- Udalak baldosak desmuntatu, lurzoruaren maldak berreraiki eta eremua urbanizatu du.
- 46.580 euroko inbertsioa gauzatu da gunean.
- Udalak lanean dihardu herriguneko hainbat eta hainbat eremu birgaitu eta berroneratuz. Gernikako Arbolaren II. Faseari ekingo dio Udalak 2019aren lehen sehilekoan. Segidan joango dira Laskorain kalea, Oria kalea, San Frantzisko 39-41, Zezen-plaza, Euskal Herria plazako arkupeetako zorua edota Paper kalea.
San Frantzisko pasealekuko 47 zenbakidun etxebizitza eta 'Euskaldun berria' oinezkoen pasabidearen arteko bi espaloien urbanizazio konponketak amaitu berri ditu Udalak. Lanek 46.580 euroko inbertsioa izan dute.
Zehazki San Frantzisko pasealekua eta Oria ibaia elkartzen diren puntuan sortzen den oinezkoentzako gunean burutu dira lanok, Oria ibaiko pasarela eta San Frantzisko 47 eraikinaren arteko espazioan. Eremuak triangelu forma du. Espaloi zati bat San Frantzisko ibilbidearen trazatua jarraituz eta bestea Oria ibaiaren ibilbidea jarraituz. Bien artean eremu berde bat sortzen da.
Urbanizazioaren egoera nahiko ona da gune berdean eta garajeen gainean, baina bi espaloiek patologiak ezberdinak zituzten. Orokorrean, zuhaitzak asko haziak zeuden eta sustraiak zintarriaren eta baldosen artean hedatuak, ondorioz baldosak altxatu dira espaloiaren maldak deformatuz. Desnibel horrek, irisgarritasuna zaildu eta putzuak sortzen zituen.
Honen aurrean, Udalak baldosak desmuntatu, lurzoruaren maldak berreraiki eta eremua urbanizatu du:
-
San Frantzisko aldeko espaloian, lehenik eta behin zuhaitzen sustraiek eragindako kalteak konpondu dira, horretarako, baldosak altxatu eta sustraiak kenduz. Ondoren, 1 metro zabalerako lerro berde bat sortu da. Bertan, 20-40 zm altuerako zuhaixka herrestariak landatu dira. Horrela, sustraiek lekua izango dute hazteko urbanizazioa pitzatu gabe. Bestalde, zuhaizka hauek mantenimendu txikia eskatzen dute eta errepidearen eta espaloiaren artean barrera bisual bat sortzen dute. Lerro berdearen eta espaloiaren arteko luzera guztian hustubide sareta bat kokatu da espaloiko urak jasotzeko. Hustubide horiek euri uren ebakuazio sarera konektatuta daude. San Frantzisko 47 eraikinaren aparkalekuen parean, baldosak altxatu, sustraiak garbitu, eta zoladura lehendik dagoen eran kokatu da.
-
Oria ibaiaren alboko espaloia altxatuta, oinarria asentatu da. Maldak sortu dira puntu baxua espaloiaren erdian kokatuz. Hustubide berriak lerro baxu horretan zehar jarri dira, lehendik dagoen kolektorera konektatuta. Ezarriko diren baldosek aurrekoen ezaugarri berdinak dituzte. Zuhaitzentzako 1x1 metroko alkorkeak egin dira ere, zoladura drenante bidezko kapa zurrun batekin beteta.
Udalak lanean dihardu herriguneko hainbat eta hainbat eremu birgaitu eta berroneratuz. Bidebieta auzoa, Bizkaia kalea, Nafarroa etorbidea, Batxiler Zaldibia, Pedro Tolosa, Gudari kalea... ondotik, Gernikako Arbolaren II. Faseari ekingo dio Udalak 2019aren lehen sehilekoan. Segidan joango dira Laskorain kalea Patinen plazarainoko ibilbide osoan, Oria kalea, San Frantzisko 39-41 tartea, Zezen-plazaren ingurua (autobus-geltokiaren esparrua), Euskal Herria plazako arkupeetako zorua edota Paper kalea. Aurrekontuan aurreikusi da ere Rondila kalearen eraberritzearen aurreproiektua gauzatzea.