Irailaren 10ean ekingo zaio Gudari kaleko eraberritzearen 3. faseari

Tolosako Udala
2018/09/05 | Hirigintza azpiegiturak
  • Zehazki Samaniego kalea eta Oria kale arteko zatian jardungo da. 9 aste iraungo dute lanek gune honetan: iraileko 3, urriko 5 eta azaroko 1.
  • Irisgarritasun arazoei konponbidea eman eta aldi berean, mugikortasuna hobetuko da; kalearen izaera komertziala indartu eta azpiegitura, akaberak eta argiztapena berrituko dira.
  • Fase aldaketak trafikoan aldaketak eragingo ditu: irailaren 10eko 8:00etatik aurrera Gudari kaleko trafikoa itxiko da Zezen Plazako bidegurutzetik Lizardiko plazaraino. Bestalde, eragina duen Zumalakarregi Pasealekuko zatian norabidea aldatuko da.
  • Proiektuak 647.663 euroko aurrekontua du (BEZ barne) eta Tolosako Udala, Tolargi eta Gipuzkoako Urak-en artean finantzatuko da.

Lehen fasea amaituta, Gudari Kalea eta Foruen etorbide arteko bidegurutzean, eta 2.a bukatzear delarik, Foruen etorbidea eta Samaniego kalearen arteko zatia, Gudari kaleko eraberritzearen 3. faseari ekingo zaio irailaren 10ean: zehazki Samaniego kalea eta Oria kale arteko zatian jardungo da. 9 astez iraungo dute lanek gune honetan: iraileko 3, urriko 5 eta azaroko 1. Ekainean hasi ziren lanak eta abenduan zehar amaitzea dago aurreikusia. Aipatu bezala, faseka burutzen ari dira lanak, 5 fasetan zehazki, etxadien arabera hain zuzen. Guztira, 647.663 euroko (BEZ barne) inbertsioa gauzatuko da bertan, kale erakargarri, irisgarri, jasangarriagoa eta atseginagoa bilakatzeko Gudari.

Fase aldaketak trafikoan aldaketak eragingo ditu: irailaren 10eko 8:00etatik aurrera Gudari kaleko trafikoa itxiko da Zezen Plazako bidegurutzetik Lizardiko plazaraino. Aurreikusten da hilabete irautea itxierak Lizardi eta Samaniego artean, eta Samaniegotik Zezen Plazara bitarte, ia bi hilabete. Bestalde, eragina duen Zumalakarregi Pasealekuko zatian (ibai albokoa), norabidea aldatuko da eta sarbide berriak Oria kaletik – zaldi patioa – Lizardi Plaza – Foruen etorbiderako norantza izango du.

3. fasea orain; geratzen diren beste biei azaroan

  • 3. fasea: Samaniego kalea eta Oria kale arteko zatia. 9 astez jardungo da bertan (iraileko 3, urriko 5 eta azaroko 1).
  • 4. fasea: Lizardi Poeta plazaren pareko gunea. 4 astez jardungo da bertan (azaroko 2 eta abenduko beste 2).
  • 5. fasea: Zumalakarregi eta Laskorain kaleen artean. 3 astez jardungo da bertan (azaroko 1 eta abenduko 2).
  • Asfaltatze lanak bitan zatituta burutuko dira:
    • Oria kalea eta Foruen etorbide arteko zatia azaroan.
    • Foruen etorbidea eta Zumalakarregi arteko zatia abenduan.

Eraberritzea diseinatzeko, kaleko egungo egoeraren azterketa zehatza gauzatu da, bere ingurua, ondoko kaleekin duen harremana, zirkulazio noranzkoak eta eremuak dituen premiak proiektuaren oinarrian ezarriz. Funtsean, espaloi berriak eraikiko dira, egungo zabalerak bere horretan gordeta kalearen gehientsuenean, eta beste kaleekin elkartzen den gune guztietan 'belarri' moduko batzuk ere, espaloia zabalduz; saneamendu sarearen hodiak berriztatuko dira, eta gainera, sare berezi bat sortu; argiztapena berrituko da, eta telekomunikazio sarea amaitu. Horrez gain, altzariak jarriko dira (TAO makina, postontzia, eserlekuak...) eta baita kalea apaintzeko landare apaingarriz osatutako estruktura ugari ere.

Asmoa da ere, kalearen izaera komertziala sustatzea. Errementari kalean ezarri den Gune Biziak programa Gudari kalera egokituko da horretarako. Gune komertzialak berreskuratu eta zabaltzea du helburu, Tolosa erakargarri izaten jarrai dezan bermatzeko.

Funtsean, irisgarritasun arazoei konponbidea eman eta aldi berean, mugikortasuna hobetuko da; kalearen izaera komertziala indartuko da; eta azpiegitura, akaberak eta argiztapena berrituko dira.