Gudari berria zabalik: kale erakargarriagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa da orain

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/21 | Hirigintza
  • Irisgarritasun arazoei konponbidea eman eta aldi berean, mugikortasuna hobetu da; azpiegitura, akaberak eta argiztapena berritu dira eta Gune Biziak ekimenarekin kalearen izaera komertziala indartu.
  • Udalak 650.000 euroko inbertsioa gauzatu du kalean. 6 hilabete iraun dute lanek eta 5 fasetan bananduta gauzatu dira.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “helburu dugu herri atseginagoa eskaintzea, horretarako beharrezko ziren azpiegiturak sustatuz. Tolosarrentzat topagune da Gudari berria; pertsona da erdigune. Eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatuz, kalearen izaera komertziala indartzearekin. Kaleko merkatari eta bizilagunei eskertu nahi diet izan duten pazientzia eta behar izan den uneetan laguntzeko prestutasuna”.
  • Argazki galeria amaieran.

Inauguratu da Gudari kale berria. Oraindik lan txikiren bat gelditzen bada ere, ia amaitu da Gudari kale irekiagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa bilakatzeko eraberritzea. Inaugurazio ekitaldia burutu da gaur, ostirala, abenduak 21, musika, dantza, pintxo zein txokolate beroa banatu dira eta hitza hartu dute Olatz Peon Ormazabal alkateak, Lourdes Maya kaleko merkatariak, Izaskun Civico kaleko bizilagunak eta GKO Gallery-ko zuzendari den Garikoitz Muruak.

Merkatari zein bizilagunekin landu zen eraberritzeak 6 hilabete iraun ditu, 5 fasetan exekutatu da, guneka, eta Udalak 647.663 euroko (BEZ barne) inbertsioa gauzatu du bertan. Olatz Peon Ormazabal alkateak inaugurazio ekitaldian adierazi moduan “legealdi hau hasi genuenetik helburu izan dugu herri atseginagoa eskaintzea, horretarako beharrezko ziren azpiegiturak sustatuz. Tolosarrentzat topagune da Gudari berria. Pertsona da erdigune, horregatik egin diogu lekua oinezkoari, herritar zein bisitariek disfrutatu ahal izateko espazioa sortu, mugikortasuna erraztuz. Eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatuz, kalearen izaera komertziala indartzearekin. Kaleko merkatari eta bizilagunei eskertu nahi diet bereziki, hilabeteotan, ekainaren 18an lanak hasi zirenetik, izan duten pazientzia eta behar izan den uneetan laguntzeko prestutasuna”.

Eraberritzea diseinatzeko, kaleko egoeraren azterketa egin zuen Udalak, bere ingurua, ondoko kaleekin duen harremana, zirkulazio noranzkoak eta eremuak zituen premiak proiektuaren oinarrian ezarriz. Funtsean honakoak izan dira lanak:

  • Galtzada eta espaloiak berritu dira, lehen zuen zabalera bere horretan mantenduz. Espaloiko zoladuaren akabera ordezkatu da. Beste kaleekin elkartzen den gune guztietan, espaloiak handiagotu dira, hala nola, Oria kaleko, Samaniego kaleko, Foruen kaleko eta Laskorain kaleko bidegurutzeetan.

  • Foruen kaleko bidegurutzearen ondoren, bi zirkulazio-noranzko ditu Laskorain kalearekin gurutzatzen den gunera iritsi arte. Errepide tarte horretan, bertan dauden aparkalekuen ilarak kendu dira eta hegoko espaloia zabald da, zabor-edukiontziak ezarri ahal izateko. Laskorain kaleko gurutzagunea gainditu ondoren, galtzadan errei bakarra dago eta hegoaldean aparkalekuen ilara bat ezarri da.

  • Espaloiak 2,45 m zabal ditu. Zuhaitz-txorkoak bertatik kendu dira espaloien ebakidura handiagotzeko. Espaloietan 'Tolosa' moduko baldosa hidraulikoa ipini da.

  • Hiriko altzariei dagokionez, arbolen ordez, lore-askak ezarri dira, kalean ibiltzea atsegina izan dadin. Era berean bizikletak aparkatzeko bizikleta-euskarriak dituzten bi gune jarri dira, izan ere kale hau 30 eremuan baitago. Eta mantendu dira postontziak edota TAO txartela ateratzeko makinak. Elementu horiek guztiak bidegurutzeetako belarri-formako irtenguneetan kokatu dira, bertan toki gehiago dagoelako.

  • Instalakuntzei dagokienean, kaleko argiteria berriztatu da, led sistemaduna ezarriz 4 m-ko altuerako zutabeetan. Bestalde, sare elektrikoaren hoditeria berritu da. Uren alorrean, ur-hornidura sarea duela gutxi berritu zen, eta bere horretan mantendu da, baina saneamendu berria egin da, uren sare bereizia gehituz eta hondakin uren sarea berriztatuz.

Gudari komertziala

Kalearen itxura aldatzearekin batera, kalearen izaera komertziala sustatu nahi izan da. Horretarako Gune Bizia programa Gudarin garatu da. Udalak eta Tolosa&Co merkatari elkarteak landu dute, GKO Galeriako artistekin elkarlanean, Garikoitz Murua zuzendaria buru. Parte hartu dute zuzenki kaleko bizilagun eta merkatariek ere. Udalaeko Merkataritza, Feriaketa Turismo departamentuak lokalen proiektua garatu ahal izateko jabeek erakutsi duten prestatutasuna eskertu du.

Lanak helburu izan du, merkataritza izaera indartzea izanik oinarri, kalea bizi, aisia eta erosketetarako atseginagoa egitea eta lokal hutsen erakargarritasuna handitzea, etorkizunean, jabeei lokal hauen merkaturatzea errazteko. Hori horrela, Gudariko lokal hutsetan esku-hartze artistikoak egin dira, graffitiak eta muralak pintatuta edota biniloak jarrita, lokal bakoitzaren beharren arabera. Irudikatu dira merkataritza- eta zerbitzu-negozio mota ezberdinak (frutategia, okindegia, bulegoak…).

Horrela, azken helburua lokal horretan aktibitate komertziala sortzea denez, kaleak izan dezakeen erakargarritasuna bisibilizatzen da, eta hori garatu bitartean, kalearen bizitasuna sustatzen du. Funtsean, gune komertzialak berreskuratu eta zabaltzea, Tolosa erakargarri izaten jarrai dezan bermatzeko.

Tolosa eraberritzen: Gernikako arbola, Laskorain kalea, Oria, Zezen-plazaren ingurua... 2019an

Bidebieta auzoa, Bizkaia kalea, Nafarroa etorbidea, Batxiler Zaldibia, Pedro Tolosa... ondotik, Gernikako Arbolaren II. Faseari ekingo dio Udalak 2019 hasieran. Segidan joango dira Laskorain kalea Patinen plazarainoko ibilbide osoan, Oria kalea, San Frantzisko 39-41 tartea, Zezen-plazaren ingurua (autobus-geltokiaren esparrua), Euskal Herria plazako arkupeetako zorua edota Paper kalea. Aurrekontuan aurreikusi da ere Rondila kalearen eraberritzearen aurreproiektua gauzatzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA