Oyarbide eranskina eraisteko lanak bihar hasiko dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/03/14 | Hirigintza
  • Eraisketa lanak direla-eta segurtasuna bermatzeko obra eremua itxiko da eta errepide zati bat hartuko da, halere ibilgailuak igaro ahal izateko eremua egokitu egingo da. Eraisketa lanek hilabeteko iraupena izango dute.
  • Eraisketa lanekin batera, Enperadore kaleko horma-bitartekoa txukuntzeko hirigintza lanak esleitzeko prozesua abiatuko da, eta lan horien ondotik, etorriko da eremuaren berreskuratzeko integrala.
  • Eraispen lanen hasiera baliatu du gobernuak, eremu osoa berritzeko proiektua aurkezteko. Proiektuak helburua du eremua atseginagoa eta irisgarriagoa bilakatzea, atsedenerako eta aisialdirako berdeguneekin eta ibai albotik igaroko den pasealekua berriarekin.

 

Konplexutasun handiko eremua da “RC2” edo Gorriti plazaren eremu osoa hartzen duena.  Nahi baino gehiago luzatu da lanen hasiera, baina bihar ekingo zaie Oyarbideko eranskina eraisteko hirigintza lanei, eremu osoa berreskuratu eta zaharberritzeko lanen lehen urrats modura.

Eraisketa lanen hasiera baliatu du udal gobernuak, legealdi honetan garatu egindako urratsen berri eman eta berurbanizazio proiektua aurkezteko.

Olatz Peon Ormazazabal, alkateak, eremua eraberritzearen aldeko apustua berretsi, lanen garrantzia azpimarratu eta eremua berreskuratzeko azken urte luzeetan egindako kudeaketa lanak ekarri ditu gogora. “Konplexua izaten ari da eremuaren kudeaketa, jabetza pribatuak tarteko, legealdi honetan 2 erosketa gauzatu behar izan dira eta 3 proiektu garatu ditugu eremu osoa behar bezala berreskuratzeko”.

“Lehen urratsa izan da Oyarbideko eranskina eskuratzea, ondoren udalaren jabetzan ez zegoen beste lur zati bat ere eskuratu behar izan da eta behin jabetza guztiak eskuratuta, hiru proiektu garatu dira, eremuaren eraberritze integrala 3 fasetan oinarrituta dagoelako eta esku-hartze bakoitzak bere proiektu eta lanketa propioa behar izan duelako” azaldu du alkateak.

Proiektuak barnebiltzen dituen fase eta azpi-proiektuak dira:

  1. Oyarbide eraikineko eranskina eraisteko obra-proiektua.
  2. Enperadore kaleko horma-bitartekoa edo mehelina iragazgaizteko eta estetiko akabera txukuna emateko proiektua, eremu horrek merezi duen duintasuna emateko.
  3. Berurbanizazio proiektu integrala.

“Legealdi honetako proiektu estrategiko eta garrantzitsuenetariko bat izan da Gorriti eremukoa, lehentasunezkoa delako eremua berreskuratzea, Alde Zaharra biziberritzeko apustuan. Legealdi osoa daramagu proiektu honen baitan lanean, urratsak egiten eta oso pozgarria da beraz, eraispen lanen hasiera hau iragartzeko, ondoren etorriko baita eremu osoaren eraberritzea” gaineratu du.

Eraisketa lanak lehen urrats modura

Oyarbide eraikineko eranskina eraisteko lanak bihar hasiko dira, asteazkena, martxoak 15.

Eraisketa lanak direla-eta, segurtasuna bermatzeko, obra eremua itxiko da eta errepide zati bat hartuko da, halere ibilgailuak igaro ahal izateko eremua egokitu egingo da eta beraz, une oro bermatuta egongo da pasabidea.

Eraisketa lanek hilabeteko iraupena izango dute eta eraisketa lanekin hastearekin batera, Enperadore kaleko horma-bitartekoa iragazgaizteko eta estetikoki txukun jartzeko obren lizitazioa abiatuko da. Beraz, hurrengo urratsa obra horiek gauzatzea izango da eta ondoren, etorriko da eremu osoaren eraberritze integrala.

Oinezkoak protagonista, aisialdirako eta atsedenerako berdeguneekin

Gaur egun eremua degradatuta dago, ez da erakargarria ezta erosoa herritarrentzat. Beharrezkoa da beraz, eremu osoa era integralean zaharberritzea, mugikortasun paradigma berriei jarraituta, oinezkoei lehentasuna emateko eremuan, pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri eredu baten alde lanean jarraituz.

Proiektua Girder Ingenieros taldeak eta ALD estudioak egin dute, eta Gorriti plazaz gain, Andre Mari kalean ere esku-hartuko da. 

Berurbanizazio proiektuak helburua du eremua berreskuratzea herritarren beharrei erantzunez, espazio atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Eta eremu osoari itxura homeneo edo bateratua emango zaio.

Gorriti plazan plataforma bakarra eratuko da, hau da, ibilgailuen eta oinezkoen arteko koexistentzia edo partekatutako eremu bat sortuko da. Asfalto inprimatua erabiliko da, kotxeen abiadura murrizteko, Zumalakarregi kalean bezalaxe. Oinezkoek izango dute lehentasuna eta beraz,  ibilgailuen trafikoa berrantolatuko da.

Andre Mari kalean asfalto inprimatuko zoladura jarriko da eta errei bakarreko galtzada bi erreiko galtzadan bihurtuko da, bi zirkulazio noranazkoetarako. Andre Mari eta Agintari kaleen arteko eremua trantsiziozko eremua izango da, loreontziak kokatuko dira eta edukiontziak bertan jarriko dira, baita ere. Edukiontziak plataforma berri batean jarriko dira.

Ibaiaren alboan dagoen eremua izanik, pasealeku berria sortuko da ibai ertzean eta lorategi eremua eserlekuekin eraisketa lanak egingo diren espazioan, aisialdirako eta atsedenerako berdeguneekin eta jolas-eremu berriarekin. Landarediak garrantzia berezia izango du proiektu honetan eta landare eta zuhaitzak landatuko dira sortuko den berdegune berrian.

Amaitzeko, kale argiztapena ere berrituko da, energia kontsumo baxuko argiak jarrita. Eta euri uren bilketarako sistema ere aurreikusi da, egungo trazadura mantenduz.

Guztira, eremua berreskuratzeko udalak 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo du, erosketa, proiektuen idazketa eta hirigintza lanak barnebilduta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA