Tolosako Udalak herritarren aurrean aurkeztu ditu etorkizunera begira San Esteban auzoari lotutako asmoak, baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko urratsen xehetasunak ere. Aurrerakin dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa (Ingurumen txostena) osatu ditu lantalde-teknikoak, eta landutako guztia bi hilabetez jendaurrean izango da. Hain zuzen, Zerkausian ikusgai dago informazio guztia jasotzen duen erakusketa, baita udaleko webgunean eta UDATEn ere.
Azken asteotan, herritarrei irekitako bi informazio-saio ere egin dira, eta udal ordezkari eta teknikariek proiektuaren lerro nagusiak azaldu dituzte. Jarraian laburbiltzen da azaldutakoa:
Zer da HAPOa, eta zer proposatzen zuen?
2009an, Tolosako Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) onartu zuen Udalak: udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da, eta udalerri osoko lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautzen ditu. Udalerriko eremu fisikoan zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du. San Estebanen, zehazki 1.011 etxebizitza aurreikusten zituen Planak.
Diagnostiko eta Aurrerakinaren idazketa
2013. urteko parte hartze saioetan bizilagunekin adostutako helburuak eta azken urteetan egindako plan eta azterlanak oinarri hartuta, eremuko aldaketa puntualaren Diagnostiko eta Aurrerakinaren idazketa martxan jarri zuen udalak 2019an. Beste hainbat azterketa ere sartu dira prozesu horretan: ikuspegi sozio-demografikoa, ikuspegi juridikoa, arkitektura-ikuspegia eta ondarea; eta ingurumen-ikuspegia eta eragin sektorialak. 2022an, berriz, San Estebango HAPOren berrikuspenak eta etorkizuneko plangintzak abiapuntu izango dituzten oinarrizko irizpideak finkatu ziren, bai bizigune berriari, baita gaur egungo auzoari dagozkionak ere.
Zeintzuk dira irizpideak?
Etxebizitza kopuruarena da irizpide nagusienetako bat. HAPOak 1.011 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen; aurreko agintaldian, 650era jaitsi zen zifra hori; baina, bizilagunen iritzia entzun eta kontutan hartuta, egungo udal gobernuak kopuru hori 450 etxebizitza ingurura jaistea erabaki zuen. Honako hauek dira gainerako bederatzi irizpideak:
-
Ingurumen harresi berdea: berdeguneak eta horietatik ibilbideak egitea. Horrekin batera, langunearekin trantsizio bat egin nahi da.
-
Elosegi parkera sarbidea: egungoaz gain, beste sarbide bat egitea da asmoa.
-
Egungo auzoa: nagusiki, gaur egungo auzoko etxebizitzak mantentzea.
-
Ferialekua ere leku berean mantentzea, hura behar bezala egokituta.
-
Plaza: gaur egungo auzoa eta etorkizunekoak lotuko dituen hiri plaza baten sorrera, bi eremuak erabat bananduta gera ez daitezen.
-
Aparkaleku berrien sorrera: errepide alboko aparkalekuez gain, solairu bat baina gehiagoko eraikin bat egitea aurreikusten da.
-
Berdegune berriak sortu eta daudenak batzea
-
Erabilera publikoko ekipamenduen sorrera eta erabilera nahasketa: bulegoak, saltokientzako lokalak, zerbitzuak…
-
Trenaren azpiko pasabidea handitzea: trenbideaz bestalde Batxiller Zaldibia kalera daramaten bi pasabide daude, eta horiek batu eta oinezko pasabide seguru bat egokitu ahal izatea da irizpidea. Adibide bat: Donostiako Justizia Jauregiaren eta Tren geltokiaren arteko pasabidea.
Bi antolamendu aukera
Irizpide horiek guztiak kontutan hartuta, ordenazio-aukera bat baino gehiago landu izan ditu lantalde teknikoak. Bizilagunekin egindako parte hartze prozesuaren ostean, bi dira aurrera egin duten aukerak: 3.1 eta 3.2 aukerak.
Bi aukeretan ardatz nagusi bat sortzen da ferialekuari paraleloan, eta aparkaleku eraikin bat antolatzen da ferialekuari jarraian. Plaza espazio bat sortzen da gaur egungo etxebizitzen, Zuberoaren, eta etxebizitza berrien artean, eta behe oinean ekipamendu erabilera ematen zaio gertukoena den etxebizitza eraikinari. Bide historikoa mantentzen da, eta landagunerako trantsizioa errespetatzen da. Gainerakoan, bien arteko alde nagusiena, Bonberenea da.
3.1. aukera: Bonberenea gaur egun dagoen tokian mantentzen da, egungo legedia eta eskakizun teknikoak betetzeko egokituta, eta plaza bat antolatzen da bere inguruan.
3.2. aukera: Bonberenea eraitsi eta musika-areto erabilera duen eraikin berri bat eraikitzea proposatzen da, zirkua dagoen gunearen inguruan. Bonberenea dagoen tokian, etxebizitzak egingo lirateke.
Horrez gain, aukeretako bakoitzak bi bariazio ditu: aukeretako batean, etxebizitza eraikinen altuera guztiak berdinak dira. Bestean hirigunetik gertuago dauden eraikinak altuagoak dira, eta baxuagoak landagunera gerturatu ahala.
Zer dio udal gobernuak?
Saio irekietan Ander Figuerido hirigintza zinegotziak azaldu moduan, batik bat bi irizpidetan jarri du azpimarra udal gobernuak: etxebizitza kopuruan eta Bonberenearen etorkizunean.
Etxebizitza kopuruari dagokionez, eta parte hartze saioetan bizilagunek egindako eskariari erantzunez, 450 ingurura jaitsi da kopurua, herri mailako irizpideak eta bizilagunen eskaerak ahal bezain bateragarri izan zitezen. «Amarotz, Iurramendi, San Cosme eta San Damian… San Estebanekoak gehituta, ia 1.000 etxebizitza berri eraikiko lirateke Tolosan. Horri etxe hutsak gehitu behar zaizkio, 250 inguru. Gutxi gora behera, 2.000-3.000 pertsonaz ari gara hizketan. Tolosak, ordea, ezin du populazioa esponentzialki hazi. Orografia mugatua izateaz gain, zerbitzuak eskaini behar ditugu, eta gure mugak ditugu. Beste eragin batzuk ere sortzen ditu inguruko herrietan: azken urteetan Tolosako biztanleria igo da, eta eskualdeko herri txikietan jaitsi; Tolosan ere gertatzen da fenomeno hori: Alde Zaharra husten ari da, eta berriagoak diren eremuak betetzen. Oreka bat behar dugu. Etxebizitza beharra dago eta, bai, eraiki behar da, baina tamainan, eta herri eta eskualde mailan oreka bat bilatuta. Etxebizitza hutsak merkaturatzeari ere lehentasuna eman behar diogu», azaldu du Figueridok.
Bonbereneari dagokionez, berriz, Figueridok azaldu du udal gobernuak bertan mantentzea jasotzen duen aukeraren alde egingo duela. Era berean, argitu du bi aukera landu direla, Aurrerakin dokumentu batek aukera ezberdinak jaso behar dituelako: «Parte hartze prozesu guztian zehar aldagai hori hor izan da. Dena den, argi utzi nahiko nuke udal gobernuaren apustua dela Bonberenea bertan mantentzea. Bi hamarkada baina gehiagoko ibilbidea du, eta kultur esparruan erreferentzialtasun handia lortu du: topaleku bat ez ezik, disketxea, txaranga… Eskaintza handia ematen dio, Tolosari, Tolosaldeari eta Euskal Herriari».
Iritzia emateko aukera
Aipatutakoaren inguruan ekarpenen bat egin nahi duen orok horretarako aukera izango du: liburu zuria deiturikoa eskura dago UDATEn, eta abenduaren 31 arte egongo da bertan. Kutxa bat ere utzi da, saioetan banatutako inkesta beteta aurkeztu nahi duen edonorentzat.
Hurrengo urratsak
Orain Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Organoari ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria eskatu zaio. Horrez gain, bide ezberdinetatik jasotako iradokizunak txosten batean jaso, eta HAPOren Aldaketa Puntuala idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak osatzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Irizpide eta helburu hauek aurkeztuko dira herritarren parte hartze prozesuaren hirugarren fasean eta ondoren udalbatzak onartu beharko ditu.