- Enpresek hilabete dute beren proposamenak aurkezteko eta proiektuen idazketak esleitu ondoren, enpresa esleipendunek 7 hilabete dituzte Zumarditxikiko proiektua egiteko eta 10 Kultur Etxekoa garatzeko.
- Hortaz urte amaierarako izango ditu proiektuak eskuartean Udalak eta bi prozesuetan herritarren partaidetza bermatuko da.
Legealdi Planean jasotako bi proiektu garrantzitsuren idazketa prozesuak abiarazi ditu Udalak.
Zumarditxikia herritarren eskura jartzea da Udal Gobernuaren legealdirako helburu nagusia eta proiektu estrategikoena.
Kasu honetan, aurreproiektu bat dago egina, herritarrekin Tolosatzen prozesuaren baitan partekatu eta landu zena, herritarren proposamen eta iradokizunak kontuan izateko. Aurreproiektu hori da orain garatuko dena.
Hirigune historikoari arnasa eskaintzen dion birika
Proiektu honen helburu nagusia da espazio publiko honen berrantolaketa egitea, garai batean leku honek izan zuen erabilera soziala berreskuratzeko helburuarekin, gaur egungo beharretara egokituta eta Tolosako Mugikortasun plana kontuan hartuta.
Berdegune bat eratu nahi da, espazio naturalagoa, inklusiboagoa, irisgarriagoa, herritar bakoitzaren naturarekiko harremana areagotuko duena, gizarte ekintzak antolatzeko aproposa izango dena eta genero perspektibari dagokionez, eremu segurua izango dena,
Proiektuaren idazketak bi fase izango ditu, azterketa lanak egingo dira lehendabizi eta exekuzio proiektua garatuko da ondoren. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da proiektuak duen garrantziagatik eta bi saio egingo dira tolosarrekin, bata proposamenak jasotzeko eta bestea, proiektua aurkezteko.
Kultur Etxean, liburutegi berria
Udal gobernuak aurreko legealdian eraikin sozio-kulturalei buruzko azterketa egin zuen, azpiegituren eta bertan eskaintzen ziren zerbitzuen inguruko informazio zehatza izateko, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin. Azterketan atzemandako beharrak eta lehentasunak kontuan izanda, eraikinak berritu eta berrantolatzeko plangintza egin da, eta Kultur Etxea eraberritzeko proiektuari eman zaio lehentasuna, gune honek duen erreferentzialtasun eta erabilera dela eta.
Espazio hau zaharkituta eta gain-okupatua dago eta irisgarritasun baldintzak ez daude bermatuta . Beste espazio batzuetan ere antzeko arazoak dituzte, esaterako Aranburu jauregiko Artxiboan eta Liburutegian, horregatik, eraberritze proiektuarekin Kultur Etxean erabilera berriak planteatu nahi dira eta espazio berrantolatuan liburutegi berria bertan kokatzeko.
Enpresek, beraz, Kultur Etxea eraberritzeko eta liburutegi berria bertan kokatzeko proiektua garatu behar dute. Liburutegiak eskakizun berrietara egokitu beharko du, liburutegi inklusiboa izan dadin.
Herritarrak izanik herrian bizi eta azpiegitura hau gehien erabiltzen dutenak, ezinbestekoa da beren parte hartzea proiektua garatzeko. Eraikin sozio-kulturalen inguruko azterketa egin zenean jada herritarrek egin zituzten beren proposamenak eta horiei erantzutea du helburu liburutegi bateratua eta berritzailea Kultur Etxean kokatzeak.
Enpresek hilabeteko epea izango dute beren proposamenak aurkezteko, ondoren, proiektuen idazketa lanak esleituko ditu Udalak; Zumarditxikiko proiektua egiteko 7 hilabete izango ditu enpresa esleipendunak, 80.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta Kultur Etxeko proiektua egiteko aldiz 10 hilabete eta 85.377,6 euroko aurrekontua.
Gauzak horrela, urte bukaerarako izango ditu eskuartean bi proiektuak Udalak.