Zumarditxikia espazio publikoa berrantolatzeko proiektua zehazteko bilera irekia uztailaren 5ean

Tolosako Udala
2021/06/30 | Hirigintza azpiegiturak
  • Orain arte landu den proiektua aurkeztuko da, lan saio irekian parte hartzen duten herritarren ekarpenak jaso eta landutako zirriborro horretara gehitzeko.

  • Saioa Kultur Etxean izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta herritar guztiei irekita egongo da. Parte hartu nahi duenak hirigintza@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali behar du, edo bestela UDATEra deitu (010) izena emateko.

 

Tolosako Udalak lanean jarraitzen du Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko. Proiektuaren idazketaz arduratzen ari den Sestra enpresak prest du proiektu berriaren lehen zirriborroa, eta orain arteko lanketa herritarrekin partekatzeko eta haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko lan saio irekia egingo da orain. Asmoa da esparrua eta baldintzak ezartzen dituen hasierako zirriborroaz baliatzea herritarren ekarpenekin bateratzeko. Saioa uztailaren 5ean izango da, Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara.

Zumarditxikia eremuak bere garaian izan zuen erabilera soziala berreskuratu nahi du Udalak, espazio hori berriz ere herritarren eskura jartzeko. Hala, Sestra enpresak 2018ko partaidetza prozesuan landutakoa zein berrantolaketarako kontuan hartu diren elementuak hartu ditu oinarri proiektu berriaren zirriborroa egiteko. Orduan egin zen moduan, parte hartze prozesu bidez osatuko da zirriborro hori exekuzio proiektua idatzi aurretik.

Tolosako Udalarentzat proiektu estrategikoa da Zumarditxikia. Horregatik, herritarrak parte hartze prozesuko saio irekira gonbidatu ditu. Saiora joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, hirigintza@tolosa.eus helbidera mezua bidalita edo UDATE-ra deituta (010).

 

Legealdiko proiektu estrategikoa

Tolosako Udalarentzat 2019-2023 legealdiko proiekturik estrategikoena da Zumarditxikikoa. Izan ere, Udalarentzat lehentasunezkoa da eremu hori herritarren eskura jartzea, ibaia herrian integratu eta Tolosak zein tolosarrek gaur egun dituzten beharretara egokituta herritar guztientzat aproposa izango den espazio publiko inklusibo bat sortuz.

Zumarditxikia herri erdigunean kokatutako natur eremu bat izatea da Udalaren helburua, aisiara bideratutako espazio bat, hirigintza eredu jasangarrien bidez gizarte ekintzak antolatzeko aukera emango duena. Ingurumena ere oso kontuan izan da proiektu honen garapenean, eta Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berrian zehaztuta dauden hainbat helbururekin bat egiten du.

Aurreikuspenen arabera, datorren urte hasierarako eskuartean izango du Udalak proiektu berria, eta behin proiektu horrek Ur Agentziaren oniritzia jasota jarriko da martxan. Udalak 2022an bertan jarriko du martxan obra egiteko lizitazioa, legealdi honetan bertan lanekin hasteko.