San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosako kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtuko da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/06/10 | Hirigintza

San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzean, semaforoen ordez, biribilgune bat jarriko da behin betiko, Larramendikoak izandako erantzun ona ikusita. Behin betiko soluzio bat diseinatu da, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartzen dituena. 2021erako aurreikusitako asfaltatze lanen barruan egingo da, eta azken plenoan kreditu aldaketa bat onartu zen lan hauetarako.

Aldaketa honek inguru horretako bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, izan ere, emisioak murriztuko dira geldirik dauden ibilgailuen kopurua ere murriztearen ondorioz, bide-segurtasuna hobetuko da, zaratak gutxituko dira etab.

Gainera, egun San Frantzisko pasealekuak eta Alliri auzotik datorren bideak bi errei dituzte, eta biribilgunea egindakoan, bakarra izango dute. Ondorioz, beste erreiaren azalera espaloia eta bidegorriak zabaltzeko erabiliko da.

Datozen astetan proiektua onartu eta obren lizitazioa abian jartzea aurreikusten da, uda ondoren lanak hasteko eta urtea amaitu baino lehenago amaitzeko helburuarekin.

San Frantziskon obrak irauten duten bitartean ez da aurreikusten trafikoa etetea erabat (baliteke puntualki beste ibilbide batetik bideratu behar izatea). San Frantziskoko eta Alliritik datorren kaleko errei bat kenduko da obra hasieratik, eta obra amaitu arte semaforoak martxan mantenduko dira. Litekeena da denbora horretan auto-ilarak handitzea eta ordu puntetan ibilgailuek semaforoetan zain egon behar izatea.

Mugikortasun Plan Berria kontuan izanik egingo dira asfaltatze lanak

Orain arteko asfaltatze-kanpainen ohiko planteamendua izan da bide zoruak birgaitzea, aurrez zeuden ibilbideak mantenduz, eta asfaltatzea amaitutakoan bide-marra berriak jartzea. Modu honetara, egun egokitzat jotzen ez diren hainbat gune egonkortzen direla ikusita, 2021eko asfaltatze lanek, bide-zoruak birgaitzeaz gain, bideen konponbideak berriz diseinatzea du helburu, Mugikortasun Plan Berrian ezarritako irizpideei jarraituz.

Aurtengo asfaltatze lanen kanpainan, San Frantziskon ez ezik, beste eremu batzuetan ere jardutea aurreikusten da, esaterako, Usabalgo industrialdean eta Monteskueko paradetako bidean.

Asfaltatze lanen eragina eremu bakoitzean ezberdina izango da, eta lanak hasi aurretik emango da kasu bakoitzerako aurreikusitako neurriei buruzko informazioa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA