritasuna eta Monteskue auzorako sarbidea hobetzeko

Geltokietan irisgarritasuna hobetzeko eta geltokiak modernizatzeko programaren baitan du aurreikusia ADIFek Tolosako erdiguneko geltokiko irisgarritasuna hobetzeko proiektua.

Dagoeneko ADIF proiektua lantzen ari da, eta besteak beste, nasen arteko irisgarritasuna erraztea, eskailerak egokitzea eta nasak handitzea eta igogailuak jartzea aurreikusten du.

ADIFen araudiaren arabera, bereizita egon behar dute hiriko eta geltokiko fluxuak, horregatik geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanak aprobetxatuko dira fluxuak bereiziko dituen pasabidea egiteko trenbideen gainean. Pasabide horrek eskailerak eta igogailua izango ditu, herritar ororen erabilera erraztu eta bermatzeko. Pasabide berri horrek Monteskue auzorako irisgarritasun eta sarbidea erraztuko ditu.


ADIF arduratuko da proiektua idazteaz, gainbegiratzeaz eta onartzeaz, eta baita ere obrak esleitzeaz eta gauzatzeaz. Kostuei dagokienez, ADIFek obraren kostu osoa bere gain hartuko du, hiri-geltokiko fluxuak bereizteko pasabide berriko igogailuaren eta eskaileraren proiektuaren exekuzioaren % 50 izan ezik, hori Tolosako Udalaren kontura izango baita.

Guztira, bi milioi eta erdi euro inguruko inbertsioa izango da, eta Udalaren ekarpena, gutxi gorabehera, 400.000 eurokoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA