Pedro Tolosa eta Batxiler Zaldibia kaleetako eraberritzeak bukatuta, Udalak heldu die Kale Nagusiko pasabideei

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/11/07 | Hirigintza
  • Orotara, 4 gune hauen eraberritzean, 175.508,62 euroko inbertsioa egingo da.  
  • Pedro Tolosan espaloiaren malda txikitu da zorua berreginez eta eragindako gunean, euri-uren kanalizazioa burutu da. Batxiler Zaldibian euri uren sarea bukatu, asfaltoa eta espaloiak eraitsi eta plantan dauden posizio berean eraiki dira.
  • Hasi berriak dira Kale Nagusiko pasabideetan zaharberritze lanak. Kale Nagusia – Enperadore pasabidearekin amaituko da.  

Orotara, 175.508,62 euroko inbertsioa gauzatuko du Udalak 4 gune hauen eraberritzean: Korreo kalea eta Kale Nagusia, eta azken hau Enperadore kalearekin lotzen duten igarobideak, Batxiler Zaldibia eta Pedro Tolosa 5-7 kaleak. Azken bi hauetan amaitu berri dira lanak eta Kale Nagusiko bi pasabideei heldu zaie orain. Abendu hasierarako bukatuko dira lanak. 

Pedro Tolosa 5-7a izan zen 4 gune hauen eraberritze plangintzan amaitzen lehena: espaloiaren malda txikitu da, etxeetako sarrerekin egun duen altuera-diferentzia kenduz. Horretarako egungo zorua kota altuago batean berregin da. Euri-uren kanalizazioa burutu da ere lanek-eragindako guneetan. 3 astetan burututako lanek 41.829,44 euroko aurrekontua izan dute.

Ondoren Batxiler Zaldibian: kalearen lehen erdian jada burutuak zeuden lanak kale osora zabaldu eta era integralean amaitu dira. Euri uren sarea bukatu, asfaltoa eta espaloiak eraitsi eta plantan dauden posizio berean eraiki dira. 63.622,07 euroko inbertsioa izan da eta lanek 5 aste iraun dute.

Eta hasi berriak dira Kale Nagusiko pasabideetan zaharberritze lanak. Korreo-Kale Nagusia pasabidean zoladura eraitsi eta ur-zikinen eta euri-urak kanalizazioak berreraiki eta bi kaleen hornidura sareak konektatuko dira. Hormak azulejo berriekin berreraikiko dira eta argiteria berritu, jasangarriagoak diren LED luminariak jarriz. Sabaia eta ateetako zura garbituko da. Kale Nagusiko sarreran dagoen murala desmuntatuko da, gorde, eta obra amaitzean berrezarri. Udalak 41.610,85 euroko inbertsioa gauzatuko du bertan eta 2 astez luzatuko dira lanak.

Kale Nagusia – Enperadore pasabidean ere antzerako lanak burutuko dira. Zoladura, hormak eta horniduren kanalizazioak eraberrituko dira, eta sabai eta sarbide ateetako zura tratatu. 28.446,26ko inbertsioa izango da eta hau ere, 2 asteko iraupena izango dute. Abendu hasierarako bi pasabideetako lanak amaituak egotea dago aurreikusia.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA