- Aurten 500.000 euro bideratuko ditu Udalak zeregin honetara: zehazki, teilatua eta fatxada berritu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua eraikiko dira. Maiatzean esleituko dira lanok.
- Maiatzean jarriko dira kafetegia eta jatetxea ustiatzeko baldintza pleguak jendaurrean eta ondoren, hilabete eta erdi izango dute interesa duten pertsonek beren proposamenak aurkezteko. Ustiapena udararako esleituta izatea aurreikusten da.
Fronton kafetegi eta jatetxeari dagokionez, maiatza hilabete garrantzitsua izango da. Izan ere, eraikina eraberritzeko lanak esleituko ditu datorren astean Udalak eta hil honetan bertan abiaraziko da, baita ere, kafetegi eta jatetxea ustiatzeko lehiaketa publikoa.
Udalak eginiko aurreko kontzesioa, 25 urterako zena, 2018an amaitu zen eta orain, eraikina ustiatzeko lehiaketa berria jarriko da martxan, baina horretarako, hau da, Fronton eraikineko jatetxeak eta kafetegiak atea berriz ere zabaldu ahal izateko, beharrezkoa da, aurretik, hainbat lan gauzatzea egun eraikinak ez dituelako oinarrizko irisgarritasun baldintzak betetzen.
Lehiaketa publikoa martxan jarri aurretik, bereziki aurrera eraman beharreko lanen tamaina ikusita, Udalak joan den urtean obra horiei buruzko azterketa ekonomikoa eskatu zuen lanen guztizko kostua ezagutzeko eta horren baitan esleipenerako pleguak prestatzeko. Azterketa horren arabera, Udalak eraikina eraberritzeko dirua jartzea ezinbestekoa zen, Udalak inbertsiorik egin ezean, lanen kostu osoa kontutan izanik, esleipena bideraezina eta jasanezina izango litzakelako esleipendunentzat.
Gauzak horrela, Udalak aurten 500.000 euro bideratuko ditu Fronton eraikina eraberritzera. Zehazki, teilatua eta fatxada berritu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua eraikiko dira. Eraikin barruko lanez, aldiz, (sukaldeak etab.) pertsona esleipendunak arduratu beharko dira eta egin behar duten inbertsioa amortizatzeko aukera izan dezaten, kafetegi eta tabernaren ustiapena datozen 30 urterako esleituko da.
Beharrezkoa izan da bai jatetxea –abenduan- eta baita kafetegia ere –martxoan- itxita egotea Udalak aurrera eraman nahi dituen lanekin hasi ahal izateko. Era berean, kafetegi eta jatetxearen ustiapena esleitzeko lehiaketa publikoa abiarazteko Udalak egin beharreko lanak esleituta egotea beharrezkoa da. Beste kontu batek ere, pleguen prestaketa atzeratu du, izan ere, Udaletik anbizio handiko proiektua sustatu nahi izan da, aurreko esleipendunei esker jada ospe eta izen handia duen jatetxeari balio erantsia emateko. Asmoa zen jatetxean bazkalduko luketen pertsonei pilotalekua ikusteko aukera eskaintzea. Proiektuak aurrera egingo balu beharrezkoa zen aukera hori pleguetan jasotzea, baina proposamena atzera bota du Foru Aldundiko Kultura Sailak eraikin babestua delako eta hortaz ezinezkoa delako pilotalekuaren inguruan obrarik egitea.
Aipatu guztiagatik, eta jada baldintza pleguak zehaztuta, datorren astean eraikina eraberritzeko lanak esleituko dira eta kafetegia eta jatetxea ustiatzeko baldintza pleguak jendaurrean jarriko dira maiatzean bertan. Ondoren, hilabete eta erdi izango dute interesa duten pertsonek beren proposamenak aurkezteko. Beraz, kafetegiaren eta jatetxearen ustiapena udararako esleituta izatea aurreikusten da. Udalak gauzatu behar dituen lanak, berriz, maiatza bukaeran hasiko dira, 5 hilabeteko iraupena izango dute eta beraz, azarorako amaituak egongo dira.
Horren ondotik, pertsona esleipendunek eraikinaren barrualdean egin beharreko lanei ekin beharko diete. Prozesu horren guztiaren ondoren, Fronton eraikinak etapa berri bati ekingo dio, ateak zabalduko ditu berriz ere, orain arte bezalaxe, erreferentzia gune eta elkargune izan dadin tolosar guztientzat.