Hiri berroneratze integratua bultzatzea 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planean jasotako lan lerro estrategikoetako bat da. Horren baitan dago kokatua Santa Lutzia-Guadalupe eremuaren berroneratzea.
Izan ere, egun, degratua dagoen eremu bat da, konplexutasun handikoa, baina aldi berean, kokapenagatik garrantzitsua eta aukera asko eta ezberdinak eskaintzen dituena.
Gauzak horrela, udalak eremu honen garapena ahalbideratzeko lehen urratsak egin ditu. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaz baliatuta, lehenik eta behin, eremuaren diagnostikoa egin da, hau da, egungo egoeraren deskribapena egin da eta paisaia-balioengatik babestu beharreko eremuak zehaztu dira. Diagnostiko horretatik abiatuta Paisaiaren Ekintza Plana ere garatu da, zeinak eremua berroneratzeko ekintza txikiak zein eraldaketa handiko ekintzak, epe ertain eta luzera begirakoak, jasotzen dituen.
Ekintza Planak helburu orokorrak eta zehatzak, irizpideak eta ekintza ildo nagusiak zehazten ditu bide ardatzei eta konexioei, bertako hormari, landarediari, ibai ertzeko oinezkoen ardatzari, mugikortasunari, irisgarritasunari, aisialdirako eremuei eta eraikigarritasunari lotuta. Proposatzen diren neurriak multzo ezberdinetan banatuta daude, batzuk xumeagoak dira besteak konplexutasun eta anbizio handikoak, etorkizunera begira planteatutakoak.
Ekintza ildo potentzialak
Dokumentuan jaso eta deskribatzen diren ekintzak 5 multzotan daude banatuta:
- A multzoa: eremuaren konektibitatea eta bide-egitura
Horretarako, multzo honetan, besteak beste, proposatzen da: eremura sartzeko korapilo berria egitea edota Donostia hiribidea eraberritzea.
- B multzoa: Oria ibaiaren eskuinaldea berreskuratzea eta erabiltzea
Multzo honetan, esaterako, Oriaren eskuinaldeko ibaiertzeko landaredia berreskuratzea eta lehengoratzea proposatzen da.
- C multzoa: eremuaren antolamendu eta erabilera-proposamena
Multzo honetan proposatzen diren ekintzak dira, besteak beste: eremuko erabileren zonifikazio berria egitea, antolamenduz kanpoko eraikinen balorazioa eta zehaztapena egitea eta dauden eraikinen aipaindura hobetzea.
- D multzoa: espazio libre publikoak sortzea eta tratatzea
Helburu hori lortzeko, ondorengo ekintzak jasotzen ditu planak: AP-1eko hormaren paisaia-tratamendua egitea, aisialdirako eta jardueretarako espazio libreak sortzea, eta eremuko landare tratamendua egin eta eremuko hiri-argiteria hobetzea.
- E multzoa: dagoen ondare arkitektonikoaren kudeaketa
Multzo honetan ondorengo eraikinak aipatzen dira: bidezainen Herri Lanen Etxea, hiltegiaren eraikina eta la Guadalupeko paper-fabrika zaharra.
Dokumentu honen bitartez, beraz, etorkizunean eremu horretan aurrera eraman beharreko lan ildoen oinarriak zehaztu eta landu dira; HAPOaren berrikuspena egiten denean horiek guztiak Plan Orokorrean jasotzeko. Oinarriak baino ez dira landu direnak, baina etorkizunera begira eta ingurumen ikuspegitik garrantzia handia duen plana da, eremuaren garapena ahalbideratzeaz gain, bertako ondare, natura, ekologia eta paisaia balioak berreskuratzen ere lagunduko duelako.
Plan hau abiapuntu, datozen urtetan, epe motzera begira, eremua txukuntzeko neurriak hartu ahal izango ditu udalak, baina bereziki ikuspegia etorkizunean jarrita garatutako ekintza plana da, lehenik eta behin HAPOaren berrikuspena egin beharko delako, ondoren epe ertain eta luzera begira landutako proposamen horiek bideratu ahal izateko.