San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako parte hartze prozesuko lehen saioa abenduaren 19an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/12/13 | Hirigintza
  • Lehena, informazio saioa izango da, San Esteban auzo elkartean, arratsaldeko 18:30ean, orain artean egindako ibilbidearen eta lanketaren berri emateko, hau da, 2013ko irizpideak egungo errealitatera ekartzeko egindako diagnostikoa eta antolamenduak jarraitu beharreko gidalerroak azaltzeko.
  • Ondoren, erakusketa jarriko da Ferialekuaren hasieran eta urtarrilean, antolamendu aukerak lantzeko 2 tailer egingo dira auzotarren zein herritarren ekarpenak jasotzeko.

 

San Esteban auzoaren hirigintza garapena egikaritzeko urrats berria egin du Tolosako Udalak. Udalbatzak, urriko Osoko Bilkuran, aho batez onartu zuen San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako parte hartze prozesuari buruzko pograma.

3 fase eta 5 saio, egungo errealitate eta eskakizunetara egokitutako planteamendua zehazteko

2013. urtean egindako prozesuaren jarraipen gisa planteatu da prozesu berria.  Izan ere, 2013. urtean zehaztu ziren auzotarrekin, auzoaren garapenerako baldintzak.

Geroztik aldaketa ugari gertatu dira, horregatik, Udalak, lehenik eta behin, diagnostiko eguneratua egin du, eta auzoaren garapenerako alternatiben hasierako dokumentua ere garatu da, auzotar zein herritarrekin partaidetza prozesuan partekatuko dena.

Lehen informazio saioan diagnosiaren laburpena egingo da eta  auzoaren garapenerako landutako antolamenduaren gidalerroak partekatuko dira herritarrekin eta auzotarrekin. Proposamen guztiak izango dira bideragarriak, egungo hirigintza eskakizun, indarrean dagoen legedi eta genero eta ingurumen irizpideetara egokitutakoak.

Informazio saioaren ostean, diagnosi eta proposamenen inguruko panel informatiboak kokatuko dira ferialekuko sarreran eta urtarrilean ekingo zaie lanketa tailerrei ekarpenak jasotzeko. Tailerrak urtarrilaren 9an eta 16an egingo dira, San Estebango auzo elkartean, 18:30ean.

  • Tailer irekia I: eremuaren ipar-ekialdeko zatiaren antolamendua landuko da saio honetan. Zuberoako etxebizitzak eta San Juan kalea 10-12 zenbakiko etxebizitzen artean gelditzen den eremuaren antolamendua landuko da bereziki.
  • Tailer irekia II: eremuaren gainerako zatiaren antolamendua lantzeko saioa izango da.

Informazio saio eta tailer irekiekin, parte hartze prozesuaren lehen faseari amaiera emango zaio. Garrantzitsua izango da lehen informazio saioan parte hartzea, tailerren jarraipen egokiagoa egin ahal izateko.

Bigarren fasean, jasotako ekarpenak aztertu eta horiek erantzun ostean, jendaurrean jarriko da garatutako dokumentua. Momentu horretan, III. tailer irekia egingo da, dokumentua bera azaltzeko. Herritarrek iradokizunak egiteko aukera izango dute tarte horretan.

Epe hori igarota, berriro ere, herritarrek egindako ekarpenak teknikoki aztertuko dira eta azken itxiera edo kontu emate saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa zehazteko, hau da, HAPOaren aldaketarako oinarriak behin betikoz finkatzeko.

Oinarri horiek, azkenik, Tolosako Udaleko udalbatzak onartu beharko ditu Osoko Bilkuran.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA