San Estebaneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren Aurrerakina egiteko, parte-hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo da azaroaren 28an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/22 | Hirigintza
  • Udal teknikariak lanean aritu dira aurkeztutako alternatibak herritarren eskaeretara egokitzeko eta hurrengo astean landutako bi aukerak partekatuko dituzte auzotarrekin
  • Bigarren faseko bilera 18:30ean hasiko da San Estebaneko auzo elkartean. Behin dokumentu teknikoa amaituta, Udalbatzak onartu beharko du eta iradokizunak jasotzeko jendaurreko epea zabalduko da

 

San Esteban auzoan Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala egiteko aurrerakina zehazteko herritarren parte-hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo da datorren azaroaren 28an (asteartea). Hitzorduan orain arteko lanketari errepasoa egin eta planteatzen diren bi aukerak aurkeztu eta partekatuko ditu Tolosako Udalak auzotarrekin.

2013 urtean egindako prozesuaren jarraipen gisa planteatu zen prozesu berriaren hasiera 2022 urtearen amaieran.  Izan ere, 2013an zehaztu ziren auzotarrekin, auzoaren garapenerako baldintzak. Geroztik aldaketa ugari gertatu dira, horregatik, Tolosako Udalak, lehenik eta behin, diagnostiko eguneratua egin zuen, eta auzoaren garapenerako alternatiben hasierako dokumentua ere garatu zuen. Lanketa  hori auzotar zein herritarrekin partaidetza prozesuan partekatu zen 2022ko abendua eta 2023ko urtarrila bitartean.

Lehen informazio saioan diagnosiaren laburpena egin zen eta  auzoaren garapenerako landutako antolamenduaren gidalerroak partekatu ziren herritarrekin eta auzotarrekin. Ondoren, diagnosi eta proposamenen inguruko panel informatiboak kokatu ziren ferialekuko sarreran eta urtarrilean bi tailer ireki burutu ziren herritarren ekarpenak jasotzeko. Informazio saio eta tailer irekiekin, parte-hartze prozesuaren lehen fasea amaitu zen.

Landutako bi aukerak aurkezteko saioa

Lehen fasea amaitu zenetik teknikariak lanean aritu dira aurkeztutako alternatibak herritarren eskaeretara egokitzeko. Hala, azaroaren 28an herritarren parte-hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo da hilabete hauetan landutako bi aukerak  aurkezteko. Saioa 18:30ean hasiko da San Estebaneko auzo elkartean.

Ondoren, dokumentu teknikoa amaitu eta Udalbatzak onartu beharko du eta iradokizunak jasotzeko jendaurreko epea zabalduko da.

Epe hori igarota, berriro ere, herritarrek egindako ekarpenak teknikoki aztertuko dira eta azken itxiera edo kontu emate saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa zehazteko, hau da, HAPOaren aldaketarako oinarriak behin betikoz finkatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA