Arrameleko biribilguneko lanak hasiko dira astelehenean

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/08/19 | Hirigintza
  • Hiru hilabete iraungo dute eta 579.294,54 euroko aurrekontua izango dute.
  • Biribilguneko galtzada zabaleran eragina izateaz gain, aldameneko zubia bera ere berrantolatuko da oinezkoentzat eta bizikletentzat.

Behin-behineko izaera duen biribilgunea dago gaur egun Arramele zubia eta Ibaiondo eta Larramendi kaleak elkartzen dituen bidegurutzean. Laster, ordea, datorren abuztuaren 24an, behin betiko biribilgunea ezartzeko lanak hasiko dira, zubiaren antolaketa bera ere eraldatuko dutenak. Lanek hiru hilabete iraungo dute eta 579.294,54 euroko aurrekontua izango dute. Girder Ingenierosek garatu du proiektua eta Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresak gauzatuko du.

Gaur egun, 14 metroko kanpo diametroa duen biribilgunea dago eta inguratzen duen galtzada 4,45 metrokoa da. Proiektuak neurri horiek zabalduko ditu, 19 eta 5,50 metroraino, hurrenez hurren. Horretarako, Larramendi eta Ibaiondo kaleen arteko bidegurutzean dagoen lurzati bat hartuko du (Arramele kalea 2), baina proiektua findu da eragin hori ahalik eta txikiena izan dadin. Bestalde, errepide horretatik ibilgailu handiak igarotzen direnez, erdiko irlatxoa zapaltzeko aukera izango dute; aldi berean, espaloia zapaltzea saihesteko eta oinezkoak babesteko, metalezko barandak ezarriko dira biribilgunearen inguruan.

Zubiko pasabideen berrantolaketa

Lanak amaitutakoan, Arrameleko zubiko erreiek bi noranzkoetan eta zabalera berarekin jarraituko dute. Aitzitik, alde banatan dauden espaloiak eta bidegorria aldatuko dira. Gaur egun, hegoaldean, Felipe Gorriti plazatik hurbilen dagoen aldean, oinezkoentzako espaloia eta bi norabideko bidegorria daude; eta beste aldean, iparraldean, Belatetik hurbilen dagoen horretan, oinezkoentzako espaloia dago soilik. Bada, lanak amaitzen direnean, oinezkoentzat izango da erabat Felipe Gorriti plazatik hurbilen dagoen aldea, eta bizikletentzat izango da Belatetik hurbilen dagoena.

Modu honetan, batetik, oinezkoek nahiz bizikletek espazio gehiago izango dute alde banatan. Bestetik, Belate pasealekuan dagoen bizikleta-bidearekin lotuko da zubitik igaroko den bidegorria, eta bizikletek Felipe Gorriti plazara sartzeko nahiz Larramendi auzoan errepidea zeharkatzeko pasabidea izango dute. Izan ere, gaur egun bizikleta-ibilbideak ez baitu jarraipenik inguru horretan, Ibaiondo kalearekiko elkargunean bat-batean eteten baita.

Eragina errepidean

Lehendabizi, zubiko eraldaketa-lanei ekingo zaie. Lehen fasean, abuztuaren 24tik irailaren 7ra arte, zubiaren iparraldeko aldean ariko dira lanean, Belatetik hurbilen dagoen aldean; eta bigarren fasean, irailaren 7tik 30era arte, hegoaldekoan, Felipe Gorrititik hurbilen dagoen aldean. Bitarte horretan guztian, fase batean nahiz bestean, oinezkoak eta ibilgailuak pasa ahal izango dira zubitik, aldi bakoitzean irekita dagoen espaloia edo erreia baliatuta. Hala ere, ibilgailuen kasuan, irekita dagoen erreiak beti norantza bera ahalbidetuko du: herrigunera sartzekoa. Honenbestez, Tolosako herrigunetik Larramendi auzorantz doan bidea itxita egongo da ibilgailuentzat, lanak hasi eta iraila amaitu arte.

Hirugarren fasean, irailaren 30etik urriaren 16ra arte, Trinkete plazako espaloiko lanekin ariko dira. Ondorioz, tarte horretan, oinezkoen espaloia itxita egongo da, eta ibilgailuen joan-etorriari puntualki eragingo diete lanek; aldiro bertan ezarrita dauden jarraibideei egin beharko zaie kasu.

Lanek irauten duten bitartean, Ibaiondo kaleko bi noranzkoei eutsiko zaie, Tolosako herrigunera sartzeko eta ateratzeko. Hala ere, Tolosara ibilgailuz etorri behar dutenei edo herritik atera behar dutenei, ahal den neurrian, gomendatzen zaie saihesteko sarrera hau, lanek izan dezaketen eragina dela eta.

Lanak, estrategikoak Tolosaren mugikortasunean

Arrameleko zubia Tolosako erdigunera sartzeko iparraldetik dagoen sarbiderik garrantzitsuena da. Zentzu horretan, Ander Figueridok, Hirigintza eta Obrak eta Zerbitzuak Saileko zinegotziak, lan horien garrantzia azpimarratu du: «Urte luzez behin-behinean egon dira bertako biribilgunea eta zubirako sarbidea. Obra honekin behin betiko soluzioa emango zaio, eta biribilgunea zabaldu eta segurtasuna handituko da». Halaber, oinezkoen eta bizikleta-bideen hobekuntza ekarriko duela adierazi du Figueridok: «Lan hauek oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna handituko dute nabarmen: alde batetik, espaloia bera zabalduko da, eta bestetik, bizikleta-bidetik bereizita egongo da, bi erabiltzaileentzako espazio propioak ahalbidetuz». 

      

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA