Tolosako Irisgarritasun Plana eguneratzeko saio irekiak egingo ditu udalak, eragileekin eta herritarrekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/03 | Hirigintza
  • Lau esparru aztertuko dira plana eguneratzeko: erabilera publikoko espazioak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak.
  • Lehen informazio saioa urtarrilaren 10ean egingo da, udaletxeko areto nagusian, 17:00etan, eta nahi duen orok bertaratu ahal izango du.

20 urte dira Tolosak lehen Irisgarritasun Plana sortu zuenetik. Denbora hori igarota, plana berrikusi eta eguneratuko du udalak, herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun-maila ebaluatu eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak identifikatzeko eta lehenesteko.

Herritarren eta eragileen parte hartzearekin osatu nahi da plan hori. Horretarako, gutxienez hiru saio ireki egingo dira prozesuan zehar. Horietako lehena urtarrilaren 10ean izango da, udaletxeko areto nagusian, 17:00etan. Udalak egin asmo duen lanaren lehen aurkezpena egiteko baliatuko da saio hori, aztergaiak, irizpideak edota faseak azalduz. 

Bigarren saioan, diagnosiaren inguruko azalpenak emango dira, eta herritarren eta eragileen proposamenak jasoko dira. Hirugarrenean, berriz, jaso eta idatzitakoaren azalpenak emango ditu udalak. Bi saio horien datak aurrerago jakinaraziko dira. Beharrezko ikusiko balitz, saio osagarriak ere egin ahal izango dira, gainera. Bilera horietara interesa duen edonork joan ahal izango du. 

Lau esparru aztergai

Irisgarritasun Planak lau esparru aztertuko ditu: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak. 

  • Erabilera publikoko eremuak: kale, plaza eta parkeen egoera aztertuko da, hala nola, ibilbideen zabalera, oinezkoen pasabideak, oztopo arkitektonikoak, malda edo hiri-altzarien egokitasuna.

  • Garraioa: atal honetan, garraio publikoko geralekuen egoera, markesinetako eserlekuak, igoera-jaitsiera egiteko altuera edota mugikortasun urria duten pertsonentzako egokitutako aparkalekuak aztertuko dira, besteak beste.

  • Komunikazioa: Bide publikoetako eta eraikinetako seinale, semaforo, bolardo, eskailera, paperontzi eta bestelako elementuen seinalizazio egokia baloratuko da.

  • Eraikin publikoak: eraikinen inbentario eta ikuskapena egingo da, ateen zabalera, egokitutako komunak, aldagelak, sarrera-irteerak edota lurraren irristakortasun maila neurtuz.

Prozesuan zehar sortzen den dokumentazioa eskura jarriko da, https://partaidetza.tolosa.eus/ webgunean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA