Zubiberria ordezkatzeko proiektuak egungo zubiaren estetikarekin lotura handiagoa izan dezan eskatu dio Udalak Uraren Euskal Agentziari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/03/24 | Hirigintza
  • Joan den asteko informazio bilera irekian herritarrek azaldutako zalantza eta kezkekin bat eginez, Udalak URA- Uraren Euskal Agentziari eskatu dio Zubiberriaren proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsiz, diseinu berri bat aztertzeko, eraikiko den zubi berriak  hiri-paisaiarekin bat egin dezan eta egungo zubiaren ahalik eta antzekoena izan dadin.
  • Tolosako alkatea, Olatz Peon Ormazabal: “Tolosa uholdeetatik babesteko aukera eta irtenbide eraginkorrena da Zubiberria ordezkatzea. Neurri honek erabat murriztuko du uholde arriskua Tolosan, Alde Zaharra erabat babestuz: Alde Zaharrean bizi diren 8.230 pertsona babesteaz gain, bertako ondare kultural-historikoa guztia babestuko da eta bertako jarduera ekonomikoa ere bai,  775 saltoki baitaude eremu horretan. Era berean, egun uholdegarritasunagatik Alde Zaharrak dituen birgaitzerako mugak gainditzea ere lortuko da. Beraz, onurak ukaezinak dira. Ukatu genezakeen proiektua, Zubiberria bere horretan mantenduz, baina arduraz jokatzea dagokigu eta beharrezkoa da erabakiak hartzea, are eta gehiago herritarren segurtasuna ta ongizatea badago jokoan”

 

Joan den astean, URA- Uraren Euskal Agentziako ordezkari eta teknikariak Tolosan izan ziren herritarrei Tolosa eta bereziki Tolosako Alde Zaharra uholdeetatik babesteko garatutako proiektua aurkezten eta esku hartzearen beharra eta garrantzia azaltzen.

Informazio bilera irekian, URAko ordezkariek, Zubiberria ordezkatzeko proiektuaz gain, hartuko diren beste neurri osagarriak ere azaldu zituzten, hala nola, Oria ibaiertzeko pasealekuko ezkerraldean horma eta baranda berriak jartzea eta Zerkausiko sarreran horma mugikorrak jartzea ere, neurri guztiak uholde arriskuak murrizteko helburuarekin.

Ekintzok, 2015. urtetik indarrean dagoen Uraren Euskal Agentziaren Ekintza Planean jasota daude, baita ere 2022-2027 Ekintza Plan berrian ere.

Proiektuak ekarriko lituzkeen onurak

Uholde arriskua handia da Tolosan, bereziki Alde Zaharrean, uholdegarritasun eremuan kokatuta dagoelako gune historiko osoa. Azterketa teknikoen esanetan, zubiak dira Tolosan oztoporik nagusienak. Uholde-arriskua murrizteko, ibaiaren ur-ahalmena handitu behar da, oztopoak kenduz.

Ibaiaren ur ibilgua oztopatzen dute, bereziki, Naparzubiak eta Zubiberriak, dituzten oinarri eta zutabe zabalengatik. Naparzubia babestua dago eta ezin da bertan esku hartu, eta ondorioz, Zubiberria ordezkatzea da Tolosa babesteko neurririk eraginkorrena. URAkeko teknikarien esanetan, arriskuak murrizteko beste aukera edo alternatibarik balego ez litzateke zubia ordezkatuko.

Zubiaren ordezkapenak nabarmen murriztuko luke uholde arriskua Tolosan eta Alde Zaharra babestuko luke.

Alde Zaharrean bizi diren 8.230 pertsona babesteaz gain, eremu uholdegarrian kokatutako ondare kultural eta historiko zabala babestuko litzateke, baita ere etxebizitzak eta jarduera ekonomikoa , eremu horretan 775 saltoki edo jarduera ekonomiko daudelako kokatuta. “Alde Zaharreko balio handiko ondarea babesteaz gain, Alde Zaharreko eraikin, jarduera ekonomiko eta bereziki pertsonak babestuko dira proiektu honen bidez, eta egun uholdegarritasunagatik Alde Zaharrak dituen hirigintza mugak ere gaindituko dira eta errazagoa izango da birgaitze lanak egitea. Beraz, onurak ukaezinak dira. Eta helburu bakarra da, tolosarrak babestea eta Alde Zaharra babestea ere bai. Ukatu genezakeen proiektua, Zubi Berria bere horretan mantenduz, baina arduraz jokatzea dagokigu eta beharrezkoa da erabakiak hartzea, are eta gehiago herritarren segurtasuna eta ongizatea badago jokoan”

Onurei eutsiz, hiri-paisaiarekin bat datorren diseinu berria aztertzeko eskaera  

Proiektuaren beharra eta proiektuak ekarriko lituzkeen onurak zalantzan jarri gabe, Zubiberria ordezkatzeko proiektua azaltzeko egindako bilaren ondoren eta gaiak Tolosako herritarrengan sortu duen kezka ikusita, Udalak, URA-Uraren Euskal Agentziari eskatu dio:

1. Zubi berriaren proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsiz, diseinu berri bat aztertzeko, eremuaren hiri-paisaiarekin bat datorrena eta egungo zubiaren ahalik eta antzekoena izango dena. 

2. Proiektuaren inguruko informazio kanpaina egin dezala URAkek.

“Eraikiko den zubi berriaren itxurak zalantzak eta kezkak sortu ditu, zubia sostengatzeko aurreikusten diren arkuengatik;  sentsibilitate ezberdinak daude, emozioak tarteko, eta horiekin guztiekin bat egiten dugu; horregatik, proiektua oraindik amaitu eta behin betikoz onartu gabe dagoenez, proiektua berraztertzeko eskatu diogu Uraren Euskal Agentziari, egungo zubiaren itxura eta estetika antzekoagoa izan dezan eraikiko den zubi berriak; lanketa hori udalarekin elkarlanean egitea ere eskatu diegu, proiektua egitea beraiei badagokie ere”azaldu du alkateak.

“Era berean, herritarren kezkak argitu eta erantzuteko, informazio kanpaina zehatza egin dezaten eskatu diegu: zubi berriaren ordezkatzea zergatik eta zertarako azaltzeko, aztertu diren aukera eta alternatiba guztien berri emateko eta garatzen den proiektua ezagutzera emateko” amaitu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA