-
Sestra Ingeniería y arquitectura S.L. enpresari esleitu zaio proiektuaren idazketa eta gehienez ere 7 hilabete izango ditu enpresak lana gauzatzeko.
-
Olatz Peon Ormazabal: “Zumarditxikiko proiektua estrategikoa da Tolosa eta tolosarrentzat, erdiguneari arnasa eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkien proiektua delako, horregatik lehentasunezko gaia da guretzat eta ematen ari garen pauso guztiak dira garrantzitsuak; datorren urte hasierarako prest izango dugu proiektua eta ondoren obraren lizitazioa abiaraziko dugu legealdi honetan lanekin hasteko”
Zumarditxiki berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko lanean jarraitzen du Udalak eta aurrerapausoak eman dira azken asteetan proiektuari dagokionean.
Udalak dagoeneko proiektuaren idazketa esleitu du eta Sestra Ingeniería y arquitectura S.L. enpresa arduratuko da proiektua garatzeaz. Proiektuaren idazketak bi fase nagusi izango ditu: lehenik eta behin, azterketa lana egingo da eta dauden alternatiben arteko konparaketa, eta ondoren exekuzio proiektua idatziko da.
Proiektuak, besteak beste, genero ikuspegia txertatuta duen Mugikortasun Plana, eta aurretik egindako aurreproiektua, herritarrekin Tolosatzen prozesuaren baitan partekatu eta landu zena, kontuan hartu beharko ditu.
Prozesu honek ere, noski, herritarren parte hartzea izango du, azken batean tolosarrak direlako herrian bizi direnak eta espazioa ezagutu eta erabiliko dutenak, beraz, saio ezberdinak egingo dira, tolosarren proposamen eta ekarpenak jasotzeko eta proiektua herritarrei aurkezteko.
Gehienez ere 7 hilabete izango ditu enpresak Zumarditxikiaren berrantolaketarako proiektua garatzeko, eta beraz, udalak esku artean izango du proiektua datorren urte hasierarako. Honek Ur Agentziaren oniritzia ere jaso beharko du. Behin proiektua jasota, 2022an bertan obra egiteko lizitazioa jarriko da martxan legealdi honetan bertan lanekin hasteko.
Legealdiko proiekturik estrategikoena
Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu duenez, “proiektu hau Tolosa eta tolosarrentzat estrategikoa da, 2019-2023 Legealdi planean jasotako asmo handiko proiektua da, zalantzarik gabe legealdi honetako proiekturik estrategikoena”.
“Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzea lehentasunezkoa da guretzat, ezinbestekoa delako ibaia herrian integratu eta duen balioa azpimarratzea; proiektu honekin izugarri aberastuko da Tolosa, hortaz, proiektuak duen garrantziaz jabetuta, lehen egunetik lanean aritu gara, proiektua gauzatu ahal izateko aparkaleku alternatibak eta aukerak berriak ere aztertuz”azaldu du.
Espazioaren berezko balioa azpimarratzeko proiektua
Proiektu honen helburu nagusia da erreferentziazko gune berria bat sortzea herrian, garai batean Zumarditxikiak izan zuen erabilera soziala berreskuratuz, baina gaur egungo beharretara egokituta, Tolosak eta tolosarrek egun dituzten beharrei erantzuteko, herritar guztientzako aproposa izango den espazio publiko inklusiboa sortuz.
Eremu honek, gainera, kokapen estrategikoa du, Oria ibaiaren ertzean kokatuta dagoelako, erdialdetik oso hurbil eta tolosarrei era askotako erabilerak eskainiko dizkie.
Bereziki parke erabilera eman nahi zaio espazioari, aisialdirako berdegune berri bat eratuta, hirigune historikoari arnasa emateko helburuarekin. Espazio naturalagoa, inklusiboagoa, irisgarriagoa eta bateratutagoa izango da, espazio libre osoari izaera bateratua emango zaiolako. Naturarekiko harremanak sustatuko dituen eremua izango da hirigintza eredu jasangarrien bitartez, eta gizarte ekintzak antolatzeko gunea ere izango da: kontzertuak, azokak, kale antzerkiak eta era askotariko jarduerak bertan garatzeko eta genero perspektibari dagokionez, eremu segurua izango da.
Ingurumen ikuspegitik ere, Oria ibaiaren ertza berreskuratuko da, ingurumenarekiko errespetua duen diseinua garatuko da eraikuntza jasangarri eta arkitektura iraunkor-ekologikoak sustatuz, energia berriztagarriak erabiliko dira eta bertako begetazioa mantendu edo hobetuko da, hegazti espezien habitata zaintzeko.
Zumarditxikiko proiektua Mugikortasun Planarekin lerrokatuta
Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berrian zehaztuta dauden hainbat helbururekin bat egiten du Zumartxikiko proiektuak, horien artean: oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen mugikortasuna sustatzea, oinezkoen ibilbideak bultzatzea, espazio publikoaren kalitatea hobetzea eta herriko irisgarritasun eta mugikortasuna hobetzeko eremu eta kaleak berritzea, besteak beste.
Helburu horiek guztiak betetzen lagunduko du proeiktuak, espazio publikoa tolosarrentzat berreskuratzeaz gain, oinezkoentzako pasealekua ere sortuko delako, oinezkoen ibilbideak hobetuko direlako, egungo bidegorria zabaldu egingo delako eta ibaiondo kalearen hiritartzea ere sustatuko delako, parke berrian integratuz.
Aparkalekuari irtenbidea emateko proposamen ezberdinak mahai gainean:
Epe motz, ertain eta luzera begira ari da udal gobernua aparkaleku alternatibak lantzen eta aztertzen. “Legealdi honetan Zumarditxiki dagoeneko herritarren eskura jarriko dugu, bertako bizilagunei aparkaleku aukera berriak eskaini eta gero” adierazi du Egoitz Sorozabal, hirigintza eta lurralde arloko zinegotzi arduradunak.
Udalak momentu honetan mahai gainean dituen aukeren artean daude:
Epe motzera:
-
Ibaiondo bialean aparkaleku eremua sortzea, 2 norantzak mantenduta, espaloia estutuz.
-
Ibaiondo bialean aparkaleku eremua sortzea, trafikoa norantza bakarrean jarrita eta espaloia mantenduta.
Kasua honetan trafikoa Izaskungo aldapatik eta Santa Lutziatik bideratuko litzateke.
Epe ertain-luzera:
-
Santa Klara atzean aparkaleku berria eraikitzea. Kasu honetan, udalak lurzoruaren jabetza eskuratu beharko luke eta beraz, proiektu hau epe ertainera begira litzateke bideragarri eta egingarria.
-
Tolosako aparkaleku publikoen kontzesioak amaitzean, horietako bat udalak bere gain hartzea eta herritarren eskura jartzea. Hau ere, epe ertain-luzera begirako neurria litzateke, kontzesioak 6 eta 30 urtera amaitzen direlako.
“Aukera guztiak sakonki aztertzen ari gara, kontuan hartuta herritarren beharrak, baina baita ere kostuak, gastuak eta eraginak trafikoan, oinezkoengan, mugikortasunean, herriko sarrera-irteeretan, ingurumenean; datu horiekin guztiekin bideragarri eta egokiena den neurria hartuko dugu” baieztatu du Egoitz Sorozabalek.