Liburutegi berriaren proiektua aurrera eraman ahal izateko, kultur azpiegituren berrantolaketa eta plangintza zehatza egin du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/03/20 | Hirigintza
  • Legealdi honetan garatu da udal liburutegi berriaren proiektua eta orain, proiektua aurrera eramateko Kultur Etxeko eta gainerako kultur azpiegituren eta bertan kokatuta dauden zerbitzu eta espazioen berrantolaketa zehatza egin du udalak.
  • 8 urteetarako plangintza osatu da eta aurreikusitako inbertsio eta lanak egiteko kronograma zehatza ere bai. Besteak beste eraberrituak izango diren eta zerbitzu berriak eskainiko dituzten espazioak izango dira: Kultur Etxea, Iturriza jauregia, Gorosabel eraikina, Aranburu Jauregia, Errota eta Abastos eraikina.


Aurreko legealdian, 2015-2019an alegia, herriko azpiegitura soziokulturalei buruzko azterketa egin zuen Udalak; egindako lanketaren berri eman zen 2018an. Azterketaren helburu nagusia zen ekipamenduen katalogoa osatzea eta ekipamendu bakoitzak eskaini beharreko zerbitzuak zehaztea, beharrak eta baliabideak kontuan hartuta,  udal ekipamenduen optimizazio eta erabilera hobetzeko, Tolosak duen jarduera soziokultural handiari modu eraginkorragoan eta efizienteagoan erantzuteko eta tolosarrei eskaini beharreko zerbitzuak hobetzeko. Azterketa horren baitan, 18 udal ekipamendu eta 33 zerbitzu aztertu ziren.

Azterketaren emaitzak aintzat hartuta, eta bertan atzemandako beharrei jarraiki, ezarri ziren legealdi honetarako lehentasunak, horien artean daude Emakumeen Etxea eta udal liburutegi berria, Kultur Etxean kokatuko dena.

Legealdi honetan, beraz, Emakumeen Etxearen proiektua bere osotasunean gauzatu da eta gune berriak ateak zabalduko ditu apirilaren 1ean, eta liburutegi berria Kultur Etxean kokatzeko proiektua ere egin da, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean.

Udal liburutegi berria gautzeko, zerbitzuen berrantolaketa beharrezkoa

Udal liburutegi berriaren proiektua prest dago, baina proiektua aurrera eramateko, ezinbestekoa da aurrez, Kultur Etxean kokatuta dauden zerbitzuen berrantolaketa eta lekualdaketa egitea. Horregatik, Tolosako Udalak, aurreko legealdian egindako lanaren osagarri modura, kultur azpiegitura eta zerbitzuen berrantolaketarako plangintza zehatza eta inbertsio eta obren aurreikuspen eta kronogramak landu ditu, Hiritik at enpresaren laguntzarekin.

“Kultur azpiegiturak, pausoz pauso, berritu eta egokitzeko, puzzle-lana osatu dugu, izan ere, aurreikusitako udal ekipamenduen optimizaziorako eta herritarrei zerbitzu hobeagoak eskaintzeko aldaketa ugari egitea beharrezkoa da” azaldu du  Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek. “Egindako azterketa sakon honen helburua da liburutegi berria egin aurretik, zer egin behar dugun zehaztea da” gaineratu du.

8 urterako plangintza eta bide-orria osatu da, aurreikusitako egokitzapen eta berrikuntza guztiak aurrera eraman ahal izateko. Eta azpiegitura bakoitzean egin beharreko inbertsioak ere zehaztu dira.

Kultur Etxea, Iturriza jauregia, Gorosabel eraikina, Aranburu Jauregia, Errota eta Abastasos eraikinak berregituratu eta berrituko dira, beharrezkoak diren inbertsioak eginda, eta udal ekipamendu horiek zerbitzu berriak hartuko dituzte, hala nola, udal liburutegia,  Euskaltegia, artearen etxea, udal bulegoak, elkartegintzarako espazioak edota ikasgela eta Topagunea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA