- Beren iritzia jaso ostean, proiektu definitiboa idazteari ekingo zaio, ondorenean, eraberritze lanak lehiaketa publikora ateraz.
- Udalak aurreikusia du urteko azken hiruhilekoan hastea lanak. 5 hilabete iraungo lukete eta 475.000 euro inguruko inbertsioa gauzatuko du Udalak bertan.
- Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi du eraberritze honekin, irisgarritasun arazoei konponbidea eman, mugikortasuna hobetu eta instalazio zaharkituak eguneratzeaz gainera, “genero ikuspegitik segurtasuna hobetzea” ere badutela helburu.
Aurrera doaz herriko zenbait guneren eraberritze lanak eta Udala, jada, lanean ari da urteko azken hiruhilekoan abiatuko den Gernikako Arbolaren berrurbanizazioaren 2. fasean. Aurretiaz burutu ziren Alondegi Plaza ingurua eta Gernikako Arbolaren lorategien eremua ere. Hori horrela, bigarren fase honetan, azken bi hauen tarteko esparruari helduko zaio.
Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi du eraberritze honekin, irisgarritasun arazoei konponbidea eman, mugikortasuna hobetu eta instalazio zaharkituak eguneratzeaz gainera, “genero ikuspegitik segurtasuna hobetzea” ere badutela helburu.
Udalak, egun, 3 aukera ditu eskuartean, eta bizilagunen ekarpenak jaso ostean proiektu finkoa lantzeari ekingo dio.
-
aukeran, anbulategiari zerbitzua ematen dioten lau aparkalekuak soilik ezartzea planteatzen da. Zirkulazio noranzkoa aldatzea proposatzen da eta, ondorioz, irten eta gero aurreko bidera itzuli nahi bada ibilbide askoz luzeagoa egin beharko da, alabaina bide honetan sartzen diren ibilgailu gehienak zuzenean lurpeko aparkalekura sartuko lirateke.
-
aukeran 14 aparkaleku mantenduko lirateke eta egungo zirkulazio noranzkoa bere horretan gorde.
-
Aukeran, 16-18 aparkaleku mantenduko lirateke eta egungoaren kontrako zirkulazio noranzkoa ezarri.
Gainerakoan, aukera guztietarako zirkulazio noranzko bakarra eratzea dago aurreikusia, bi noranzkoetan bat aukeratuta, aglomeratu inprimatuarekin abiadura moteltzeko. Bidearen zabalera aldatu egingo da, espaloia eta bidea maila berean utziz. Hori horrela, oinezkoentzako espazioari lehentasuna emango zaio Tolosako baldosa duen zoladura ezarrita, zabalagoa gainera, San Frantzisko Ibiltokia Justizia Jauregiaren atzealdearekin lotuko duena.
Oinezkoentzako iparraldeko (anbulategikoa) eta hegoaldeko (jatetxekoa) arrapalak aldatu egingo dira eremu hori hobetzearren, eta irisgarritasuna hobetzeko aldapak segurtatuko dira, bi guneetan igarotzeko gune nagusietan toki gehiago irabaziz.
Landarediz eta zuhaitzez hornituko da eremua eta oro har, zurezko eserleku jarraituak dituzten guneak prestatuko dira, tokian bertan eginak eremuetan ondo egokitzeko. Erdigunean dagoen zuhaitzarentzat gune berezia eratuko da anbulatorioaren ondoan. Zuhaitz horren sustraiak zabal hedatuta daude eta nolabaiteko altuera dute. Hortaz, zuhaitzaren inguruan landarediz hornitutako toki zabala eratzea erabaki da, zurezko eserlekua duen eremuarekin, lurraren kota goratzea ahalbidetzen duena, sustraiei eutsi ahal izateko.
Azpiegiturei dagokienean, aireko lineak lur azpian sartuko dira. Argiteria ere berrituko da, urbanizatutako eremu guztian LED argiak ezarriz, jasangarriagoak egungoekin alderatuz. Ur horniduraren kasuan, etxeetara doazen hartuneak berrituko dira. Eta sanemaneduan berriz, etxeetako ur zikinak jasotzeko kolektore berri bat egingo da.
Hau horrela, atzo, ekainak 7, Udala bizilagunekin batu zen 3 aukeren inguruan beren iritzia jasotzeko. Orain, proiektu definitiboa idazteari ekingo zaio, ondorenean, eraberritze lanak lehiaketa publikora ateraz. Udalak aurreikusia du urteko azken hiruhilekoan hastea lanak. 5 hilabete iraungo lukete eta 475.000 euro inguruko inbertsioa gauzatuko du Udalak bertan.