Zumarditxikiko aparkalekuaren alternatiba aurkezteko bilera azaroaren 3an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/10/28 | Hirigintza
  • Informazio bilera Alde Zaharreko bizilagunei zuzenduta dago eta arratsaldeko 18:30ean  egingo da Pleno aretoan.
  • Alternatiba garatzeko Tolosako Udalak herriko aparkalekuaren inguruan eginiko azterketa hartu du oinarri eta Zumarditxikiko eraberritzeak eragin handiena Alde Zaharreko bizilagunengan izango duela aintzat hartuta, Udalak bertako bizilagunei zuzendutako alternatiba aurkeztuko du.

 

Zumarditxikiko proiektua aurrera doa eta hori egikaritzeko urratsak egiten jarraitzen du Tolosako Udalak. Ildo horretan, esaterako, joan den irailean eginiko osoko bilkuran, obren lizitazioa martxan jarri ahal izateko kreditu aldaketa onartu zen.

Lizitazioa abian jarri edota proiektua gizarteratu aurretik, baina, Tolosako Udalak bertako aparkalekuaren alternatiba landu du eta horixe aurkeztu nahi die orain Alde Zaharreko bizilagunei, hain zuzen eremu honetako bizilagunengan izango baitu eragin handiena Zumarditxikiko eraberritzeak.

Gauzak horrela, datorren azaroaren 3an, osteguna, Zumarditxikiko aparkalekuari irtenbidea emateko Udalak landutako alternatiba aurkezteko bilera irekia egingo da Alde Zaharreko bizilagunekin, arratsaldeko 18:30ean  Pleno aretoan. 

Aparkalekuaren inguruan azterketa ardatz hartuta landutako alternatiba

Tolosako Udalak aurkeztuko duen alternatiba lantzeko, aurrez, herriko aparkalekuaren eta bereziki Zumarditxikiko aparkalekuaren erabilerari buruzko azterketa sakona egin du Leber enpresaren gidaritzapean. Aipatu enpresa garraioaren eta trafikoaren antolaketan espezializatutako aholkularitza enpresa da. Azaroaren 3ko saioan parte hartuko dute enpresako adituek, eginiko azterketaren nondik-norakoak  eta emaitza nagusiak azaltzeko.

Esan bezala, azterketa horren baitan, arreta berezia jarri da Zumarditxikiko aparkalekuan, bertara sartu edo bertatik irteten den kotxe bakoitza eta horien egonaldiak aztertuz. Emaitza gisa, bertan aparkatzen diren ibilgailuen gehiengoa  (ia %80) Alde Zaharrean bizi diren pertsonenak direla ondorioztatu da. Hori dela Udalak landutako alternatiba, espreski Alde Zaharreko bizilagunei zuzendutakoa da eta horiek izango dira proposamenaren onuradunak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA