Abian dira Tolosako Amarotz paper-fabrika zaharraren esparruan babes ofizialeko 192 etxebizitza eraikitzeko obrak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/02/23 | Hirigintza
  • Imanol Pradales Lehendakariak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Andu Martínez de Rituerto Tolosako alkateak 2028rako entregatzea aurreikusten den etxebizitza batzuen lanen hasiera bisitatu dute
  • Visesak elkarren ondoan dauden bi partzeletan sustatutako proiektuan (111 + 81 etxebizitza) 34,76 milioi euroko inbertsioa egingo da guztira, esparru hori hirigintza-eta gizarte-arloan eraldatze aldera

 

 

Hasi dira Tolosako “20.1 Amarotz paper-fabrika” esparruan alokairuko babes ofizialeko 192 etxebizitza eraikitzeko lanak. Garabiak aste honetatik ari dira lanean 2.1 eta 2.2 partzeletan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Visesaren bitartez, sustatzen du industria-esparru zaharraren hiri-eraldaketari amaiera emango dion jarduera estrategiko hau.

Imanol Pradales Lehendakariak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Andu Martínez de Rituerto Tolosako alkateak lanak hasi diren partzela bisitatu dute gaur. Bisitan, Visesako zuzendaritza teknikoak bi sustapenen inguruneari, plangintzari eta ezaugarri teknikoei buruzko azalpen zehatza eman diete agintariei.

Itxaso sailburuak, hedabideen aurrean mintzatu denean, proiektuaren izaera ukigarria nabarmendu du. “Gaur ez gara iragarpenak egitera etorri, ezta asmoak azaltzera ere. Betetzera etorri gara. Izatez, paperean geratzen diren proiektuez haratago, obra erreal bihurtzen den ekimen bati hasiera ematen diogu”, adierazi du.

Itxasok nabarmendu du obrei udalerriarentzat bereziki esanguratsua den une batean eman zaiela hasiera. “20 egun baino gehiago dira Tolosa ofizialki eremu tentsionatu izendatu zutela, eta izendapen hori ez da titular hutsa, herritarrak babesteko tresna zehatza baizik”, aditzera eman du. Sailburuaren hitzetan, tresna horrek “aukera ematen digu prezioak modu eraginkorrean kontrolatzeko eta alokairu eskuragarria handitzeko, batez ere talde zaurgarrienentzat: gure gazteentzat, familia langileentzat eta bakarrik bizi diren pertsonentzat —gero eta gehiago dira Euskadin—”.

Proiektu honetako 192 etxebizitzak —111 etxebizitza 2.1 partzelan eta 81 etxebizitza 2.2 partzelan— Visesak eraiki eta Alokabidek kudeatuko ditu. Horretarako, guztira 34,7 milioi euroko inbertsioa egingo da, barnean direla lurzoruaren balioa, urbanizazio osagarria, eraikuntza, deskontaminazioa, ordainsari teknikoak, ekipamenduak eta lizentziak. “Urtarrilaren amaiera aldean, kontratua sinatu eta zuinketa-akta egin ostean, hemen daude makinak. Eta horiekin, epeak betetzeko dugun betebeharra: 2028ko bigarren seihilekoan entregatuko zaizkio, adjudikatzeko prest, etxebizitzak Alokabideri”, jakinarazi du sailburuak.

Bestalde, Lehendakariak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren erronkari heltzeko konpromiso irmoa duela, eta horren adibide jarri ditu Premiazko Neurriei buruzko Legea, Plan Gidaria eta eremu tentsionatuak izendatzeko prozesua. “Aurrekaririk gabeko emaitzak nahi baditugu, aurrekaririk gabeko erabakiak hartu behar ditugu. Horixe ari gara egiten, Euskal Autonomia Erkidegoko egoerak eta gizarteak hala eskatzen baitigu”, erantsi du Pradales Lehendakariak.

Testuinguru horretan, Lehendakariak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du. “Neurrien arkitektura berri hori guztia eraikiko bada, oinarri sendoak behar ditugu: eragile instituzional, ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza leial eta bizkorra behar dugu. Guztiok maila berean bagaude, sinetsita nago legealdi hau inflexio-puntua izango dela Euskadiko etxebizitza-politika publikoetan”, ohartarazi du.

Andu Martínez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi du jarduketa hori “mugarria” dela Tolosarentzat, eta etxebizitzen izaera nabarmendu du: “ez dira edonolako etxebizitzak, alokairu sozialera zuzenduko diren etxebizitzak baizik, eta familia askoren beharrak beteko dituzte. Gainera, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza dira. Uste dut gehiago bultzatu beharko genukeela bide hori; adibidez, Tolosan, Alde Zaharreko eraikinak berroneratzeko”, adierazi du.

Hala ere, eraikuntzaz haratago, proiektuak auzo-ikuspegia ere behar duela ohartarazi du Martínez de Rituerto alkateak. “Proiektuak erabat aldatuko du Amarotz auzo errotua, bertako biztanleria nabarmen handituko baita bat-batean. Horrek auzoan premia berriak sortuko ditu, eta neurtu behar den eragina ere bai. Udalak horretarako proiektua jarri du abian”.

Amarotzeko hiri-eraldaketa amaitzea

Etxebizitza horien eraikuntza da Amarotz paper-fabrika zaharra berroneratzeko behin betiko fasea. Paper-fabrika 1868an sortu zuten eta 2009an itxi, mende batetik gora jardunean eman ostean. Itxi zutenean, industriarekin historikoki lotzen zen eta bizitegi-ingurunean kokatzen zen espazio baten eraldaketa integralerako atea zabaldu zen.

URAk 2014an egindako uholde-arriskuaren eguneratzeen ondorioz, hirigintza-garapena aldatu behar izan zen eta aurreikusitako antolamendua guztiz birplanteatu. Esparruaren hegoaldeko zonak uholde-eremu gisa katalogatu ziren —baita lehentasunezko fluxu-egoeran ere—; hori dela eta, hasieran 3. eta 4. partzeletan aurreikusitako eraikigarritasuna iparraldeko zonan dauden 1. eta 2. partzeletara eraman zen —iparraldeko zona jada urbanizatuta dago eta eraikuntzarako egokia da—.

Egungo proiektuak, 192 etxebizitzaren eraikuntzaz gain, aintzat hartzen du ibai-ingurunea birnaturalizatzea, Araxes ibaiertzeko pasealeku baten bidez ibaiarekiko lotura berreskuratzea, erabilera publikoko espazio libreak birmoldatzea, Amarotz kalean zehar zeharkako berdegune berriak sortzea eta jolas- eta kirol-erabilerak hartzeko moduko funtzio anitzeko aparkalekuak sortzea. Esku-hartzeak, beraz, behin betiko ezabatzen ditu fabrika-instalazio zaharrak, lurzoruaren deskontaminazioari amaiera ematen dio eta Tolosan erabat integratuta dagoen auzoa finkatzen du.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du Amarotzeko hiri-eraldaketa handiaren amaiera dela proiektua, pertsonentzako pentsatutako auzoa, konexio berriekin, berdegune berriekin eta ingurune atseginagoarekin. Gainera, uholde-arriskuari buruzko araudi berritik eratorritako eskakizunek, jarduna geldiarazi beharrean, hobetzea ahalbidetu dute.

Gizarte-arloko eragina eta gazteriaren aldeko apustua

Gizarte-arloan, sustapenak eragin adierazgarria izango du. Etxebiden jasoarazita dagoenez, Tolosan 1.178 bizikidetza-unitate daude inskribatuta, eta horietatik 505 bizikidetza-unitatek alokairuko etxebizitza bilatzen dute berariaz. Eusko Jaurlaritzak legealdi honen barruan 7.000 etxebizitza babestu bultzatzeko hartutako konpromisoaren parte dira 192 etxebizitza horiek.

Sustapenaren ezaugarriak

  •  2.1 partzela: 111 etxebizitza

 

  1. partzelan kokatutako sustapenak alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza eskainiko ditu. Etxebizitzak L formako bi bloketan antolatuko dira, eta bloke horiek beheko solairua, bederatzi goi-solairu eta garajeetarako sotoko bi solairu izango dituzte.

Banaketa hau izango dute:

  • Logela bakarreko 30 etxebizitza
  • Bi logelako 65 etxebizitza, horietako 5 mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituta
  • Hiru logelako 16 etxebizitza

Diseinu arkitektonikoak neguan eguzkiztapena maximizatzen du eta udan erradiaziotik babesten du, hegalei eta terrazei esker. Fatxada aireztatua izango da, aluminiozko xafla profilatuko eta konposite-paneleko akaberarekin, artile mineraleko isolamenduarekin eta hormigoi armatuzko egiturarekin.

 

 

  • 2.2 partzela: 81 etxebizitza

  1. partzelaren sustapenak 81 etxebizitza eskaintzen ditu, bi eraikin independentetan banatuta (beheko solairua + 9 goi-solairu, eta beheko solairua + 8 solairu), garajeetarako partekatutako sotoko bi solairuren gainean.

Hau da banaketa:

  • Logela bakarreko 10 etxebizitza
  • Bi logelako 55 etxebizitza, horietako 4 mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituta
  • Hiru logelako 16 etxebizitza

Bi eraikinen artean, erabilera publikoko plaza zolatu bat eta Araxes ibaiarekiko paralelo doan pasealekuarekin lotuko duen lorategi-ezponda bat proiektatzen dira. Eraikuntza-soluzioak, bestalde, partzelak duen % 5,5eko maldari erantzuten dio, iragazkortasun txikiko hormigoizko hormekin, zimendu mistoekin eta egitura arkupedunarekin.

Eraikin guztiak % 100 elektrikoak izango dira, eta aerotermia-sistemak, erradiadore indibidualak eta estalkian panel fotovoltaikoak izango dituzte, etxeko ur beroaren produkzioan laguntzeko. Fatxada aireztatuak izango dira, terraza-eremuetan panel metalikoa eta SATE sistemak konbinatuko dituena.

“Eraikitzen duguna helburu argiekin eraikitzen dugu”, adierazi du Itxaso sailburuak. “Lehen industria izan zen lekuan, laster etxeak izango dira. Itxita egon zen zonan, auzo irekia eta trinkoa sortuko da. Mugak ziren lekuan, aukerak zabalduko dira. Horixe da gure etxebizitza-politikaren funtsa: eskubideak bermatzea, desberdintasunak zuzentzea eta herri bidezkoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzea. Gaur hasi dira obrak. Eta horiekin zabalduko dira Tolosako ehunka familiarentzako aukera berriak”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA