'Fronton' eraikineko kafetegia eta jatetxea ustiatzeko proiektua eta baldintzak jendaurrean ekainaren 21a bitarte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/05/25 | Hirigintza
  • 30 urtetarako kontzesioa aterako du lehiaketara Udalak: alde batetik kafetegia, eta bestetik jatetxea. Bien bideragarritasun azterketa burutu da eta urteko, lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko dute tabernaren ustiatzaileek.

  • Aurten 500.000 euro bideratuko ditu teilatua eta fatxada berritu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua eraikitzera. Hastear dira lanok.

Fronton eraikinaren kanpoaldea eraberritzea eta irisgarritasuna bermatzeko lanak burutzea esleitu berri ditu Udalak eta ustiapenaren alorra gauzatzear da. Une honetan, ekainaren 21a bitarte, proiektua eta ustiapen baldintzak jendaurrean dira, iradokizunak egiteko aukeran. Aurreikusia dago ekainaren amaieran ustiapen proposamenak jasotzeko epealdia zabaltzea eta ikasturte berriarekin bat esleitzea.

30 urtetarako kontzesioa aterako du lehiaketara Udalak, amaitu berri denaren aldean 5 urte gehiago, 25 urtetakoa baitzen. Erabaki hau hartu da ikusita ustiatze-esleipendunek burutu beharreko barruko-obren tamaina ez dela txikia. Alde batetik kafetegia, eta bestetik jatetxea esleituko dira, bananduta. Bien bideragarritasun azterketa burutu du Udalak.

Kafetegian egin beharreko eraberritze lanen (sukaldea, komuna...) aurre-proiektutik eratortzen den kostua 769.450 eurotakoa da (BEZ kanpo). Urteko, lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko dute tabernaren ustiatzaileek, 14.953,90 euro, 1.246 euro hilean.

Ustiatzaileek bete beharreko baldintzen artean aurkitzen dira: gutxieneko 10 langile izatea; kultur jarduerak burutzea; euskara eta berdintasun irizpideak betetzea bere osotasunean; ardatza euskal sukaldaritza izatea, tradizionala edota berritzailea, sasoiko eta kalitatezko produktuak erabiliz gutxienez %50ean; eta urte osoan egotea irekita zerbitzua, astean egun bateko atsedena hartzeko aukerarekin, betiere asteburu edota jai egunetan izan ezik, beste hainbaten artean.

Beretsuak dira jatetxe zerbitzuak bete-beharreko baldintzak. Aurre-proiektuaren arabera, 402.037,93 euroko inbertsioa gauzatu behar du ustiatzaileak barrukaldea eraberritzeko. Honek ere, urteko lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko du, 10.340,90 euro, 862 euro hilean.

Proiektua eta jatetxea zein kafetegia ustiazteko baldintzen pleguak www.tolosa.eus -en kontsultatu daitezke edota Udaleko Obra eta Zerbitzuen departapentuan.

Kanpokaldea eraberritu eta irisgarritasuna bermatzeko lanak, hastear

Udalak aurten 500.000 euro bideratuko ditu Fronton eraikina eraberritzera. Zehazki, teilatua eta fatxada berritu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua eraikiko dira. 5 hilabeteko iraupena izango dute eta beraz, azarorako amaituak egongo dira.

Horren ondotik, pertsona esleipendunek eraikinaren barrualdean egin beharreko lanei ekin beharko diete. Prozesu horren guztiaren ondoren, Fronton eraikinak etapa berri bati ekingo dio, orain arte bezalaxe, erreferentzia gune eta elkargune izan dadin tolosar guztientzat.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA